Aratz Albisu • Telesail zalea
Oraingoan, sortzaile eta protagonista emakumeak dituzten telesailak esplizituki gomendatzeko intentzioz nabil. Honen harira, oso ona iruditu zait martxoaren 8an, Berrian, Gaizka Izagirrek egindako zerrenda, baina ekarpen txiki bat egingo diot lau gehiago gomendatuz.
The sex lives of college girls. Lau neska erabat ezberdin elkartu dira unibertsitateko erresidentzia berean, eta bakoitzak mundua, gorputzak eta harremanak ulertzeko modu bat du. Barre-algarak eta tentsio momentuak, denetik du istorio honek. Oraindik ere hirugarren denboraldiaren zain jarraitzen dugu, baina maila jaitsiko den beldur naiz, aktoreetako bat gutxiago azalduko baita.
We are lady parts. Bost emakume musulman eta haien punk taldea. Erlijioa eta kultura bizi eta eusteko hainbat modu jorratzen dituzte, komunitatearen espektatibak eta norbanakoaren ametsak jarriz fokuaren azpian. Bigarren denboraldirako eta haien kontzertu baterako irrikan utzi naute.
One day at a time. Kubatik Los Angelesera joandako emakume bat, haren alaba eta bi biloben abenturak. Egoera komedia estilokoa da, barrez lehertzeko momentuz beteta dago, nahiz eta horrek ez dizun malkotxoren bat botatzea galaraziko. Bizikidetza intergenerazionalaren eta emakume migratua izatearen gora-beheren bilduma.
Les de l’hoquei telesail katalana. Irabazi arte-ren antzeko trama du, baina ezin dira ezberdinagoak izan gaiak jorratzeko modua eta helarazten diren istorioak. Hausnarketa sakonagoak bultzatzen ditu, amodiozko triangelu horietatik harago doa, eta pertsonaia bakoitzak gaurkotasuneko arazoak bizi ditu. Lagunen arteko zaintza jartzen dute erdigunean.