Asier Zinkunegi • Antzezlea
Aurreko astean, EHU-k inklusioaren inguruan antolatutako nazioarteko kongresu batetara gonbidatu gaituzte hizlari gisa. Eta buru belarri ibili naiz aste guztia hura prestatzen. Arteria proiektuaren baitan garatzen dugun inklusioaren inguruko lan ildoaz hitz egitea zen gauza. Azken urteetan Arteriaren baitan, Goierriko eskualdeko hainbat eragile inklusioa eta gizarte bazterkeriaren inguruan ikertzen eta hausnartzen ari gara, gizarte berrikuntza bermatu nahian alegia.
2021ean eta 2022an, EHU-ren eskutik eta eskualdeko hainbat eragilerekin elkar lanean, ikerketa bat egin eta aurkeztu genuen. 2023an, ikerketa honen ondorioetatik abiatuta, parte hartze prozesu bat eraman genuen aurrera. Ekimen honetan elkarlanean, bost kultur proiektu inklusibo diseinatu ziren. Une honetan hauek gauzatzen ari gara, eta Gmoda Gure Moda, Guztion Moda izan da lehenengoa. Guzti honen inguruan hitz egin dugu kongresuan, eta harrera bikaina jaso dugu. Harrigarria egin zait estatuko leku desberdinetako unibertsitateetako ikerlariek, irakasleek eta abar, nola zoriondu gaituzten. Badirudi hemendik kanpo ere, baloratzen dutela Arteria proiektuaren bidez Goierrin egiten ari garen lana.
Hemendik eta publikoki eskerrak eman nahi dizkiet, Gmoda ekimenaren sorreran eta exekuzioan parte hartu duten guztiei (Ordiziako Garagunea, Beasaingo ikastola, Beasaingo Atzegi, Ordiziako Merkatarien Elkartea, 7Arte…).
Hurrengo asteetan, buru osasunaren inguruko proiektu batekin ibiliko naiz. Ekimena Zulo Beltza izeneko bakarrizketarekin hasten da, eta nire baitan dagoen zulo beltzari aurrez aurre begiratu, eta handitzen uztea tokatzen zait, nire zaurgarritasuna taularatuz. Kontatuko dizuet hurrengoan.