Igor Susaeta • Kazetaria
Aprobetxatuz zutabe baten irakurketak eragin dezaken ondorengo hausnarketa bakarkako ariketa intimoa izan ohi dela, ea, belarrira bada ere, esaidazu: ba ote dago hauteskunde kanpaina bat baino gauza erridikuluagorik? Bakarren bat okurritzen zait, baina ez dut inor mindu nahi, eta ez dut esango. Dena den, erridikuluagorik jarri dudan tokian, lasai asko idatz nezakeen amorragarriagorik.
Kanpainak dira, batez ere, zaratari zarata gehitzea; horregatik bakarrik, beraz, ezer onik ezin dute ekarri. Abestiak ere perbertitzen dituzte. Hona adibide bat: George W. Bushek erabili zuen Foo Fightersen Times Like These kantua 2004ko AEBetako hauteskundeetarako kanpainako mitinetan, eta Dave Grohl eta lagunak gozoak jarri ziren.
Eta mitinak aipatuta, uler dezaket inozotzat hartzen banauzue, are tontotzat, baina jakin nahiko nuke autoafirmaziotik haratago horiek eta alderdien antzeko ekitaldiek zein ekarpen egiten duten. Egingo ez balira, auzo lotsa ematen duten eszena penagarri batzuk saihestuko genituzke; esate baterako, hautagaiak eta ingurukoak txalo jotzen hasten direnean. A zer sua! Emozio horrekin txalo egiten, Jose Javier Zabaletak berak ere eskuko mina edukiko luke.
Baina kanpainako unerik gogoangarrienak hedabideek eta hautagaiek eskaintzen dizkigute, bien konbinazioak; elkarrizketatzen dituztenean eta beren alderdi humanoaz galdetzen dietenean, batez ere. Iñigo Urkulluri entzundako azken abestiaz galdetu zioten 2020ko bozen kanpainan, eta «Dire Straits-en bat» erantzun zuen. Barre asko egin nuen.
Eta aizue, zer esan hautagaiak elkartzen dituztenean erreportaje baterako-edo, eta hori ilustratzeko erabiltzen duten argazkia denean taberna bateko barraren ondoan, hizketan, gaiztotxo jarrera dutela ateratakoa. «Bah! Dena antzerki hutsa da, oso ondo konpontzen dira». Antzerkia, hausnarketa egunetan egiten dutena: erretako bonbilla bat aldatzen etxean; edo poesia irakurtzen; edo paseoan; edo, nire gustukoena, «erlaxatu asmoz» kozinatzen. Orain, niri dagokit idatzitakoaz hausnartzea.