Gidatzerakoan jasotzen den informazioaren %90a ikusmenaren bidez iristen zaigu. Gidatzen ari garenean hartzen ditugun erabakiek, gure ikusmenarekin lotura zuzena dute. Miopia, hipermetropia, astigmatismoa eta/edo presbizia bezalako arazoek gure ikusmen-gaitasunak gutxitzen dituzte, gidatzerakoan eta gure segurtasunean eragin handia izango dutelarik.
Honez gain, behar bezala gidatzen dela ziurtatzeko, beste urritasun batzuk ere kontuan hartu behar dira; hala nola, begietako patologia kronikoak, ikuseremuan arazoak, nekea edo argi intentsitatearen aldaketetara egokitzeko zailtasunak.
Gaur egun, DGTren araudiaren arabera, pertsona batek ikusmen-zorroztasun binokularra gutxienez 0.5 badu, gidatzeko gai da, betaurrekoak edo lentilak erabili edo ez. Gidari profesionalen kasuan, 0,8koa da.
Ibilgailuan ordezko betaurreko pare bat eramatea derrigorrezkoa ez den arren, oso gomendagarria da, eta zentzuzko erabakia litzateke, legez betebeharra den edo ez kontuan hartu gabe.
Betaurreko edo lentilak behar dituzten gidariek, jantzita eraman beharko dituzte gidatzen doazen bitartean. Ez erabiltzeak, norberaren eta errepidean zirkulatzen duten gainerako gidarien segurtasun-falta eragiten du.
Tamalez, gidarien % 46ak ez du ikusmena urtero berrikusten. Jarduteko modu honek, gure ikusmenean gerta daitezkeen aldaketetan kontrol falta eragiten du eta ondorioz, bide-segurtasunari zuzenki eragiten dio. Sarritan, berrikuspena egiteko, baimena berritzeko data hurbil egon arte itxaroten dugu, baina, urtean behin azterketa bat egitea komeni da, gure ikusmen-gaitasunak egokiak direla egiaztatzeko.
Gidatzerakoan ondo ikusi ahal izateko, funtsezkoak dira:
- Ikusi eta ikusia izatea: Behar izanez gero, korrekzio optikoa jantzita eramanez. Arazoak eragin ditzaketen argitasun baldintzak kontrolatu (gauez gidatzea…).
- Itsualditik babestea: Kalitate baldintza guztiak betetzen dituzten eta pertsona bakoitzaren beharretara egokituta dauden eguzkitako betaurrekoekin.
- Ikuseremua kontrolatzea: Abiadurak, inguratzen gaituenaren pertzepzioari eragiten dio. Beraz, gure ikuseremuaren egoera kontuan hartzea komeni da.
Optiko-optometristok proba guztiak egin, kasu bakoitzean aholku egokiak eman eta konponbide zehatzenak eskaini ditzakegu, ikusmen eroso eta garbia lortzeko.