– Halakoxea nahi diat! – esan zion ile-apaintzaileari, Otto Von Bismarcken argazkia hatzaz seinalatuz. Hilabeteak zeramatzan gustuko bibotearen eredu baten bila, eta ehiza-elkartean izaten zituzten National Geographic horietako batean ikusi zuenean, begiz jo zuen kantzilerraren mustatxa. Lagunek ez zuten serio hartzen, baina bera tematu egin zen, sudurpeko lodi hark itzelezko itxura emango ziola konbentzituta, eta ederki geratuko zen hauteskunde kanpainako kartel berrian.
Bizargina saiatu zen, beraz, gizonaren nahia asetzen: aldizkaritik eskuz moztutako irudia parean, zintzo errepikatu zuen, edo hala iruditu zitzaion, behintzat, bezeroari. Harro eta xut irten zen lokaletik, eta goiz hartan ordura arte ez bezalako zera bat sentitu zuen, bat-bateko botere bat izango balu bezala. Okinak harriduraz eman zion eguneroko ogia; andereñoaren eskutik ilaran zihoan haur taldeak miraz begiratu zuen, eta merkatuan zebiltzan atsoek komentarioak egin zituzten, begirada bibotetik kendu gabe. «Lortu duk, Tomas, lortu duk!», esan zuen bere baitarako.
Kafetegian sartu, eta Kosme gerturatu zitzaion. Irrikaz zegoen auzokoak zer esango.
– Hara, Tomas! Ze demontre egin duk sudurrean? Zera ematen duk, sukaldaria, donostiarra, nola zuan?
Tomasi begitartea zurrundu zitzaion.
– Subijana! Hori duk, Subijana!
– Ze arraio ari haiz esaten! Bibote honek ez dik zer ikusirik Subijanarenarekin!
– Identikoa dek eta, motel!
Aparrez lepo betetako kafesnea tragoz edan, txanponak barran gogo txarrez utzi, eta purrustaka alde egin zuen, goiz hartan eraikitako itxura gotorra deseginda eta lur jota. Asaldatu egin zuen komentario hark, antzekotasunik batere ez baitzuen ikusten bibote baten eta bestearen artean, eta iraintzat hartu zuen konparazioa.
Marmarrean jarraitu zuen kalean behera.
Lehengo harridura, miresmena eta esamesak irauliak ziren ordurako: okindegi paretik pasatzean, okina antzeman zuen croissant batez bibote itxurak eginez bezeroak dibertitzen; haurrek keinuka agurtzen zuten ondotik pasatzean, edo zakur-zaunkak imitatuz; atsoen komentarioak xuxurla irrigarri ziren orain.
Adorea bildu zuen gizonak. «Jendearen laidoei jaramonik ez, Tomas! Zera inporta dik: etorkizunerako geratuko zaien irudia! Irudi batek botoak lortzen dizkik!»
Kopeta gorarik egin zuen argazkia. Hurrengo egunean, herriko pareta guztietan ikus zitezkeen kartel erraldoiak. «Tomas. Herriaren aukera», zioten.
Orain, argazki horrek leku berezia du alkatearen bulegoan. Kafesne aparrak halako ukitu berezi bat ematen dio.