Malen Urretabizkaia Mateos (Lazkao, 2006), Nahia Artza Oiarbide (Lazkao, 2006) eta Aitzol Sarriegi Irizar (Lazkao, 2006) lazkaotar gazteek Oihana Begana proiektua sortu dute. DJ saioak emateko prest datoz eta Euskal Herri osora zabaltzeko asmoarekin haien lehen emanaldia izango dute bi aste barru Lazkaoko jaietan. Gogotsu eta ilusio handiz hartu dute proiektua.
Nola sortu da eta zergatik Oihana Begana?
Oihana Beganaren ideia une batetik bestera etorri zitzaigun. Astelehenean udalak Oihan Vega ekarri behar du, eta hori jakinda, herriko txosnan zerbait jarri beharrean geundela ikusi genuen. Bestela, txosnan ez zegoen aparteko ezer, izan ere astelehena ez da egun seinalatu bat herriko jaietan. Hala, egitaraua ia itxirik genuela hiru lagunoi bururatu zitzaigun Oihana Begana izenez DJ jartzea. Brometan hitz joko bat egiten hasi ginen eta hasieran ideia umoretsu bat zena errealitate bihurtu da, umorez hartzen dugu egoera, nork esango liguke festetan musika jartzen egongo ginenik… Oihan Vegarekin ez dugu arazorik nahi noski…
Zein izango da zuen estiloa?
Ez dugu estilo zehatzez definitu nahi gure emanaldia. Denetarik jartzeko asmoa dugu, reggaetoietik hasi, teknotik pasa eta denetariko remix eta nahasketetaraino. Denontzako espazioa izatea nahi dugu, edonork aurkitu ahal izango du bere lekua Lazkaoko Txosnan Oihana Beganarekin.
Zer moduz doaz prestaketak?
Egia esan, lasai samar gabiltza prestaketekin, baina jada badugu ideia bat jarriko dugunaz eta egingo dugunaz. Ingurukoen laguntza eta babesa jasotzen ari gara etengabe. Pixkanaka-pixkanaka bagoaz. Orain bigarrengo batxilergoan gaude eta ahalik eta hoberen ari gara ikasketekin konbinatzen saiatzen.
Lehenengoz Lazkaon izango zarete, etxean, zein espektatiba dituzue?
Lehen agerraldia gure herriko festetan egiteak asko motibatzen gaitu eta sekulako ilusioa egiten digu gure txosnan eszenatokian guk musika jartzeak. Egia esan, sekulako espektatibak ditugu, egun horretan Lazkaoko jendea bakarrik egongo delako eta herri giro ona sortu nahi dugulako, jada sekulako kanpaina ari gara egiten sare sozialetatik eta oso motibatuta gaude, ez dugu uste jendez lepo egongo denik baina ezagunak eta ingurukoak hor egonda guri ilusio handia egingo digu. Hala ere, bakarrik egonda ere ondo pasako genuke, halakoak gara. Lazkaotarren artean eta gerturatzen den ororen artean herri-kohesioa nahi dugu horrez gain, festa giroa ardatz.
Etorkizunera begira zein da zuen asmoa?
Etorkizunera begira plan asko ditugu eta egia esan, jada baditugu plan txiki batzuk pendiente… Hori oraindik ezin dugu konfirmatu baina gure helburua Oihana Begana Euskal Herri osoan zehar zabaltzea da eta proposamenak entzuteko prest gaude. Baina lehenengo Lazkaoko festetan ikusi behar dugu ea nola joaten den. Herriko gazte jendearen babesa dugu.