Joseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea
Gaur, martxoak 22, Uraren Nazioarteko Eguna. Hilabete honetan, ingurumenarekin zerikusia duten beste hiru egun ere baditugu: martxoaren 3an Naturaren Eguna, 21ean Basoen Nazioartekoa eta 23an Meteorologiarena.
Honen harira, gure ikastetxeko zenbait taldek ikas egoera berri bati ekin diote, Mundua 2070ean. Zulora goaz lemapean, 2002an Crónica de los tiempos aldizkarian argitaratutako 2070ean idatzitako gutuna oinarri hartuta. Gutun horretan, 85ekoa dirudien 50 urteko aita batek, aldaketa klimatikoak eragindako ondorio lazgarrien berri eman dio bere alabari.
Besteak beste, urik eta oxigenorik gabeko mundu bat deskribatzen da. Ura agorturik ibai, aintzira eta lurpean. Dagoen apurra, berriz, jabetza pribatukoa edo kutsatua. Basamortuz osatutako paisaiez inguratutako lurraldeak. Enpresa nagusienak gatzgabetze lanetan aritzen direnak eta langileei euren lana ur edangarriarekin ordaintzen dietenak. Horretaz gain, landaretzarik ezak oxigenoa gutxitzea ekarri du. Eguzki energiaren bidez birika mekaniko erraldoiek sortzen dute oxigeno hori. Kalitate txarrekoa eta ordaindua, gobernuak arnastutako airea kobratzen hasi baitira. Horren guztiaren ondorioz, azaleko gaitzak zein urdail-hesteetako nahiz arnas aparatuko arazoek eraginda, biztanleria berehala zahartzen, bizi-itxaropena jaisten eta belaunaldi berrien inteligentzia-kozientea txikiagotzen ari da…
Geurean eta orain, aldaketa klimatikoaren ebidentziak gero eta argiagoak ditugu: otsaila bezalako hilabetean gure mendi garaienak elurrik gabe ikustea, distantzia geografiko eskasera dauden Katalunia bezalako lurraldeak sasoi honetan lehorteak jota egotea, uraren tenpeaturaren igoera dela eta, Kantauri nahiz Mediterraneo itsasoetako espezie batzuk desagertzea edo leku beroagoetakoen agerpena gero eta arruntagoa izatea…
Zulora joatea ekiditeko gure ikasleen proposamenak, hurrengo batean.