Duela laurehun urte, herriek gerrarako prest egoteko betebeharra edukitzen zuten. Erregeek hasitako gatazkak herritarrek hornitu behar izaten zituzten, arlo guzietan. Batetik, soldadu joan behar izaten zuten herritar soilek. Nekazariak ziren gehien-gehienak; ofizioren bat zuten gutxi batzuek, eta bazegoen militar karrerako bakanen bat ere garai hartako Goierrin. Bestetik, gerrarako beharrezko armak eta munizioa euren bizkar zegoen, eta horiek ere prest eduki behar izaten ziren: norberak bere armak, eta udalerriak munizioa biltegietan erreserban gordetzen zituzten: polbora, beruna eta soka («cuerda» deitzen zioten agiri zaharretan).
Bai borrokarako soldadugaiak, bai munizioa egoera onean eta prest zeudela ziurtatzeko, noizbehinka arma ikuskapenak egiten ziren. Horrelako errebista bat gauzatu zuten 1636ko martxoan. Urretxuko udal artxibo historikoan dagoen 21 orrialdeko dokumentu batean xehetasun ugari irakur daitezke.
Gipuzkoako Probintziak Domingo Zubimendi Nekolalde kapitaina izendatu zuen sarjentu nagusi herrietara joateko, tropak errebisatzeko, armak eta munizioak ikuskatzeko, eta, beharrik ikusten bazuen, munizio gehiago eros zezaten agintzeko. Honako herrietan eta egunetan pasatu zituen errebistak, 1636an: Zumarragan (martxoak 23), Areriako alkatetza nagusian (martxoak 25), Ormaiztegin (martxoak 25), Zegaman (martxoak 27), Beasainen (martxoak 28), eta Lazkao eta Olaberria batera (martxoak 28).
Aurrez, herri bakoitzean deia egin zieten herritarrei, armekin aurkezteko. «Hijosdalgo» edo oinetxe bakoitzeko kapareak ziren gerrara joatera derrigortuak, gizonezkoak denak. Adin txikiko baten berri baden arren, denak helduak. Herri bakoitzeko alkatea lagun hartuta –hura ere tropako kide zen–, Zubimendik tropa ikuskatu zuen lehenbizi.
Arkabuza, arma ohikoena
Zumarragan 63 gizon bildu ziren (izen eta abizen zerrendatu zituen denak, herri guztietan, Asencio de Matxin eskribauak), eta Tomas de Plazaola zen alkatea. Areriako ikuskapenera 145 gizon joan ziren, Alegiako plazara (Gabiria); alkate nagusia Martin de Legorburu zen, Gabiriari zegokion txandatik; Areriako herriak Gabiria (59 infante), Ezkio (41), Itsaso (33) eta Arriaran (12) ziren. Ormaiztegin 30 soldadu, Beasainen 40, Lazkaon eta Olaberrian bietakoak 53, eta Zegaman 94 lerratu ziren.
Gehienek arkabuza zeukaten armatzat. Ofizialek (alkateak eta erregidoreak) pikak, jinetak, murrioiak eta rodelak ere bazituzten, eta karrerako militarrek (Zegaman alferez eta sarjentu bana aipatzen dira), «eurei dagozkien armak». Herriaren bandera zuen konpainia bakoitzak ikurtzat.
Gai militarrez aparte, interesgarria da herritarren abizenei erreparatzea, duela 400 urte zein baserritatik joan ziren ikus baitaiteke, oinetxeak ematen zuelako deitura.