Txilar Burusoila (Erica vagans L.)
Txilar burusoila erica generoko txilar espezie-mota bat da. Harizti, pagadi eta artadietako soilgune eta bazterretan ageri da, edozein lurretan. Arrosa kolore oso argiko loreak ditu. Iberiar penintsulan, Euskal Herria eta Kantabria dira txilar burusoila ugarien azaltzen diren lurraldeak. Kalitate bikaineko eztia ematen duen landarea da.
Deskribapena
Txilar burusoila hostoiraunkorra da, erikazeoen familiako zuhaitz adartsua. Haren hostoak (4-9 x 0,5-0,7 mm) linealak dira –4-5nakako bertzilioetan antolatuta–, eta zutituta daude. Ez dute ilerik, nahiz eta gaztetan hostoek atzealde iletsua izan dezaketen, eta ertz hortzdunak. Tamainaz, 80 cm-ko garaierara hel daiteke.
Landare hermafrodita da. Kanpai-itxurako lore (2,5-4,5 mm) arrosak ditu, eta ekainetik irailera bitartean loratzen da. Lorezilak lore-hostoen mugatik ateratzen dira; hortik datorkio burusoil izena. Haren fruituak kapsulak (1,8 mm) dira, eta barruan hazi txiki (0,4-0,6 mm) ugari izaten dituzte.
Azala arraildua du, eta zurtoin gazte arreak izaten ditu.
Etimologiari dagokionez, vagans izen zientifikoa latinetik dator, eta noraezeko esan nahi du.
- Ekologia. Harizti, pagadi eta artadietako soilgune eta bazterretan ageri da, edozein lurretan.
- Banaketa. Atlantikoa
- Loraldia. Ekaina-iraila
- Tamaina. 0,2-0,8 m
- Altitudea. 0-1.300 m
Iturria: Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika sailak ondutako Basoak.eus webgunea.