Pello Agirrezabal • Brinkola
Brinkolako jaiak San Agustinetan ospatzen ditugu, abuztuaren 28an. Jaietara beti ekarri izan ditugu abeslariak, bertsolariak, musika talde ospetsuak… bai lehen eta baita orain ere.
Entzun izan dut Zepai eta Txapel askotan etorri zirela bertsotara. Batek balkoi batetik kantatzen omen zuen eta besteak beste batetik. Xabier Lete ere soldaduskan zegoela trenez etorri zen Brinkolara kantatzera 60ko hamarkadan. Lourdes Iriondo Xabierren emaztea, Kontxita Gabiria eta Joxe Mari Telleriak ekarri zuten Zeraindik Brinkolara kantaldia entzutera. Kantaldi ondoren norbaitek bikotea bazter batean gozo-gozo ikusi omen zuen.
Gure artean izan dira, besteak beste, Ibai Rekondo, Gorka Knorr, Urko, Imanol, Kepa Junkera, bertsolari asko, Enrike Zelaia, Eskola dantza taldea eta abar.
1974ko jaialdia
Aurten badugu zer ospatua, 50 urte betetzen baitira festetan jaialdi eder bat antolatu genuenetik. 1974ko abuztuaren 31n izan zen jaialdi hura, gaueko hamarretan. Pantxoa eta Pello, Benito Lertxundi, Jon Enbeita, Zumarragako trikitixa… Azken orduan Koro Urbieta donostiar gaztea ere animatu zen kantatzera. Bukatzeko Egan taldea izan genuen.
Jaialdi borobila atera zen. 1.100 sarrera baino gehiago saldu ziren, 75 pezetetan bakoitza. Garai hartan ez zen aldez aurretik ixten abeslariei ordaindu beharrekoa. Denek ahal genuena emateko esan ziguten. Ez zaigu ahazten izan zuten jarrera hura.
Kantaldiaren baimena lortzea ere ez zen erraza izaten. Donostiako Okendo kalera joan behar zen Información y Turismo departamentura. Abestuko ziren kantuen zerrenda aurkeztu behar zen eta kantuak erdarara itzuli behar ziren. Ondoren, Zumarragako Sociedad de Autores-era joan behar zen, Bert jaunarengana, zerga ordaintzera. Amaitzeko, udalean Gobierno Civil-etik bidalitako idatzian esaten zuena bete behar zen, zein neurri hartuko ziren eta arduradunak zein ziren esaten zuena.
Brinkola auzo txikia da eta jende piloa etorri zen. Tabernak gainezka, aparkalekuak beteta… Edonola ere, antolaketa ondo joan zen eta gustura gelditu ginen.
Oroimenean gelditu zaigu kantaldi hura brinkolatarroi eta aurtengo jaietan oroitu egin nahi dugu. Horretarako komisio bat dago martxan. Goierriko Hitzan ere izango duzue honen berri.