Aitor Calvillo Zurutuza • Ordizia
‘1+1 = 11. Zu eta ni euskaraz’. Hala zioen 1999ko martxoaren 19tik 28ra bitartean Iruñetik Donostiara Euskal Herri osoa zeharkatuz egin zen 11. Korrikaren leloak.
Harrezkero 25 urte pasa dira eta hasierako helburuak mantenduz hor darraite AEK-koek bi urtez behin lasterketa erraldoia antolatuz. Bihar, martxoak 23, pasako da berriro ere gure eskualdetik eta hutsik egin gabe hor izango naiz ni ere. Tira, oraingoan rola aldatuta, 24 urtez AEKn aritu ondoren beste zeregin batzuetan bainabil orain (txotxxxxxx!).
Antolaketa lanak alde batera utzi eta soilik disfrutatzeko momentua izango dut bihar. Ez dakit Ordiziako zein lekutan sartuko naizen tropelera, ezta nondik nora joango naizen, baina ziur hunkituta sentituko naizela eta zirraraz beteta, beti bezala.
Hainbat Korrikatan herriko zenbait elkarteren izenean lekukoa eramatea egokitu zait, lekuko eramaileak euren tokietan zain daudela behatzea, Euskal Herria kaleko piboteak kendu eta jartzea, txokolatea banatzea, pintxoak ematea, Ertzainei ibilbidea erakutsi behar izatea, petoak banatzea… baina hala ere, beti topatu izan dut tarteren bat korrika egiteko (tira, batzuetan ttipi-ttapa oinez ere tokatu izan zait).
Argazki asko neuzkan aukeran baina gaur hauxe ekartzea erabaki dut. 27 urte nituen orduan eta gogoan dut Ordizian lekukoa eraman ondoren pankarta atzean jarri eta Legorreta arteko bidea egin nuela horrela. Hor nituen ondoan besteak beste Joanes Aierbe, Eñaut Hernandez eta Adur Ezenarro. Kilometro pila egindakoak hauek ere, Korrikaro hor ikusi izan baititut zintzo-zintzo. Txemi Arteaga, Jon Aranburu… Goierri osoa txirrinduz ala korrika egiten duten horietakoak dira. Eta aipatu gabe beste honelako asko badira.
Izan ere, Korrikak duen xarmetako bat horixe da, bakoitzak aukeratzen duela nola gozatu eta lagundu euskararen aldeko lasterketa erraldoian. Batzuk ikusle txaloa joz, beste batzuk 100 metro eginez, beste batzuk herri osoa eta aipatu bezala baita eskualde osoa egiten dutenak ere, arropa erosiz, korrika laguntzaile izanez, korrika lagun, kilometroa erosiz… Harro Herri honela dio 24. Korrikako aurtengo leloak. Eta ni ere euskal herritar gisa harro sentitzeko moduan berriro ere. Ziur bihar ere ozen esango dudala Goierrin ere euskararen alde.