Delikatuz Zentroa Ordiziako Barretxe etxean dago, historia handiko eraikina, bertan Erdi Aroko hiribildua inguratzen zuen harresiaren zati bat baitago. Baina ba al dakizu etxe honetako azken bizilaguna Domingo Unanue arkitekto handia izan zela?
Domingo Unanue Saez de Asteasu Ordizian jaio zen, 1901eko abuztuaren 4an. Lehenbiziko eskolak Ordizian bertan hartu zituen baina nerabezaroan Urduñako (Bizkai) Jesuiten Nuestra Señora de la Antigua ikastetxean ikasi zuen. Badirudi, ikasle ona izan zela, batez ere zientzia alorreko irakasgaietan. Gasteizen atera zuen batxilergo titulua, eta ondoren Madrilera abiatu zen bertako Arkitektura Goi Eskolan ikasteko.
1930ean Natividad Aizpuruarekin ezkondu zen, Santa Maria kaleko Barretxe etxeko alabarekin, eta bertan bizi izan zen ordutik. Barretxeko bigarren solairuan egokitu zuen bere estudioa eta Ordizian lan egingo zuen batik bat, bere lanik gehiena bertan kokatzen delako.
Ordizian lan egin zuen, baina baita Ordiziarentzat ere, udalaren aholkulari izan baitzen sarritan. Emaztea eta amaginarreba hiltzean, eta baita bere aita ere, bere arreba Visitacion Barretxera joan zen Domingorekin bizitzera, 1956 inguruan.
Unanueren lanak
Domingo Unanueren lanik garrantzitsuena Ordiziako Herri Antzokia da, baina beste batzuk nabarmendu daitezke:
- Txokolateria. 1930ean.
- Modelo karrozeria. 1933an.
- Iriarte ‘letxeria’. San Juan auzoan, 1935ean.
- Crehuet etxebizitza-lantegia. 1937-1954 bitartean.
- Aita Urdaneta Etxaldea. 1946-1947 bitartean.
- Mediku etxea. 1955ean.