Sukaldanitzak egitasmoaren seigarren edizioa egin dute Urretxun. Bertan jaiotakoek eta kanpotik etorritakoek elkarrekin kozinatu dute.
Sukaldanitzak egitasmoa Urretxuko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza mahaiak jarri zuen abian. Bertan jaiotakoek eta bertara bizitzera etorritakoek parte har dezakete. Erosketak egitera joaten dira, herrialde ezberdinetako platerak kozinatzen dituzte eta elkarrekin bazkaltzen dute. Helburua elkar ezagutzea da. Egitasmo honi esker, bizikidetza sustatzen da eta herritarrek mundu osoko jendea ezagutu dezakete herritik irten gabe.
Aurten ia 40 pertsonek eman dute izena, aurreko urteetan baino gehiagok. Hori dela eta, inor kanpoan geratu ez dadin, parte hartzaile bakoitza bi saiotara joan ahal izan da.
Lehen asteburuan Hego Amerikako platerak prestatu zituzten eta bigarrenean Afrikakoak. Hirugarrena bihar egingo dute. Euskal Herriko platerak prestatuko dituzte. Aurten ere jatorri anitzeko urretxuarrek parte hartu dute: Kolonbia, Peru, Costa Rica, Senegal, Maroko, Nikaragua, Venezuela… Batzuek iaz parte hartu zuten eta errepikatu egin nahi izan dute eta beste asko azken hilabeteetan iritsi dira Urretxura eta harrera eskolan izan dute egitasmoaren berri.
Saioak Goierri kirol elkartearen egoitzako sukaldean egiten dira. Sukalde txikia da, baina mundu osoko jendea sartzen da bertan. Aminata Dieng Senegalekoa da eta 26 urte ditu. 2017an etorri zen Euskal Herrira. Urretxura, hain zuzen ere. Lehen aldiz parte hartu du Sukaldanitzak egitasmoan. «Oso gustura aritu naiz, parte hartzaileon arteko giroa primerakoa baita. Gainera, orain arte probatu gabeko platerak dastatzeko aukera izan dut».
Marokotik Urretxura
Souad Kaddaf ere afrikarra da jatorriz. Marokoarra, hain zuzen ere. 37 urte ditu. 2009an etorri zen Europara. 9 urte eman zituen Idiazabalen eta ondoren Urretxura etorri zen. «Oso gustura nago Euskal Herrian. Jendea atsegina da eta gainontzeko guztia ere gustukoa dut. Oso pozik bizi naiz bertan».
Lehenengoz parte hartu du Sukaldanitzak proiektuan. «Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiko bileretan parte hartzen dut eta Sukaldanitzaken parte hartzea eskaini zidaten. Ideia ona iruditu zitzaidan eta parte hartzea erabaki nuen. Oso gustura egon naiz eta jaki goxoak probatzeko aukera izan dut. Gainera, jendea ezagutu dut eta beraiekin lan egin dut. Bakoitzak gure onena eman du».
Khadidiatou Ndaok 30 urte ditu eta Senegalekoa da. 2021eko abenduan iritsi zen Urretxura. Bigarrengoz parte hartu du Sukaldanitzaken. «Oihana Merino (Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiko dinamizatzailea) ezagutzen nuen eta egitasmo honetan parte hartzea proposatu zidan. Dibertigarria iruditu zitzaidan eta parte hartzea erabaki nuen. Kolonbiako platerak dastatu nituela gogoratzen dut. Gureen oso ezberdinak dira. Oso gustura aritu nintzenez, aurten ere parte hartzea erabaki dut».
Cesar Silva parte hartzaile beteranoena da. Baita Urretxun urte gehien daramatzana ere. 75 urte ditu eta 2001eko irailean heldu zen Euskal Herrira. «Urretxura etorri nintzen zuzenean eta ez nuke Urretxu ezergatik aldatuko. Oso zoriontsu bizi naiz bertan. Herri erosoa eta lasaia da».
Hirugarren aldiz parte hartu du Sukaldanitzak egitasmoan eta Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiko hiru teknikari ezagutu ditu: Monica Leiva, Maite Aguado eta Oihana Merino. «Jatea gustatzen zait, baina baita kozinatzea ere. Hori dela eta, Sukaldanitzaken parte hartzea erabaki nuen. Gainera, egitasmo honi esker beste kultura batzuk eta beste pertsona batzuk ezagutu ditut. Oso proiektu interesgarria da, kanpotik etorri garenontzat oso zaila baita jendea ezagutzea: toki batera heltzen garenean, lana izaten da gure lehentasuna. Baina pertsonen arteko hartu-emana da bizi kalitatea eta zoriontasuna ematen diguna».
Sahararra
Mohamed Sidi Aly sahararra da. 64 urte ditu eta 2021ean iritsi zen Urretxura. «Errefuxiatuen esparrutik Mauritaniara joan nintzen eta Mauritaniatik hona etorri nintzen. Urretxun Bizi Gara harrera eskolako azken edizioan parte hartu dut».
Sukaldanitzak egitasmoan parte hartzea eskaini ziotenean, ez zuen inolako zalantzarik izan. Izan ere, sukaldari lanetan aritua da. «13 urte bakarrik nituen sukaldari lanetan hasi nintzenean, Espainiako militarrentzat».
Maite Aguadok ere oso gustura parte hartzen du Sukaldanitzak egitasmoan. Bi aldiz parte hartu du. Lehen aldian, antolatzaile bezala. Izan ere, Aniztasun eta Bizikidetza teknikaria izan zen. Lana utzi zuen Japoniara joateko eta handik itzuli denean berriro Sukaldanitzak egitasmoko saioetan parte hartzea erabaki du. «Oso egokia da jendea ezagutzeko. Giroa lasaia da eta elkarlana oso lagungarria da jendea ezagutzeko. Gainera, sukaldaritza beste kultura batzuk ezagutzeko egokia da».
Bihar azkeneko saioa egingo dute. Euskal Herriko platerak prestatuko dituzte: porrusalda, haragi-bolak eta txokolate moussea. Gainera, Luis Mari Perez Pitxin omenduko dute. Perez Goierri kirol elkarteko kidea zen eta urtero Sukaldanitzak egitasmoan parte hartzen zuen. Iazko abenduan hil zen.
Mundu osoko kideekin, familia handia
Oihana Merino Aniztasun eta Bizikidetza teknikariak ez zuen Sukaldanitzak egitasmoa ezagutzen, Urretxura etorri zen arte. Oso proiektu eraginkorra dela dio. «Oso gauza sinpleekin, eragin handia lortzen dugu. Plater baten inguruan giro ona sortzen da. Eta jaki ezberdinen eskutik kultura ezberdinak ezagutzen ditugu. Izan ere, jakiek asko diote kulturari buruz. Herriko pertsona ezberdinak elkartzea lortzen dugu. Familia bazkari baten modukoa da. Batzuetan ez dira formula konplexuak behar elkarbizitza sustatzeko».
Biharko saioan, aurtengo edizioko azkenekoa, parte hartzaileek Euskal Herriko sukaldaritza ezagutzeko aukera izango dute eta Perez omenduko dute. «Beti laguntzeko prest zegoen. Bideo bat emango dugu, bere irudiekin».