Nagore Barandiaranek eta Xabier De Miguelek bost kideko familia dute osatuta, ia 14 urte dituen Auritz, aurten 10 urte egingo dituen Eunate eta 8 urtera doan Intza seme-alabekin.
Kide ugariko familia izatea hautazkoa izan zen Ordiziako bikote honentzat, baina arrazoi zehatzik gabe hartutako erabakia izan zela dio Nagorek, «pentsa, nik beti pentsatu izan dut ez nuela seme-alabarik izango, eta hiru ditut!». Nagore bera familia ugariko kidea da, hiru ahizpa dira, baina Xabier ez, bi anai-arreba dira.
Ia zazpi urte daramatzate familia handia izaten, eta «ondo» doa guztia, «tarteka, familia guztietan bezala, gorabehera batzuk izaten ditugu, anai-arreben arteko lixkar txikiak normalean. Baina orokorrean ondo konpontzen dira hirurak, batez ere zaharrena txikienarekin, erdikoa erdian geratzen da gehienetan». Hirugarrena jaio zenerako, hiru gela zituen etxe handi samar batean bizi ziren, baina zazpi plazako kotxe handia erosi behar izan zuten.
Haurrak koxkortu dira, eta zainketa lanak arindu dira pixka bat. Familia honek aitona-amonen laguntza jaso dute, eta oraindik ere badute haien premia. «Zorionez, guk nahiko ordutegi ona dugu lanean, eta erraz moldatzen gara. Nik neuk haurtzaindegi batean egiten dut lan, eta txikiak izan direnean, nirekin izan ditut. Horregatik ez dut zainketarako baimenik eskatu behar izan».
Haurrak haztearekin, bestelako familien aldean duten zama ekonomiko handiagoa areagotzen ari zaiela dio Nagorek, eskolaz kanpoko jarduerekin hasita direlako. «Ez dira merkeak, hizkuntza klaseak, adibidez, eta hirurak akademia batera bidaltzeak diru asko eskatzen du. Berdina gertatzen da kirolarekin. Hala ere, badaude deskontuak matrikula ordaintzeko, edo kirol jardueretako. Pixka bat hemendik, pixka bat handik, zerbait igartzen da». Bestelako laguntzak ere badituzte, argindarraren bonu soziala, gasaren bonu termikoa, garraioan, udaleko tasetan…
Espainiako gobernuak ere ematen ditu laguntzak, eta orain indarrean daudenak baliatu ahal izan dituzte tarte txiki batez behintzat, alaba gazteenarekin. Zapateroren garaian lehenengoa jaiotzean kopuru bat jaso zutela ere gogoratzen du Nagorek, «baina orain askoz ere gehiago daude, eta ondo etortzen dira».
Laguntza horiei guztiei, Hirukidetik lortzen dituztenak gehitu behar zaizkie. «Hainbat komertziotan %10-15eko deskontuak ditugu, adibidez, baita Ordiziako batzuetan ere. Gainera, Eroskirekin akordio bat dute eginda, eta bertan gastatzeko baleak ematen dizkigute». Dena ez da dirua, eta Hirukidek zerbitzu gehiago eskaintzen dizkie, haurrei zuzendutako formazio ikastaroak bezala. «Gu oso gustura gaude elkartean, asko gustatzen zaigu nola funtzionatzen duen, festak ere antolatzen dituzte, juntadizoak…».
Kide ugariko familia izateaz harro dago Nagore, «egia da neketsua dela, baina polita ere bai, aldi berean». Ordizian horrelako familia dezente daudela dio, «gure portalean, adibidez, lau familia gara hiru umeekin, seme zaharrenaren lagunen artean badago bat lau anai-arrebako familia batekoa… Gure inguruan jende asko dago hiru umerekin, badirudi Ordizian bikoteak oso animatuta daudela zentzu horretan».
Berenguer-Cuadrado familia, logistika eta ekonomia alde batera utzita, poztasunez beterik
Hirukidetik eragiten