Hautsak eta kontzientziak astindu ditu Iñaki Iurrebaso Biterik (Legazpi, 1967) iaz argitaratutako doktore tesiak euskal komunitatean. Euskara heriotzetik gertuago dago sasoi betetik baino. «Zulora doa», trapu epelik gabe esanda. Gauza jakina batzuentzat, demolinguistika datuekin berretsi du orain. Horri aurka egiteko indarrak ere aurkitu ditu. Dena ez da galdu; baina ezin egon geldi.
Euskararen egoeraz dagoen anabasaren erdian, erdiz erdi asmatu duzu ikuspegi guztiak aztertu, perspektiba bateratu eta mahai berean jartzen. Gutxienez, 30 urteko ibiliaren argazki bat ateratzea al zen zure helburua?
Bai, ahalegina bide horretatik joan da. Informazio demolinguistiko oso aberatsa dago gurean, beste herri gehienetan baino ugariagoa. Orain arte, inpresioa neukan egiten ziren azterketetan bakoitzak bere iturritik jotzen zutela, eta komeni zela iturri denak parean jarri eta argazkia atera. Horretan saiatu naiz: funtsezkoak diren gai denak hartu, estatistikekin landu daitezkeenak behintzat, mahai gainean jarri, eta argazki orokor bat egiten saiatu naiz.
Zerk bultzatu zintuzten euskararen egoeraren gaiari heltzera?
Euskararen egoerarekiko kezkak eta jakin nahiak. Bizitza osoan hor gabiltza gure hizkuntzarekin aurrera egingo dugun, atzera hasi ote garen, kezka horiekin. Nagusiki, horrek bultzatu ninduen. Mezu eta ikuspegi ezberdinak zeuden, eta argitu nahiak ere bai.
Atera duzun ondorio bat da 1960-70eko hamarkadetan egindakoagatik daudela bizirik euskara eta euskal komunitatea. Zer izan zen aro hura?
Hitz potoloa da, baina iraultza soziolinguistiko bat izan zen. Hizkuntza goitik behera zihoan, alor guztietan geroz eta ahulago zegoen. Hiztunen, euskaldunen eta euskaltzaleen sail batek jakin zuen erreakzionatzen, oso modu indartsuan eta inteligentean, eta iniziatiba pila bat martxan jartzen asmatu zuten: euskara batua, ikastolak, helduen euskalduntzea, komunikabideak… Halako boom bat izan zen. Horren eskutik, herriaren kontzientzia linguistikoa aldatu zen, jauzi bat egin zuen heldutasun batera iritsita.
Horren emaitza gara gu, aurreko fasearen ondorio gara. 1960ko hamarkadak utzi zigun hizkuntz komunitate kosziente bat eta aurrera jarraitu nahi duen bat. Hori funtsezkoa da, hori gabe ezin delako aurrera egin.
Behar beste aztertu al da iraultza hura? Zer gertatu zen berpizkunde hura gerta zedin? Besteak beste, aurrera egiteko ere berriro horrelako zerbait beharko dela diozulako.
Lurrikara erabatekoa izan zen, alde guztietatik: sozialki, politikoki, ekonomikoki, demografikoki, kulturalki, psikologikoki… astindu handi bat izan zen. Euskarari dagokionez, nazio berpizkunde bat egon zen, abertzaletasunak gerra galtzearen traumari buelta eman eta urte gutxitan berriz zutik jarri nahi izate bat zeukan, eta euskal abertzaletasunaren sendotze bat gertatu zen; horren barruan, euskarari toki funtsezkoa ematea. Hori garrantzitsua izan zen. Beti ere, agonia kontzientzia batetik: herri bezala, bagoaz.
«Bagoaz» zulora, alegia. Ez aurrera.
Hori da. Zulora goaz, eta zer edo zer egin beharra dago, eta kontzientzia eta bizipen horretatik ekin zioten.
Eskailera mekanikoaren irudia erabili duzu, euskararen atzera-aurreren argazki gisa: hizkuntza handien indarraren eskailera beherantz dator, eta euskara gora egin nahian, joan ezinik. Grafikoki oso adierazgarria, zer egoeratan gauden: ezintasun batean.
Aspalditik gaude horrela. Orain, eskaileraren abiadura handitu da, baldintza orokorrak aldatu direnez. Baina hor egotea da daukagun minorizazio larriaren ondorio, eta horri buelta emateko botererik ez izatearen ondorio. Minorizazio egoera horretan, berez, euskaldunak tokirik gehienetan –Errezilen ez, baina Legazpin bai, eta zer esanik ez Bilbon– oso aukera gutxi dauka bere euskalduntasuna garatu ahal izateko, bai ez dakienak ikasteko, bai dakienak erabiltzeko. Beti lan zail bat da hori, inguruneak ez duelako errazten, inguruko gehienak erdaldunak direlako edo erdararako joera handia dutenak. Hori da gure egoera.
Joan direneko 60 urteetako biziberritze ahaleginen ondoren ere, «minorizazio-prozesu gorria pairatzen jarraitzen» dugula diozu. Etsigarria da. Eta, aldi berean, bizirik gauden seinalea.
Bai, bizirik. Azkeneko urteetako bilakaerak baloratzerakoan, askotan euskalgintzan entzuten da, ‘hogei urte daramagu herri honetan gai honekin lanean, eta ez dugu ezer aurreratu’. Eustea jada bada lorpen bat. Gauden minorizazio egoera larri horrek berezkoa du galerarako joera, eta horretaz kosziente izan behar gara, besteak beste bilakaerak baloratzerakoan. ‘Ez dugu aurreratu erabileran gure herrian, %15ean gaude, duela hogei urte berdin’. Beno, %15ari eustea lorpen bat da. Nahikoa da? Ez, ez da nahikoa. Aurrera begiratu behar da, eta minorizazio-egoera larri horretatik atera behar da.
Zure tesiak sortu du halako ezusteko bat gizartean, diagnostikoaren gordinagatik, batetik. Esana duzu, euskara heriotzetik gertuago dago osasun betetik baino. Harritu zaitu jende batengan sortu duen sorpresak?
Hitzaldietan antzematen dudana da irakurketa honek mina egiten duela. Ahultasuna erakustea mingarria da euskaldunarentzat. Ez nau harritzen. Lan hau egiten igaro dudan urteetan nik ere pasatu ditut baxualdiak, gai bat hartu, sakondu, eta uste baino okerrago gaudela ikusita. Beste batzuetan, alderantziz ere bai, zerbaitetan uste baino hobeto gaudenetan. Dexente jaso dudan beste iritzi bat da, baita ere, ‘bagenekien horrelako zerbait zela’ esatea. Agian honek hitzak jarri dizkio edo ikuspegi hori artikulatu du, baina denek bagenekien oso ahul geundela.
Horri kontra egiteko kemenik, gogorik, giharrerik ikusten duzu?
Beharko! Horretara jarri behar garela, nik behintzat, nahiko argi ikusten dut. Berriro ere piztu, euskaltzaletasuna indartu eta euskara lehentasunetara ekarri beharra dago. Herriak ez dira egun batetik bestera aldatzen, eta nahiz agian orain ez gauden gure herri-izaeran unerik aberatsenean edo beroenean, nik esperantza badut berriro etorriko dela. Begiratzen jarrita, badaude aldaketatxoak: azkeneko asteetan, euskara elkarte berriak ari dira sortzen toki batzuetan, Iparraldean gazteak nola ari diren azterketak euskaraz jar arazteko borrokarekin… Egon daitezke sintoma positiboak; nik hori pentsatu nahi dut.
Belztasun horren erdian, sumatu dituzu indargune edo balio batzuk ere.
Dudarik gabe, eta horretaz kosziente izan behar gara. Gure indargune nagusia, euskaldunok hizkuntzarekiko daukagun lotura eta maitasuna da. Hizkuntza gutxitu guztietan ez da joera hori arrunta, baina gurean sendoa da. Horren erakusle argiena, hemen garatu den euskalgintza da. Beste herrietan ez da normala horrelako mugimendu sendo eta sustraiturik. Hori da gure indargunea. Gauzatzen da, gainera, gure hiztunen portaeretan: zenbat hiztun dauden erdaraz errazago egin arren, bere jardunaren parte bat euskaraz egiten dutenak; nola saiatzen garen haurrekin eta seme-alabekin euskara transmititzen… Badira funtsezko indarguneak.
Datuekin aztertu duzun azken 30 urteetako epean, bi garai bereizi dituzu: 1991-2001 bat, aurrerapen handiagoa egin zena, positiboagoa. Aldiz, azken 20 urteetan ez da hain eraginkorra izan, eta galgatu da. Zer dela eta?
Azkeneko hogei urteetan, landu ditudan adierazleak ikusita, batzuetan moteldu egin da aurreratze abiadura, eta beste batzuetan duela hogei urteko maila berdintsuan gaude, eta beste batzuetan beheraka hasi gara. Aldaketa 2001etik aurrera zergatik gertatu zen ez da aztertu, baina gutxienez bi fenomeno badira kontuan hartzekoak: bat, fluxu demografikoa. Gutxi gora-behera, garai horretan [2001] hasten da berriro immigrazio prozesua indarra hartzen, eta horrek egoera soziolinguistikoan eragina du. Bestetik, aztertzekoa litzateke, gutxi gora-behera garai hori dela Interneten, komunikazio teknologien eta kultura-kontsumoen mailan aldaketa erraldoi bat hasi zena; eta aldaketa horrek ere ez digu mesederik egin, ez guri, ez beste hizkuntza gutxituei.
Aurreikusi duzu, gainera, kontrako norantzan datozen indar horiek ugaritu eta sendotuko direla etorkizunean.
Bai. Zer edo zer egiten ez badugu, atzera egiteko arrisku latza dago.
Mezu honekin amaitu duzu tesiko ondorioen atala: egoera ondo aztertu, indarrak batu, eskarmentuan oinarritu, eta «egin dezagun jauzi».
Bi aukera dauzkagu: bat etsitzea litzateke, gure komunitatea heriotzera doala onartzea, eta egin dezagun hori ahalik eta arinena. Bestea da, jabetu gaitezen zein den gure egoera, eta helburu berriak, anbiziotsuagoak eta sendoagoak jar ditzagun. Horren atzetik, bai politika publiko egokiak, bai euskaldun jendearen aktibazio berri bat edo euskaltzaletasunaren beste indartze batean sartu. Bi aukera ditugu, eta ni bigarrenaren alde nago.
Zertan ipini behar da indarra, etorkizuna ziurtatzeko bidean?
Ez dut zuzenean hori aztertu, baina hiru ideia esango ditut. Lehenengoa, arnasguneei eta udalerri euskaldunagoei orain arte eman ez zaien garrantzia ematea da. Azken urteetako joera txarrenetako bat hori da: ingurune hauek ahultzen eta erdalduntzen ari dira, eta horrek arrisku handian jartzen du, ez herri horien egoera bakarrik, baizik komunitate osoarena. Lehentasun bat izan behar du herri horien egoerari arreta jartzea eta horietan prozesua iraultzeko ahalegina egitea.
Bigarrena, hiztun gehienak bizi diren ingurune oso erdaldunetan –Iruñea, Bilbo, Baiona, Gasteiz bezalakoetan, adibidez– gogoeta berezi bat egin beharra dago, horrelako tokietan euskalduntze prozesua azkarrago nola egin asmatzeko. Hiztunen %80, euskal herritarren bostetik lau hor bizi dira, eta 30 urteotan egin den euskalduntze ahaleginak fruituak eman ditu, euskara dakitenen kopuruak asko handitu dira belaunaldi berrietan, eta hori oso datu positiboa da. Baina datu sendoagoetan, erabileran adibidez, zer edo zer aurreratu da, baina abiadura azkarragoan aurreratzea asmatu beharra dago.
Eta hirugarrena, euskalduntzea, euskaldun izan nahia eta euskaltzaletasuna berrindartu beharra daude, bai ideologikoki, bai animikoki. Azkeneko aldian, sentsazioa daukat oso defentsiban gaudela; badirudi gu garela pribilegiatuak eta besteak marginatuak. Ikuspegi orokorra galdu edo ahuldu zaigula uste dut: zer garen eta zer izan nahi dugun. Hori indartu beharra dago.
Belaunaldi baten ausardia, gazteen izerdia
Legazpiko ikastolan 1972 inguruan bospasei urteko haurrei ateratako argazkia ekarri du Iñaki Iurrebasok. Tartean da bera, ikastolako 4. edo 5. labealdikoa. Tesiaren eta elkarrizketaren gaiaren harira aukeratu du: «Garai haiek irudikatzen ditudanean, ikusten dut gure gurasoen belaunaldia zer ausarta izan zen, belaunaldi hartako zati euskaltzalea zer ausarta izan zen…».
Batetik, harrotasuna du haiek egin zutenarekiko; «badugu garai hartatik zer ikasia: jarrera hura, gauzak egin, lana…». Era berean, orduan zegoen «kontzientzia argia» balioetsi du: zigorraren eta eskasiaren aurrean, mugitu eta lan.
Legazpiko Kale Berrian –oraingo Nagusia– jaio zen Iurrebaso. «Orduan General Mola zen. Umetan, jolasean kalekoak eta auzoetakoak ibiltzen ginen, eta behin etxean ‘Aupa General Mola!’ esan nuen, zer zen arrastorik gabe. Entzun behar izan nituen! ‘Horrelakorik ez esan!’. Mundu horretan hazi ginen».
Etxean euskal kontzientzia bazuten, gerra aurretiko sokatik. «Gure etxean behintzat, oso presente zegoen gerra bat galtzetik gentozela, euskaldunak ginela eta ez zigutela uzten nahi genuena izaten. Nazioaren eta euskararen zapalketaren kontzientzia argia genuen». Gaurko haur eta gazteengan faltan sumatzen duen horixe, hain zuzen.
Legazpiartzat du bere burua, nahiz eta 14 urte zeuzkanean aldatu zen familia osoa Donostiara, Egia auzora. «Gauza batzuk betirako dira, eta bat jaiotokia da. Ni legazpiarra naiz». Aspalditxoan ez du harreman handirik sorterriarekin.
Soziologoa ikasketaz, unibertsitate irakasle izana eta Aztikerren luzaroan jarduna, gaur egun Ueman ikerketa arloan ari da, Azpeitian. Errezilen (Gipuzkoa) bizi da, baserri batean. Musikazalea da –ama musika irakaslea izana, ikastolan–, eta disko bat ere badu.
2011n, beste ekarpen bikain bat egin zion Legazpiko herriari eta errealitateari: ‘Legazpi 1936’ liburua, gerraz eta ondorioz. «Sektore batzuetan bazegoen irudia Legazpin ez ote zen hain gogorra izan gerra, besteak beste Patricio Etxeberria zegoelako. Baina, pixka bat sakonduta, ikusi genuen baietz, ikaragarri gogorra izan zela». Sufritu zutenekiko aitortza gisa, gustura utzi zuen lan hark.