Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
Hamabost astetik behin, ataria garbitzea egokitzen zait. Batzuetan, gauez eta isiltasunean egiten dut, baina, beste batzuetan, azken aldian bezala, goizetik eta irratia lagun. Tertulian ari ziren Nagua Alba, Martxelo Otamendi eta Josune Ariztondo eta gaietako bat ziren egunkarien salmentak. Paperaren etorkizunari buruz ari zirela bota zuen Naguak berak ez duela paperezko egunkari bat sekula santa erosi. Gazte samarra zela banekien eta ez ninduen gehiegi harritu. 1990ean jaioa da. Une batez fregona utzi eta mugikorrean begiratu nuelako dakit hori. Urte inguru horietan kokatzen nuen, hala ere.
Esan dut Albarenak ez ninduela gehiegi harritu, baina politikaria izan da eta nabari zaio pertsona jantzia dela. Garai batean, egunero paperezko sei egunkari irakurtzen imajinatuko genukeen. Bistakoa da, gaur egun, ez dela horrelakorik behar.
Paperezko egunkariak erosten ditugun gazteenak zein ote gara? Nire atarian bada Goierriko Hitza jasotzen duen ni baino gazteago bat. 1978koa esango nuke dela. Ondorioztatu dut berrogeitik beherako gutxik erosiko dutela egunkaria paperean. Kiosko bateko saltzaileari entzun nion esaten paperezko Diario Vasco Berria baino lehenago desagertuko dela. Hark bazituen bere kalkuluak. Euskararen kontsumitzaileak gutxiago baino fidelagoak direla esaten zuen.
Gauez garbitzen dudanean ez dut zoruan ezer jartzen, baina goiza izanik, bezperako Goierriko Hitza eta Berria neuzkan prest. Hori da neurri justua: astearteko Berria bat eta Goierriko Hitza bat. Asteguneko Berria bat gutxiegi da eta bi gehiegi. Atetik eskaileretarainoko bidea egin nuen lehendabizi eta, ondoren, Goierriko Hitzaren bi orrialdeak erabili nituen igogailura arteko bidegurutzea eraikitzeko. Neure artean pentsatu nuen Naguak, nahitaez, gauez garbituko duela ataria.