Pilare Muxika Lopetegi • Itsaso
Lehen izan zirelako izango dira besteak! Esaera honek jasotzen du bere baitan, gertakari askoren jira-biren muina.
Honela gertatu zaigu Itsason, Alegia auzoan. Orain ia 100 urte Alkartasuna Elkartea eratu eta gerora Alegiko Sindikatoa izenez ezagutu den denda indarrean jarri zuten leku berean, aurtengo San Isidrotarako, berriro ere, ateak zabalduko ditu denda zerbitzua eskainiz.
Espazio honen albo batean dagoeneko ikusgai dago aurreko Sindikatoak hirurogei urtez egin zuen lana. Maixabel Olangari esker historia berreskuratu da, berak jaso baititu hainbat etxetan zeuden eskritura, kontu-liburuak eta abar. Eta Itsasoko artxiboan geratu da guztiaren kopia denon eskura.
Herri ekimena
Orduan bezalaxe, orain ere herri ekimenez eratu da dagoeneko 50 bazkide dituen Elkarte berria. Eta Itsasotik jaio bada ere, Alegia auzoak biltzen ditu Gabiria eta Ormaiztegiko hainbat herritar eta gertu Ezkiokoak. Bertakoak izan edo lan egin, denda honen komunitateko partaide izan daitezke, aurrekoan izan ziren bezalaxe.
XX. mendean zehar helburua bazen bertako eta ingurukoek behar zituzten elikagai eta gainerako osagaiak eskaintzea. Orain ere, herri txikietako biztanleek zerbitzua ahalik eta eskuragarrien izateaz gain, elikagaiak ere ahalik eta gertuenekoak eta osasungarriak izateko eskubideaz dihardugu. Elikadura, kutsadura eta energia krisiari aurre egiteko parte hartze prozesu luzeek eraman gaituzte honetara, zerbitzu berriztatzailea eta iraunkorra eratuz.
Egia da gure testuinguruan, azken hamarkadatan, bereziki landu dela irizpide hauen aldeko garapen hurbilekoa eta anitza. Horren lekuko hainbeste ziurtagiri ekologiko biltzen dituen herria izatea Itsaso, eta baita elikagaiez gain beste osagai batzuen kabia ere. Lankidetzan garatu dira proiektu ugari azken urteotan eta dendarena dugu horien emaitzetako bat, eskualde mailan ere kokatzen dena, Biziolarekin bat egiten dituen prozesu eta nolakotasunekin, esate baterako.
Konfiantza oinarrian
Aurreko eta oraingo ereduak alderatzen jarraituz, sortu den Elkarteko bazkideek kudeatuko dute bertako funtzionamendua, baina salmenta zuzena eta autonomoa izango da, dendaririk gabekoa. Digitalizazioan eta konfiantzan oinarrituko da, ekoizle bakoitzarengana doalarik erosten denaren balioa. Konfiantzarena da azpimarragarriena. Egin dezagun horren alde!
Denda berrian ikusgai jarri duten Sindikatoaren historia
Sindikatoa 1931ko martxoaren 1ean eratu zen Asociacion Alkartasuna izenarekin. 1933. urteko ekainaren 27an izena aldatu zitzaion eta Euskal Nekazarien Bazkuna deitzera pasa zen. Diktadura garaian, nola ez, euskal izen kendu eta handik aurrera, Cooperativa Catolica del Campo de Alegria de Ichaso erdal izena ezarri zitzaion.
Inguruko baserriei eta herritarrei zerbitzua emateko asmoz sortu zen elkarte hau. 20 bazkide zituen hasiera hartan eta 6,7 pezeta ordaindu behar izan zuten bazkide izateko sarrera moduan. Urte berean, 10 pezetetara igo zen hasierako ekarpena eta 1936. urterako, 50 pezetetara. Elkarteko lehen lehendakaria, Francisco Iraeta izan zen, Errazti baserrikoa.
Hasieran, Alegia auzoko Senpere etxeko behe solairuan eta Ostatu Zahar etxean egon zen Sindikatoa. Bi leku hauetan 23 urte luzez kokatu zen. Hastapenetan bazkide desberdinen artean banatzen zen kudeaketaren ardura, baina bederatzi hilabetetara Aranburu sendiak hartu zuen lan hau. 59 bazkidez osatu zen: 34 Itsasoko, 16 Gabiriako, 7 Ormaiztegiko eta 2 Ezkioko.
Handik urte batzuetara, 59 bazkideak ados jarri ziren eta denen artean, bakoitzak diru ekarpena eginez, Senpere etxe osoa erosi zioten Hipolito Ormazabali. Modu honetan, Ostatu Zaharreko kokalekua utzi eta zerbitzu guztia eraikin berdinera pasa zen.
1953ko ekainaren 21ean Cooperativa Catolica del Campo de Alegria de Ichaso sortu berriak, Jesus Olanga (Atxusain baserria) lehendakari zuela, bazkide horiei eraikina erosi zien 18.750 pezeta ordainduz. Eraikin horretan iraun zuen Sindikatoak, 1992. urteko maiatzaren 15ean, asanblea orokor berezian Cooperativa Catolica del Campo de Alegria de Ichaso desegitea erabaki zen arte.
Aranburutarren ondoren, Kristobal Barrenetxea (Ormaiztegi) izan zen Sindikatuko langilea. Ondoren, eta denbora labur batean Santiago Agorreta (Urruti baserria).
Hala ere, aipamen berezia merezi du Euxebi Murgiondok (Gartziandegi etxea). Izen ere, 1960 eta 1982. urte artean bera izan baitzen kooperatibako arduradun. Herritarrek gogoan daukate, nola bere etxeko tinbrea jo orduko leihora gerturatzen zen eta Sindikatoko atea zabaltzen zion, hala behar zuenari. Bere etxean telefonoa ere bazen (49 zenbakia), eta berari deitzen zitzaion jaiotza, heriotza eta bestelako berri garrantzitsuak jakinarazteko. Ondoren, bera arduratzen zen telefonoz jasotako berri hauek zegozkien etxeetara zabaltzeaz.
Azkenik, Joxe eta Jexux Mari Gorrotxategi (Errota etxea) ere aipatu behar dira, lan hauetan aritu zirelako Sindikatoa itxi zen arte (1982tik 1992 arte). Senpere etxea udalari saldu zitzaion 1992ko abenduaren 18an, 4 milioi pezetaren truke, ordaintzeko zeuden konpromiso guztiak bete ondoren, 59 bazkideren artean banatu zen geratzen zen dirua. Udalak, ondoren erausi egin zuen eta plazatxo eta iturria jarri ziren haren lekuan.
Sindikatoko liburuetan agertzen denez ganaduentzako pentsua (koko izenekoa), patata urdina, lasto edota lur ongarriak (superfosfatoak) izan ziren hasiera batean saltzen ziren produktuak. Geroxeago alpargatak, piper eta tomate potekoak, etxerako olio, kafe, txokolate edo azukrea bezalako oinarrizko produktuekin gehitze joan zen. Ardoa Tafallatik barriketan ekartzen zen, 6 barrika aldiko, eta garrafoietan eramaten zen etxetara. Olioa ere berdin, bidoietan ekarri eta botiletan eramaten zen etxeetara. Eta garbikariak: xaboia kaskoetan (Chimbo) eta lixiba.
Euxebi garai hartan berritzailea izan eta produktu berriak ekarri zituen Sindikatora. Horretarako Ordiziara joaten zen denda berezietan azpiko arropa, galtzerdi, muki zapi, xaboi usaindun (Heno de Pravia) eta kolonia ekarriz. Oroimen berezia dugu bata bertako gaztetxoek Sindikatoko ate kanpoaldean pezeta bat sartuta txiki borobil gogorrak ateratzeko makina topatzen zutenekoa. Beraz, Sindikatoa garai hartan herriko denda zen era guztietara, eta inguruetako baserritarren produktuen biltegia ere bai.
Bazkide bakoitzak bere bazkide zenbakiaz identifikatutako bi libreta izaten zituen erosketen kontrola eramateko: bat etxera eramaten zena eta bestea Sindikatoan bertan gordetzen zena. Libreta hauetan hilabetean zehar erositako guztia idazten zen, eta hilabete bakoitzeko bigarren iganderako, egindako gastua ordaindu behar izaten zen.
Bazkide ez zenak ere, bazuen erosteko aukera, baina hauek momentuan bertan ordaindu behar izaten zuten egindako erosketa.
Sindikatoaren inguruko hainbat eta hainbat oroitzapen gordetzen dira egun ere. Esaterako, herritarrek gogoan daukate Urteko Batzarra San Isidro egunez ospatzen zela meza ondoren Sindikato barruan. Bazkideak Batzarrean parte hartzen ari ziren bitartean kanpoan geratzen zirenentzat, elizako petril gaina gaileta, azeituna, ardo goxo eta gaseosaz beteta jartzen zuen Euxebik, guztien gozamenerako.
Gogoratzen dira halaber, nola asteazkenetan Ordiziako azokarako bidea egiten zuen autobusak eta igandetan Zumarragako azokara joaten zena, Sindikato parean gelditzen zen etxerako bidean. Modu honetara Itsasoko herrigunean bizi ziren baserritarrek pentsuak eta bestelako erosketak autobusean sartu eta gorako bidaia aprobetxatzen zuten. Igande goizetan ere ohikoa zen herriko etxekoandreek erosketak egitea, meza bukatu ostean.
Lehenengo Sindikatoaren oinarrien gaienean eraiki da egungoa.
Lehen izan zirelako izango dira besteak!