Izaro Intsausti • Dantzaria
Dantza gizartearen isla denez, dantzan eman den bilakaeran ere ikusi daiteke korroan dantza egitetik, kontra dantzetara igaro eta azkenaldian ‘bakarrik’ dantzatzeak hartu duela indarra. Badirudi hezurretaraino sartu nahi diguten lehiakortasun eta indibidualismoaren isla bihurtzen ari dela dantza ere.
Erromeriak gutxituz, dantza jarduna ikuskizun eta lehiaketetara bideratzen ari delakoan nago. Dantzariak dantzan eta ikusleak begira, herria dantzako ikusle pasibo bihurtuz.
Korroan, borobilean, denak gara berdinak, inolako bazterkeriarik gabe eta guztiak batera dantzan aritzeak sekulako indarra ematen du. Akelarrean pare, inolako juzgurik gabeko espazioa da, aske eta era berean, zerbaiten parte izatearen harrotasuna sentitzen dena.
Kontra dantzetan aldiz, bikoteka, oso eroso edota oso deseroso sentitu gaitezke, tokatu zaigun bikotearen arabera. Begietara begiratzean konplizitatea bilatu liteke (ariketa ederra da denbora luzez parekoari begietara begira egotea) edota indiferentzia (deserosoa). Segituan atzematen dira zein bikotek ‘funtzionatzen’ duten eta zeinek ez.
Bakarrik berriz, guztiz atomizatzen da Plaza. Ez dago interakziorako aukerarik, ez dago begietara begiratzeko inor… Indibidualismoa gailentzen da.
Beti iruditu zait kalejira batean dantzatzeak zerbait magikoa sortzen duela. Elkarri eskutik heldu eta saltoka aritzean poztasuna sartzen da gorputzean eta hala islatzen da kalejira osatzen dutenen begi eta irribarreetan. Adin, genero, jatorri… bereizkeriarik gabeko kalejiran batera zubiak eraikiz ilara amaigabeetan. Eta, zuk, probatu al duzu?