Joxe Mari Telleria • Idiazabal
Hiru «izaldar» dira argazki honetan azaltzen direnak: Pedro Aseginolaza Pedro Lopatei, eta Rikardo eta Bittoriano Telleria anaiak. Haien atzean hiru eraikin ikus daitezke: etxe bat eta bi eraikin txikiago, etxeorde edo txabola modukoak.
Etxea Naparraenea taberna zen. Argazkiaren atzealdean ikusten diren eraikinekin jarraituz, erdian dagoena Pedro Lopatei igeltseroaren almazen edo biltegia da. Bertan igeltseritza lanetarako behar zituen porlan eta igeltsu zakuak, nahiz lanetako tresnak gordetzen zituen.
Ezkerreko eraikina, berriz, Telleria anaien kamioia gordetzeko garajea zen. Aurrena Federal markako kamioi gorria, eta, gero, Barreiros markakoa erabiltzen zuten. Argazkian azaltzen diren bi anaiak ibiltzen ziren txofer hasieran, eta, gerora, Anjel, Rikardoren semea, ibili zen urte askoan gidari.
Nafarroara
Batzuetan Nafarroako Murtxante eta Tafallara bidaiatu izan zuten, seiehun eta hogeita hamar litroko zortzi barrika gainean zituztela, egur gainean eta sokaz ondo lotuta. Gurpildun itsasontzi bat izango balitz bezala… Hori zen umetako nire irudia, behintzat.
Beste batzuetan, lastoa garraiatzen zuten Nafarroako Artaxonatik. Garai hartako bideak eta ibilgailuak nolakoak ziren kontuan izanda, ez ziren bidaia motzak izango!