Maitane Ormazabalek (Zumarraga, 1983) nerabeek pairatzen dituzten buru osasun arazoen inguruko liburua idatzi du, Telmo Lazkano sare sozialetan eta pantailetan adituarekin batera. Ormazabal eta Lazkano Gazte eta Haurren Ministerioaren ingurune digital seguruak sortzeko adituen batzordean lanean ari dira.
Ze ikasketa egin dituzu?
Gizarte Integrazioa goi mailako zikloa egin nuen eta ondoren Gautenan lan egin nuen. Bi urte eman nituen bertan. Ondoren, Urretxu-Zumarraga ikastolan heziketa berezian hasi nintzen. Gustatu egin zitzaidan eta Heziketa Bereziko irakasle-ikasketak egin nituen. Hezkuntzak oso marko itxia duela iruditu zitzaidan eta master bat egin nuen terapeuta bezala lan egiteko. Ondoren coach bezala formatu nintzen eta egun Psikologia Klinikoko gradu amaierako lana egiten ari naiz.
Hezkuntza da zure mundua.
Pertsona, esango nuke. Gizarte Integrazioa ikasi behar nuela oso argi nuen, baina gero heziketa bereziarekiko grina piztu zitzaidan: banaka, gela txikiagoak, pertsonengandik gertuago… Hor beste muga bat ikusi nuen eta ondoren beste ikasketa batzuk egin ditut. Hezkuntza dinosauro handi bat da oraindik eta marko horretan ez da erraza jendeari laguntzea. Irakasleen lana ez da batere erraza. Hori dela eta, hortik ateratzea erabaki nuen. Dena den, oraindik ikastetxeekin lanean jarraitzen dut. Hitzaldiak ematen ditut, Hezkuntzarekin proiektu bat dut… Baina harremana ez da lehengoa: lehen irakasle bezala zen eta egun terapeuta bezala, osasun mental eta emozionaletik.
Nola ikusten duzu gizartea?
Aldaketa garai batean gaude. Byung-Chul Han filosofo korearraren La sociedad del cansancio liburua asko gustatzen zait. Diziplinaren gizartetik errendimenduaren gizartera pasa garela dio. Dena berehala egin behar da, egiteari garrantzi handia ematen zaio, egiten dugun hori gara… Hori guztia min handia egiten ari da. Gauza askotan gizarte irekiagoa dirudi, baina inoiz baino patroi gogorragoak ditugu. Lehengoak markatuak zeuden eta oraingoak inplizituak dira. Airean daude: inork ez ditu ikusten, baina denok sentitzen ditugu. Lehen diktadore asko behar genituen gizarte bat kontrolatzeko, orain diktadore hori gure barruan sartu da. Barne gatazka handi bat dugu. Gizartea aldatzen ari da, krisi garai batean gaude (estamentu guztietan) eta horrek gure barruan krisia sortzen du. Bizitzeko modu honek ez digu onik egin.
Zertan eragiten die gazteei?
Aipatu dudan horren guztiaren adierazleetako bat gazteak dira. Hezkuntza munduan lan egin dugun guztiok gazteak beste mugimendu emozional batekin zetozela ikusi dugu, baina ez diegu kasu egin. Gizarte hau ez dagoela ondo, beraiek ez daudela ondo eta gauzak aldatu behar direla da beraien mezua. Gazteak inoiz baino mugituagoak daude. Liburuan galdera bat egin dugu: «zer ari da egiten gure gizartea gure gazteak horrela egoteko?». Gazteak egiten ari garenaren ondorioa dira. Nahasita daude, baina gure zauriak, gure alde hauskorra, gure minak, hain ona ez den hori… aterako duen lehen belaunaldia da. Guk ezkutatu egin dugun hori. Erronka polita da, baina garai gogorra tokatu zaie. Lehen bazenekien lan eginda etxea izango zenuela. Orain ez dugu ziurtasun hori. Gazteei ez dutela ezer egiten leporatu diegu, ni-ni-ak direla… Ez, beste mugimendu batean daude. Balore ezberdinekin datoz. Guk markatutako ideal horren aurka. Ideal horrek hil egiten gaituela konturatu dira. Une txarra da nerabea izateko, inoiz baino zailagoa, baina gure alde hauskorra ezkutatzeari uzteko aukera polita da. Gure garaian gazteek ez zuten terapia behar zutela aitortzen.
Non lan egiten duzu?
Kontsulta pribatua dut autoezagutzan ibilbidea egin nahi duten pertsonentzako, liburuaren eskutik formazio saioak ematen ari gara, Biba zuek!-en difusio lana egiten ari naiz eta Telmo eta bioi Gazte eta Haurren ministeriotik deitu digute, ingurune digital seguruak sortzeko adituen batzordean lan egiteko.
Nola sortu zen telebistan lan egiteko aukera?
Ataun Irratian kolaborazioa egiten nuen, entzun egin ninduten eta casting baterako deitu zidaten. Astean bitan joaten naiz. Asteazkenetan Korapiloak atala aurkezten dut. Osasun mental eta emozionalari buruz da eta beti testigantzaren bat izaten dugu. Ostiraletan Bidelagun egiten dugu. Gai guztiei puntutxo psikologikoa ematen diegu. Biba zuek! saioan bertara doazenak dira protagonistak eta ez aurkezleak. Hori asko gustatzen zait. Gonbidatuak ahalik eta modurik atseginenean hartzen saiatzen gara, ireki daitezen. Niretzat, Biba zuek! amets bat betetzea izan da. Telebistan horri guztiari buruz hitz egiteko aukera izatea sekulakoa da. Izan ere, gogor borrokatu behar izan dut jendea emozioen garrantziaz jabetu zedin. Zorotzat hartzen ninduten eta gauzak konplikatzen ari nintzela uste zuten. Gainera, telebistari esker jende asko ezagutu dut, lan taldea zoragarria da…
Zer diozu Espainiako Gobernuarentzat egiten ari zareten lanari buruz?
Dagoeneko lehen bilera egin dugu eta parte hartzaile guztiok diagnostiko bana bidali behar dugu. Datorren sei hilabeteetan hilean bitan elkartuko gara, Madrilen. Helburua, gure lana oinarritzat hartuta, gazteak eta nerabeak babestuko dituzten legeak egitea da. Beraien osasun digitala bermatu nahi da.