Ba al zenekien musikarekin Euskal Herrian ezagutzen ditugun Gabon kanta zaharrenak Segurakoak direla?
Beste nazio askotako kulturaren historian gertatzen den bezalaxe, Euskal Herrian ere, Nafarroako erresuman izan ezik, gutxi dira XVI. mendearen aurretik ditugun musikari buruzko datuak. Trentoko Kontzilioaren ostean (1545-1563) hasten dira elizak Liburu Sakramentalak idazten (bataioak, ezkontzak eta heriotzak) eta eliza bakoitzeko diru kontuak errendatzen dituzten Liburuak.
Udaletxeetan ere apenas aurkitu dezakegu musikaren inguruko idatzirik. 1621eko udal artxiboan Seguran danbolinteroa zegoela jasota dago, San Inazio egunean egin zuen saioagatik ordaindu baitzion udalak.
Gabon kantak, artzain kantak, bilantzikoak, marijesiak eta abar ezagunak ditugu XVII. mendea baino lehen. Testu zaharraren ikerketa bidetik gero eta gehiago dira agertzen ari direnak. Baina musika ez zenez finkatzen, testuak bakarrik ezagutzen ditugu.
Musikarekin Euskal Herrian ezagutzen ditugun Gabon kanta zaharrenak Segurakoak dira, 1705 urtekoak: Tono al Nazimto de Nro. Sr Jesu Xrto eta Nork Orain esan lezake hitzekin hasten dena, garai berekoa. Hauen berri Manuel Lekuonak eman zuen 1927an.