Norteko Trenbideak 160 urte beteko ditu aurten. 1864ko abuztuaren 15ean inauguratu zuten Altsasu-Beasain zatia, hura bukatu baitzuten azkena, orografia bihurriarengatik. Mediterraneo eta Kantauri isurialdeen arteko uren banalerroa gainditzea benetako buruhauste eta balentria teknikoa suertatu zen, obrak 1858an hasi zituztenetik.
Gaur-gaurkoz, oraindik funtzionamenduan edo zutik dirauten azpiegiturei begiratu besterik ez dago. Altsasutik Beasainerako trenbidean 31 tunel eraiki zituzten, guztira 14.224 metroko luzera dutenak (trenbidearen %14). Luzeena Oazurtzako tunela da, 2.957 metrorekin, Oria ibaiaren sorburuko arrotik Urola ibaiaren arrora igarotzeko, Zegamako eta Brinkolako geltokien artean.
Ibaien eta arroilen bailarak gainditzeko, berriz, 34 zubi eraiki zituzten, guztira 1.374 metro luze. Horietatik 15 zubik Oria ibaia zeharkatzen zuten, eta besteek Salera errekastoa, eta Eztanda, Leitzaran, Urumea, Oiartzun eta Bidasoa errekak.
Aizkorriren barreneko naturgunean daude garaiko ingeniaritza modernoaren aurrerabide ugari. Oazurtza tunela bat, baina, bere txikian, baita Salera zubia ere, Zegaman, izen bereko errekatxoaren sakonunea gainditzeko.
Zubigintzari erreparatuta, 34 zubietatik 11 egitura metalikodunak ziren, eta gainerakoak harlanduzkoak. Metalezkoen artean, famatuena eta garrantzitsuena Ormaiztegiko trenzubia da, noski, 288 metro luze eta 35 metro garai.
Salerako zubia ere Ormaiztegikoaren berdina da. Egituraz zelosia edo burdin-sare erakoa, luzean 114 metrokoa eta 19 metro altu lurretik.
Paris kanpoaldean eraikia
Zubi horiek Alexander Lavalley ingeniari frantsesak diseinatu zituen. Ernest Gouin et Compagnie enpresa frantsesak Paris kanpoaldeko Batignolles auzoan zeuzkan tailerretan eraiki zituzten. Metalezko habeak zelosia anitzekin josita, eta harlanduzko zutabeen edo estriboen gainean etzanda, begi luzedun zubiak osa zitezkeen teknika harekin. Zelosiazko edo burdin-sarezko zubiak ez dira bakarrak Salerakoa edo Ormaiztegikoa; antzekoa da Villabonan Oria ibaiaren gaineko trenzubia ere.
Gipuzkoan, Norteko Trenbidearen eraikitze lanak Letorneur ingeniari frantsesak zuzendu zituen. Hasiera batean, kontratista askoren artean banatu zituzten lanak, zati motzak edo proiektuak esleituta; batzuk bertako kontratistak ziren, bestetzuk kanpokoak, frantsesak batik bat. Baina Altsasu-Beasain proiektuaren konplexutasunagatik, atzerapen handia nozitu zuen eraikuntzak. 1863an, Norteko Konpainiak kontratu txiki guztiak eten, eta Ernest Gouin et Compagnie enpresa frantsesari eman zion obra, bere osotasunean.