Orain hilabete Gipuzkoako Landa garapen elkarteak biltzen dituen Landaola federazioaren Erakunde pribatuaren saria jaso zuen Agurtzane Gabiria Argaratek (Legazpi, 1986). Industriako lana utzi, artzain titulua atera eta Makatza baserriko lanari ekin zion, betidanik gurasoek eta orain zazpi urtetik haren bikote Aitor Mantxolak jorratutako bideari jarraipena emanez.
Zer sentipen izan zenuen saria jasoko zenuela esan zizutenean?
Poza. Errekonozimendu horiek beti gustukoak dira. Atzetik lan handia dago, eta baten batek hori ikusten duela konturatzea polita da. Hala ere, nik ez dut sari hori niretzat pertsonalki hartzen, uste dut gurasoentzako dela. Nik ibilbide motza daukat baserrian, eta ez dut saririk merezi inondik inora.
Baserrian jaioa eta hezia zara, baina kalean bizi eta delineante modura lan egin duzu, harik eta gurasoek hasitako bideari heltzea erabaki zenuen arte, aurrez zure bikoteak egin zuen bezala. Zer mugitzen da barru horretan erabaki hori hartzeko?
Hemen jaioa-eta bai, baina ikasketak egiteko garaia-eta iritsi zenean, kanpora bideratzen zaituzte, etxetik hasita. ‘Ikasi ezazu beste zer edo zer, hemen baino bizimodu hobea bilatuko duzu kanpoan’, esaten zidaten etxean. Eskolan ere inoiz ez zaituzte bideratzen baserri mundura, baldin eta norberak oso garbi ez baldin badauka baserrian gelditu nahi duela, ezta gizarteak berak ere. Eta beste askok bezala industriara jo genuen –bai ni eta bai senarra, hura ere baserrikoa da eta hura ere industriatik itzuli da baserrira–. Baina bizitzak ekarri egiten zaitu. Aitak baja bat hartu beharra zeukan, eta orduan erreleboa behar genuen. Edo kanpoko bat sartu, edo etxeko bat, eta nire senarrak egin zuen baserrirako aukera. Zazpi urte daramatza, eta aldatzeko itxurarik ez.
Zuk urrats bera egin duzu orain.
Ni ere lanbidez aldatzeko gogoarekin nengoen, eta familia giroa asko errazten zigun ni hona etortzeak. Baserriak dauka ordutegi ezberdina beste lanpostu gehienen aldean, eta honek, azkenean, ematen dizu beste bizi lasaitasun bat. Hori bai, nik garbi daukat hutsetik ez ginatekeela hasiko, baina martxan dagoen bat, martxa ona duen bat jarraitzeko apustua egitea ba bai… Etxeko lan hau guztia galtzeak pena ere ematen zigun, eta gero lursail hauek denak ere kudeatu behar dira, bertan egon ala ez. Egia esan, gustura gaude.
Bizi oraindik kalean bizi zarete?
Ezta. Beste etxe batean bizi gara baina kalea ere ez da. Baserri bat erosi genuen, han obra egin eta han bizi gara, baina han ez daukagu ez animaliarik, ez lurrik; baina bai, bizi gara kaletik kanpo.
Gomiztegira joan zinen artzain formazioa jasotzera. Zer nabarmenduko zenuke han ikasitakotik?
Bederatzi hilabete ikastaroa da, irailean hasi eta ekainean bukatu. Denetik erakusten dute: ganadu manejoen teoria eta praktika ordu asko, eta gero, gaztagintza, komertzializazioa, coach bat ere eduki genuen… Denetik, alor asko ukitzen dituen kurtso bat da. Praktikak Idiazabalen egiten nituen, hango artzain batekin.
Zuk, artean, jakin bazenekien gazta egiten?
Gainetik. Hemen ibili izan naiz, ardi jezten eta halakoetan bai, baina azkenean industrian lan egin, kalean bizi, eta horixe, momentu jakinetan bai, baina gazta egiten gehiegi ez genekien.
Baina orain aritzen zara?
Bai, ikasten ari naiz, eta egin egiten dut gazta, baina uste dut asko falta zaidala ikasteko oraindik.
Iazko elkarrizketa batean aipatu zenuen hango ikaskide zenbaiti sumatzen zenien bokaziorik ez duzula zuk, baina hor nonbait gordeta izango dela. Azaldu al da bokazio hori?
Beno, garbi daukat hemen jarraitu nahi dudala. Ez dakit bokazioa den ala ez, baina hemen, orain, gustura nago. Txikitan, igoal, bokazioa egon zen, baina gero beste bide batzuetatik eramaten zaituzte, eta erakutsi ziguten hemendik kanpo zerbait hobea aurkituko genuela, eta ez zait iruditzen hala denik. Baina oraindik ere hori erakusten dizute: zortzi ordu lan egin, denbora librea, asteburuetan eta oporretan beti kanpora. Hemen orain ez daukagu hori. Nik bizimodu hori egin dut, ezagutu dut.
Zure hitzetan sumatzen da baserriko bizimoduaren eta balioen aldeko aldarrikapen moduko bat.
Bai. Nik kaleko bizitza hori egin dut, eta onartzen dut tarteka hemendik atera beharra dudala, baina ez daukat lehengo grina hori. Akordatzen naiz tailerreko bizimoduarekin, zortzi ordu egin eta kanpora, egin beharrekoa egin eta ahaztu. Gu goizean etortzen gara, gero etxera bazkaltzera, arratsaldean buelta, gauean berandu bukatzen dugu. Horrelaxe, astelehenetik igandera, baina momentuz ez gaitu horrek erretzen. Lehen, lantokian, esaten bazizuten larunbat batean lanera joan behar zenuela ba… Hemen hori ez da sentitzen.
Hori zergatik izango da, norbere kontura edo besteen kontura aritzearen aldea?
Edo ingurua. Hemen lan asko dago, baina beste lasaitasun bat ere bai. Orain tailerrean aritu banintz ez nuke zurekin elkarrizketa batean egoteko aukerarik izango. Hemen, egin beharrekoa egin egin behar da goizago ala beranduago, baina beste malgutasun bat dago.
Orain nola antolatzen dituzue etxeko lanak?
Ahal den bezala. Senarra ibiltzen da gehiago ardiekin, hark ere nik baino praktika gehiago du, baina ni ere aritzen naiz. Bi ume ere badauzkagu, eta hor ere moldatu egin behar. Baina tokatzen dena, egia esan. Ama ere hemen dago. Denon artean aritzen gara.
Zenbateko artaldea duzue? Non larratzen duzue artaldea?
Berrehun inguru, eta hemen, etxeko inguruko zelaietan ibiltzen dira. Herriko lurretara igoal ere bai, baina mendira ez gara joaten.
Oraintxe kanpaina bete-betean egongo zarete ezta?
Bai, erdi-erdian. Abenduan hasten gara gazta egiten, eta ekainean bukatzen dugu. Gazta berria egiten hasita, oraintxe lehen tanda saltzen. Salmenta orain hasten da, baina lana aurretik egin behar.
Zer moduz joan da negua? Orain barealditxoa izango duzue arkume gehienak jaiota ezta?
Ondo, bai. Arkumeak-eta, dena normal joan da. Uda askoz ere lasaiagoa da zentzu horretan, baina udan belarretan aritu behar duzu, beti gora begira ea eguraldiak laguntzen duen. Gero bai, behin belarrak sartutakoan, hilabete batzuk lasaiagoak izaten dira.
Arkume salmentan ere aritzen zarete?
Larsabi elkartean gaude, eta dena haren bidez egiten dugu.
Produktuen dibertsifikazioa duzue. Gaztaz gain, ogia eta madalenak ere saltzen dituzue. Hor al dago etorkizunaren gakoetako bat?
Azokarako egiten ditugu astean bi egunetan, bai ogia eta bai madalenak. Dibertsifikazioan aritzeko erabakia lehenagotik hartuta dago. Zuk bezeroari aukera gehiago ematen badiozu, saltzeko aukera gehiago daukazu. Ogia erostera datorrenak noizbehinka gazta erosiko dizu, madalenak erostera datorrenak batzuetan ogia erosten du. Gaztarekin bakarrik astero azokara joatea pixka bat zaila da, gazta ez baita, kasurik gehienetan, egunero jaten den produktu bat.
Salmenta aldetik-eta, ondo?
Bai, ondo. Legazpiko eta Zumarragako azoketara joaten gara, eta momentuz ondo doaz. Hor badaukagu kontu bat: gazte jendea falta da azoketan, bai saltzeko bai erosteko. Ikusi egin behar, nik ez dakit urte gutxitan zer gertatuko den. Edo jendeak hartzen du azoketara joateko ohitura, edo guk aldatu beharko dugu gure salmenta modua. Ez dakigu nola egin, ez dakigu nola gerturatu gazte horiengana, eta ez dugu supermerkatuetan saldu nahi. Etxean, azoketan, eta denda txiki batzuetan saltzen dugu, %80 azoketan.
Aurki belarretan hasi behar bete-betean. Zein lan edo garai nahiago izaten duzu lanerako?
Ez dakit. Ardi jezten-eta gustura aritzen naiz, azoka ere gero eta gehiago gustatzen zait, jendearekin egote hori. Arkume garaia da igoal gogorrena, gazta egiten ama oraindik ere hor dago. Eta belarretan? Zer esango dizut. Egia esan, laguntza ere izaten dugu, eta eguraldiak laguntzen badu, garai polita izaten da. Belarrak sartu ondorengo giroa eta laguntasun hori mantentzen dugu.
Ez da txarra laguntasun hori.
Ez, beharrezkoa! Guri bizia ematen digu. Egia da jendea etortzen zaigula laguntzera, eta horri eskerrak gauzak askoz ere errazago egiten dira.
Hartutako erabakiaren damurik? Zure burua baserriko lanetan ikusten duzu aurrerantzean?
Ez, ez, oraingoz ez. Gero urte gutxian gauzak asko alda daitezke, baina oraingoz ez. Orain hamar urte nire gurasoei esanez gero ni orain hemen egongo nintzela ba… Gurasoek ere gustura hartu dute nire erabakia.