Errumanian jaioa, duela 17 urte iritsi zen Zaldibiara Felicia Toma. Bertako errealitatea ulertzea «kosta» egin zaiola aitortu du. Zaldibiako eskolan abiatu duten bizikidetza proiektuko sustatzaileetako bat izan da.
Errumaniako iparraldean, Maramures izeneko herrian jaio zen Felicia Toma. Jaio ondoren, Arad izeneko beste herri batera joan ziren bizitzera. Bertan hazi zen Toma, familia handi baten erdian, hamabi anai-arreba baitira, munduan zehar sakabanatuta daudenak, eta han egin zituen ikasketak.
Duela 18 urte etorri zen lehenengoz Euskal Herrira. Oporretako bidaia batean izan zen. Beasainen bizi ziren senitarteko batzuk, eta haiek bisitatzeko aitzakian, Euskal Herriko txoko desberdinak ezagutu zituen. «Beasain, Donostia, Zumarraga… Ikaragarri gustatu zitzaidan ikusi nuena. Nire jaioterriaren antza zuen paisaiak; mendiak eta itsasoa bertatik bertara, berdetasuna, klima ere antzekoa… Hainbeste gustatu zitzaidan, senarra eta biok ere Euskal Herrira bizitzera etortzea erabaki genuela», gogoratu du Tomak. Senarra etorri zen lehenik. «Segituan egin zen, segituan lortu zuen lana». Tomak, baina, Errumanian hasitako ikasketak bukatu nahi zituela, eta urtebete beranduago, 2007an etorri zen Euskal Herrira bizitzera. «Pozez nentorren».
Lehen aldiz etorri zenean, ez zuen Euskal Herriko testuinguruaren ideiarik ere. «Errumanian bezala zelakoan, uste nuen, hemen, denek hizkuntza bera, kasu honetan gaztelera, hitz egiten zutela. Gainontzean ere oso estandarra zela uste nuen, eta ez nekien hain errotuta zegoen nortasun propioa zegoenik», aitortu du.
Beasainen denbora labur batean bizi ondoren, Zaldibian asentatu ziren. Beasainera iritsi zenean konturatu zen gazteleraz gain beste hizkuntza bat ere hitz egiten zela. Une hartan, euskal kulturak eta euskarak ezustekoan hartu zituen. «Momentuan ez nion aparteko garrantzirik eman, baina poliki-poliki konturatu nintzen euskarak duen presentziaz, batez ere, Zaldibia bezalako arnasgune batean», nabarmendu du.
Beasainen bizi eta lan egin zuen bitartean, hizkuntza ez zuen oztopo sentitu. «Bizilagunekin topo egiterakoan gazteleraz agurtzen nituen, eta haiek ere gazteleraz erantzuten zidaten. Ile apaindegi batean hasi nintzen lanean, eta han ere, hizkuntza ez zen arazo bat izan».
Zaldibiara bizitzera joan zenean baina, beste errealitate bat ezagutu zuen. «Ordurarte gertatu ez zitzaidan zerbait gertatzen hasi zitzaidan. Kalean norbaitekin gurutzatzean, nik betiko moduan, gazteleraz agurtu, eta euskaraz erantzuten zidaten. Nik ez nuen tutik ulertzen, eta arraroa egiten zitzaidan, deseroso xamarra ere bazen batzutan. Zeharo harrituta geratzen nintzen», oroitu du.
Beasaingo lana utzi eta Zaldibian hasi zen lanean, ile apaindegi batean hemen ere. «Aldaketa handia nabaritu nuen, ez lanagatik, euskaragatik. Bai nagusiek, bai bezeroek, denek egiten zuten euskaraz. Nik errespetatzen nuen, noski! Baina egoera berezi xamarra zen niretzat. Nik hitz bat ere ez nuen egiten euskaraz, agurra egiteko akaso, baina hortik aurrera, gutxi asko».
Garai hori «gogorra» izan zela dio Tomak. «Jendea konturatzen zenean ez nekiela euskaraz, esaten zidaten, euskara ikasi beharko nuela. Eraso bezala ere jaso nuen, gogorra zen niretzat, inork ez baitzidan ezer gehiago azaltzen. Nire baitan esaten nuen, ‘zergatik? Gazteleraz hitz egiten baldin badakite, zergatik ez gara gazteleraz komunikatzen? Ez nuen ulertzen».
Hasiera zaila izan zen. «Ideia guztiz desberdina nuen, eta hori aldatzea kosta egiten da, ustekabeko zerbaiti aurre egiten diozulako. Oso arraroa iruditzen zitzaidan gazteleraz gain, beste hizkuntza bat hitz egitea eta zuentzat hizkuntza hori mantentzea hain garrantzitsua izatea. Gero konturatu nintzen testuinguru historiko baten parte dela, identitate baten parte. Eta sentimendu hori oso garrantzitsua dela gizarte bat eraikitzeko, oso sentimendu barneratua eta bizia dela, eta hori guztia kontserbatzeak duen garrantziaz», azaldu du.
Eskola, inflexio puntua
Ama izan zenean, Zaldibiako Lardizabal eskolan matrikulatu zituen haurrak. «Eskolako lehenengo bilerara joan nintzenean, den-dena euskaraz komunikatzen zuten, inork ez zuen itzulpenik egiten. Nik ez nuen guztiz ondo ikusten. Guraso bezala, eskubidea dut zer kontatzen duten jakiteko». Gogoratzen du, bileretan etorkin bakarra zela. «Gainontzeko gurasoek, bileretan parte hartzeari utzi zioten, ez zutelako tutik ulertzen».
Horrek ezin zuela horrela jarraitu sinetsita, zuzendariarena jo zuen, irtenbide eske. «Erantzun zidan eskola komunitateak hartutako erabakia zela euskara hutsean hitz egitea». Egoera horretan, giroa gaiztotzen joan zen.
Soluzio baten bila prozesu luze bat abiatu zuten. Pixkana-pixkana, betiko egiteko moduak egokitzen joan dira, bizikidetzaren alde, eta euskaraz. Adibidez, eskolan, gurasoekin egiten diren bileretan, gaztelerara jo beharrean edo bilera bat baino gehiago egin beharrean, «aldi bereko itzulpena egiten da, euskaraz ez dakitenentzako». Telefono mugikorra erabiltzen dute horretarako. Horrek ahalbidetzen du, bilerak euskara hutsean egitea, baina euskara ez dakienak ere parte hartu ahal izatea. Gurasoei euskara ikasteko erraztasunak ere eman zizkieten.
«Oso aberasgarria izan da, denontzat. Elkar ezagutzeko eta ulertzeko aukera eman digu. Euskara ikasten ere hasi nintzen, oraindik hitz egitea kosta egiten zait, baina ahalegintzen naiz».
- 1.731 biztanle daude erroldatuta Zaldibidan, eta Gipuzkoako jatorria dutenak dira gehienak.
- 298 atzerritarrak dira. Biztanle guztien %17,2 dira. Hainbat jatorritakoak dira.
- 134 Ekialdeko Europakoak dira multzo handiena. Magrebeko herrialdetakoak dira hurrengoak, 68.