Udaberriarekin batera gero eta jai gehiago datoz eta aurten ere, Olaberriko Gazte Taldeak II. Gazte Festak antolatu ditu martxoaren 22tik 24ra, hau da, gaurtik igandera bitartean.
Aurreko urtean izan zuten lehen edizioa eta antolakuntzan «lan handia hartu zuten, baina aurtengoan iazko pausoak jarraituz aise egin dituzte prestaketa guztiak» eta gaurkoan jaiari hasiera emateko «prest» daude.
Horrez gain, aurtengo Gazte Festak «bereziak» izango dira Olaberriko gazteentzat, izan ere, Korrika pasatzen da larunbat goizean eta Harro Herri lemapean Irundik Baionara bidean etorriko den Korrikari «harrera egingo diote».
Ostiralean, triki-poteoa eta bertso afaria izango dituzte, eta bertsotan, gainera, herritarra duten Mikel Etxezarreta arituko da. Bertso afariaren ondoren trikiti hotsak jarraituko du festa.
Larunbatean Korrika
Larunbat goizean, «aurtengo berezitasunarekin» emango diote hasiera. Guztiak Korrikara joango dira eta ondoren, pintxo-pote herrikoia egingo dute. Arratsaldera bitartean «atsedenerako» tartea izango dute, baina 18:30ean txosna ireki eta «jaia jarraitzeko prest» izango dira. Sagardo dastaketa eta Elektrokela Txaranga izango dituzte eta gauean kontzertuak. Kontzertuei dagokienean iaz ere bertan izan zen Trikidantz taldea ekarri dute, iaz jendeak bertan «ondo» pasa zuela eta. Ondoren, orain «moda-modan» dagoen talde bat izango da: Raimundo el Canastero, eta rumba doinuekin jendea «dantzan jarriko dute».
Igandean, berriz, txosna desmuntatzeko tartea hartuko dute, muntaketaren eta egun bikainak pasa ondoren «ondo jaso» behar baita guztia baita ere.
Joan den urtean jende asko izan zen Olaberriko Gazte Festetan eta aurten ere «hala izatea» espero da.