Tamalez, epe laburreko etekin gosearen eta lege malguegien ondorioz betiko natura eta kultura-paisaia ziztu bizian suntsitzen ari gara azken urteetan. Oso merke ateratzen da, gainera, ez baita kontuan hartzen hondatzen dena lehengoratzeak izango lukeen kostua. Era horretan, oraingo gizartearen bizi-kalitatea hobetzeko aitzakian, etorkizuneko belaunaldien ingurugiroa baldintzatzen ari gara. Okerrena da, ez duela amaitzeko itxurarik. Bada, suntsitutako paisaiaren adibide esanguratsua da Olaberria eta Idiazabal udalerrien artean zabaltzen den Ihurre auzoa, fabrika handiak, zabortegiak, asfaltoak, eta porlanak inguratutako paisaia gris eta kutsatua.
Bestelako itxura zuen duela 70 urte eskas, 1954ko ortofoto nostalgikoa ikusten badugu. Nekazari giroko paisaia nagusi, bere soro, larre eta mendiekin. Zutik ikusten da mendeetan zehar inguruari izaera berezia eman zion burdinola-errota, bere presa, ubide eta guzti. Ondoan ditu, zubia igarota, beste bi etxe. Carrefour hipermerkatuaren parean zegoen, gutxi gorabehera, ibaiaren beste aldean. Gaur egun, Ihurregaraikoa etxea besterik ez da geratzen, lantegi eta errepide artean harrapatuta.
Hizkuntza kontuetara salto eginez, goierritarrok Ihurre izena inguru horrekin lotzen badugu ere (auzoarekin eta gasolindegiarekin, batez ere), esan beharra dago ez dela izen guztiz originala. Badira gehiago Euskal Herrian, Burundan esaterako, oso urrutira joan gabe, Arakil ibaiaren ondoan. Eta urrunduz gero, Gasteizen dago Ihurre kontzejua, aireportuaren ondoan; Bizkaian, Igorre herria (dokumentazio zaharrean Yurre), Iurreta herria eta Amorotoko Iurre baserria. Jatorri berberekoa dirudi Zumarragako Iburreta etxaldearen izena (XIV. mendean Uyurreta) Eta seguru gehiago ere izango direla. Esan liteke, gainera, guztiek badutela komunean ezaugarri bat: ur-ibilgu baten ondoan dagoen lekuren bat izendatzen dutela edo, akaso, ezaugarri jakin batzuk dituen ur-ibilgua bera jatorrian.
Ibaiaren bihurguneak
Olaberriko Ihurregaraikoa baserritik Idiazabal aldera, Oria ibaiak bihurguneak egiten ditu, Burundako eta Amorotoko Iurre lekuetan gertatzen den bezala. Iurretan eta Igorren ere badira ur-bihurguneak, baina izen horiekin eremu zabalak izendatzen direnez, ezin jakin zerikusirik dutenik. Esan liteke ezaugarri horrek, edo besteren batek, sortu dituela antzeko izenak han eta hemen. Hori dela eta, nire proposamena hauxe da. Ez ote dago ‘ur-bihur’ Ihurre izenaren atzean, kontuan izanda antzina ‘ur’ terminoa erabiltzen zela ibaia, erreka edo ur-ibilgua adierazteko? Hortxe ditugu Ugalde leku-izenak Legazpin, Mutiloan, Ataunen, Gabirian, Amezketan, Ezkion… akaso ‘ibaia’ adierazten zutenak garai batean, gaur egun, Sakanan egiten den bezala.