Joxepa Madariaga • Kultur eragilea
Hori ere heziketa da, bai horixe! Herria, herritarrak ari zarete hezten, horrelako ekintza txiki, xinple, polit eta aberatsekin, zuek, Lazkaoko ikastolakook. Ostiral goiza, 10:45, Lazkaoko plazan jendea, haurrak, gazteak, gurasoak, aitona-amonak, izeba-osabak, Garaguneko lagunak, euskaltegiko ikasle eta irakasleak, herritarrak, inguruetako herrietatik pasieran etorritakoak… Halako batean, musika! Hara non agertzen diren trikitilariak, perkusionistak… Ikastolako mugetatik kanpora atera, plaza hartu eta euskal kantak kantatzea, kantatuz ikastea, kantuaz gozatzea helburu.
Liburuxkak banatu eta kanta zahar eta berriak, denetik, kantari: Hemendik at taldearen Eskutitza, Bulego taldearen Irulegiko eskua, Imanol Urbietaren Bizitza kantu bat da, Mikel Markezen Zertarako mugak jarri, Pirritx eta Porrotxen Iritsi da eguna, Xabier Leteren Gizon arruntaren koplak…
Denok elkarrekin ikasten, haurrak kanta zaharrak eta helduak gaur egungo kanta berriak. Ostiralero jende multzoa biltzen gara plazan, ordu laurden batez.
Hori ere heziketa dela diogu, bai, haurrak eta gazteak ez dira ikastetxeetako lau hormen artean eta adinkide dituztenekin eta irakasleekin soilik hezten; etxean gurasoek emandako heziketak garrantzi handia du; eta berdin kalean jasotakoak ere.
Bada, ostiralero izaten dugun hitzorduak asko ematen digu, jantzi, hezi egiten gaitu. Beraz, zorionak eta eskerrik asko, Lazkaoko Ikastolari.
Kaleko martxa eta heziketaz ari garelarik, bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi pasa berria dugun Korriak. Beste behin, indarra eman digu, hunkigarria eta handia izan da. Baina… ea Korrikak buruan utzi digun markak Aste Santuko oporretan ere eragiten digun eta lehen baino gehiago hitz egiten dugun euskaraz, atzo baino pixka bat gehiago gaur, gaur baino gehiago bihar. Hitz egin euskaraz, kantatu euskaraz, bizi euskaraz!