Gaztetan ikasi zuen josten, eta urte askoan lanbide izan du joskintza Isabel Aztiriak (Legazpi, 1948). Emakumezkoen eta gizonezkoen jantziak egin ditu, denetik, eta prakak josten espezializatu zen tarte batean. Gainera, euskal jantzi tradizionala berreskuratzeko lanetan jardun du.
Josten jarraitzen al duzu?
Bai, 11 urte egin behar ditut jubilatuta eta jarraitzen dut josten, baina etxerako bakarrik, patxada handiarekin gainera.
Ahazten ez den zerbait izango da.
Ez da ahazten, ez. Ni 14 urterekin hasi nintzen josten ikasten, eta lau urte egin nituen Lutxi Otaegirekin. Gero Eibarrera joan nintzen patroiak egiten ikastera. Esan behar dut derrigortuta hasi nintzela, baina gustua hartu niola gero.
Baina eskua ere bazenuen, ala edonor izan daiteke jostun?
Gehienak izan daitezke jostun, orduen poderioan eta pazientziarekin.
Zu jostun profesional bihurtu zinen.
Hasieran etxerako eta ingurukoentzako bakarrik josten nuen. Gero, ezkondutakoan, gizonak eta biok nik ere lan egin behar nuela argi genuenez, Domingo Agirre plazan genuen etxean kanporako gehiago josten hasi nintzen. Eta prakak egiten nituen batez ere.
La Pantalonera izan zinen.
Hala deitzen ninduten. Prakekin nahiko lan eduki nuen tarte batez, bai. Oihalak erosi, moztu, josi… prakak goitik behera egiten nituen, gizonezkoenak eta emakumezkoenak, neurrira, eta enkarguz. Orduan ez zegoen ia aukerarik dendetan, eta nik hutsune hura bete nuen.
Praka bakeroak ere josten zenituen.
Oso bitxia izan zen hura. Jakin nuen Bergaran bakeroak egiteko oihala saltzen zutela, eta proba egitea pentsatu nuen. Oihal gogorra zen, eta aurretik ondo garbitu behar zen, biguntzeko, baina nahiko merkea zen. Proba egin nuen, eta ondo atera zen. Gero, ez dakit zenbat egingo nituen, zientoka, milaka… Harriekin garbitutako bakeroak modan jarri zirenean, tailaka egiten nituen ordurako, seriean, eta kanpora bidaltzen nituen garbitzera. Garai hartan jendea niregana etortzen zen bakeroak erostera, gaur dendara joaten den bezala. Tailakoa probatu, konponketak egin, eta eraman egiten zuten.
Asko saldu zenituen orduan.
Hemengo dendetara oso berandu iritsi ziren, eta nik lan handia izan nuen.
Ordurako tailerra jarrita zenuen?
Aizkorri kalean hartu nuen lokala, duela 45 urte inguru. Nire gogora muntatu nuen, leku handia zen, eta gustura egon nintzen. Hura lanerako tokia zen, bukatutakoan, atea itxi eta etxera joaten nintzen, nahiz eta askotan etxera ere lana eramaten nuen… baina josteak hori dauka. Garai beretsuan Bilbora joan nintzen patroigintza industriala egitera, tailaka mozten ikasteko. Hark asko lagundu zidan nire lanean, batez ere emakumezkoen jantziekin.
Lan handia izaten al zenuen?
Bai. Festak, Aste Santua, Gabonak, jaunartzeak… itolarria izaten zen. Zenbat jende pasatu ote den nire tailerretik! Niregana zetorrena gauza ona egitera etortzen zen, zerbait jantziagoa egitera.
Ezkontzetarako ere lan egin zenuen?
Denetik egiten nuen, eta ezkontzetarako ere bai, gonbidatuentzat eta emaztegaientzat. Emaztegaien gustua betetzea eta soinekoarekin eroso sentitzea izaten zen nire lana, egun oso berezi baterako zelako. Batzuk soineko xumeak nahi izaten zituzten, beste batzuk arranditsuagoak, dindirri eta guzti…
Zer gustatzen zitzaizun gehien?
Txaketak, blazier erakoak. Soinekoak, gonak, prakak, alkandorak, berokiak… denetik egiten nuen, baina txaketak gustatzen zitzaizkidan gehien. Beti iruditu zait jantzi dotorea, eta sport ere bai aldi berean.
Eta zein egin duzun jantzi bereziena?
Mutil bati soinekoa egin nion, eta urteak dira ordutik! Nahiko urduri egin nuen lan hura, baina mutila lasai asko egon zen. Gustura geratu zen.
Bakarrik lan egin al duzu?
Gehiena bakarrik egiten nuen, baina laguntzaileak ere izan nituen. Azken urteetan Maribi Santesteban eta Begoña Ugalde ibili ziren ni laguntzen.
Nahiko goiz jubilatu zinen.
Azken urteak oso gogorrak izan ziren, 60 urte nituela senarra hil zitzaidalako… Denboratxo batean ibili nintzen gero lanean, baina bizitza aprobetxatu egin behar dela pentsatu nuen, eta hala egin nuen, lana utzi, telefonoa kendu…
Euskal jantziek ere lekua izan zuten zure ibilbidean.
Sustraiak dantza taldeak gonbidatuta Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatutako ikastaroetara joan nintzen. Garai hartan euskal jantzien jatortasuna galtzen hasita zegoen, eta hori berreskuratze aldera egin zuten ikastaroa, ordurako Ikerfolk eta beste erakunde batzuk hasitako bideari jarraituz.
Baina ikastaroa baino zerbait gehiago egin zenuen.
Mundu horretan murgildu nintzen orduan, eta nire kabuz pixka bat ere ikertu nuen Gasteizko artxiboan kontsultatuta, liburuak erosita, argazkiak begiratuta, eta hainbat baserritan jatorrizko jantziak berreskuratuta. Jantzi zaharrekin, erreplikak egiteko aukera izan nuen. Eta gauza asko ikasi nuen gainera janzteko arauen inguruan: emakumezkoen orrazkeraz, zapiaz, oihalez, mantalaz, gonen eta azpikogonen luzeraz… Gizonezkoen jantziak ere ikertu nituen.
Betetzen al dira gaur arau haiek?
Oraingo gazteek ez dituzte errespetatzen janzteko arauak. Euskal jantzi tradizionala eramaten dute, adibidez, sudurrean aro bat dutela, ile soltearekin, tiranteekin, kiroletako zapatilekin, gona edozein modutan jantzita… Ondo jantzi daitezela, edo bestela, ez daitezela jantzi!
Jantzi asko egin al zenituen?
Asko! Ezkontzeko ere bai, modan jarri zen eta.
Euskal jantziak egiten erakusten ere ibili zinen.
Bai, Domingo Agirre eskola publikoak antolatuta, sei ikasturtetan zehar egin nituen ikastaroak. Jantzi asko egin genituen orduan! Ezkion ere hitzaldi bat eman nuen euskal jantzi tradizionalen inguruan.
Aurresku txapelketan ere jantzien eta itxuraren epaile lanak egiten dituzu.
Bai, aurten maiatzaren 18an izango da finala, Legazpin. Maria Luisa Mendizabal ile apaintzailearekin batera egiten dut lan hori, Dantzarien Biltzarrak gonbidatuta. Urteak dira dagoeneko.
Zer izaten duzue kontuan?
Gauza asko, egia esan, baina arauak betetzea izaten dugu kontuan batez ere, adibidez, gonaren, azpikogonaren eta pololoaren luzera, jantzia jatorrizkoa edo erreplika den, azpikogonaren zintak ikusten diren, zapiaren urkilak ikusten diren, ilea nola dagoen… Baina orain txapelketa mistoa da, eta gizonezkoen jantziak ere aztertu behar ditugu. Duela bi urte mutil batek jaso zuen saria: txalekoaren luzera egokia zen, gerrikoa perfektu zuen jarrita puntak zintzilik eraman gabe, praken luzera, alkandora… oso ondo zegoen.