Elene Lete Para (Zumarraga, 2002) Urola futbol taldean hasi zen jokatzen eta gaur- gaurkoz, Realeko atezaina da. Gaztea izanik ere, 2021-22 denboraldiko atezain onena izateagatik Zamora trofeoa jaso zuen. Momentu honetan erronka garrantzitsuak ditu aurretik; Erreginaren Kopako finalean jokatuko du maiatzaren 18an.
Emakumezkoen futbolak jauzi nabarmena egin du azken urteetan…
Bai Ligan parte hartzen ari diren taldeek, bai selekzioak aurrera egiten ari dira, ikustekoa da hori. Dena den, urrats gehiago eman behar dira oraindik, baina bai, azken urteetan aurrerapauso handiak egin dira, kalitateari dagokionez nabaria da, eta une honetan ez dakigu zein taldek ken diezazkizukeen puntuak. Lehen alde handiagoa zegoen taulako lehenengo eta beheragoko postuetan zeudenen artean. Orain, ondo esan bezala, edozein taldek irabaz dezake partida. Oso ondo eta gogor lan egiten ari garen seinale da hori.
Azken datuen arabera, une honetan Gipuzkoan dauden fitxen %20a emakumezkoenak dira.
Zentzu horretan ere aurrera egin dela uste dut. Gero eta neska gehiago ikusten dira futbolean jolasten. Gogoratzen naiz txikia nintzenean beti egoten nintzela mutilekin futbolean jolasten. Urolako emakumezkoen taldea atera zuten arte. Une honetan klub guztiak, txikiak zein handiak, emakumezkoen taldeak osatzearen aldeko apustua egiten ari direla ikusten ari gara. Urrats garrantzitsua da espazioak irabazten joateko.
Zure kasuan, noiz eta non eman zenizkion baloiari lehenengo ostikoak?
Txiki-txikitatik kirola egitea gustuko izan dut; eta baloiari lehen ostikoak eskolako patioan eman nizkion. Jolas orduan beti jokatzen genuen futbolean edo saskibaloian. Handik kanpo, judoan aritzen nintzen garai hartan. 11-12 urterekin, berriz, Urolak neskentzako taldea aterako zuela eta orduantxe hasi nintzen bertan, eta gurasoek aukeratzeko esan zidaten. Hala hasi nintzen futbolean, eta egia esan, ez nintzen horren goiz hasi, zeren, ezagutzen ditut zazpi urterekin beren herriko taldean jokatzen ari ziren lagunak, nahiz eta mutilekin izan.
Aurrelari postuan hasi nintzen jokatzen, baina atezainik ez zegoenez, txandaka ibiltzen ginen, niri tokatu zitzaidan arte. Nahiko ondo egin nuen. Ondoren, atezainen entrenatzaileetako bat etorri zitzaidan, Txema Benitez, eta etorkizuna nuela esan zidan. Nik sentitzen nuenari eta haren hitzei kasu eginez, animatu egin nintzen.
Zeintzuk izan dira zure erreferenteak?
Txikitatik, Mariasun Quiñones eta Sandra Paños izan ditut erreferente. Zorteko sentitzen naiz gainera, Mariasun gertu izan dudalako beti. Realekoa izanik, nik ere hark lortutako helburu horiek lortu nahi nituen.
Futbolista profesional izatea pentsatzen zenuen?
Bai, noski! Asko maite dudan talde batean egotea zen nire ametsik handiena.
Garai hartan konturatzen zinen egin beharreko bideaz?
Bai, banekien bidea gogorra izango zela, baina ez zait inoiz galtzea gustatu. Orduan, 5 markatzen bazizkiguten, dagoeneko 5 markatu zizkiguten. Berriro gerta ez zedin, nik gehiago ematen nuen.
2018 urtean fitxatu zintuen Realak. Nola jaso zenun albistea?
Amak eman zidan talde berriaren berri. Eta niretzat albiste oso ona izan zen. Ordurako, antolatzen zituzten txapelketetan parte hartzen nuen, eta Realaren elastikoa janztea asko zen niretzat.
Nolakoa izan zen hasiera?
Adriana Nanclares eta biok geunden. Berarekin irabazi behar izan nuen postua. Hala izanda ere, oso ondo konpontzen ginen, konpetentzia positiboa izan zen beti, ikasteko eta hazteko balio izan zigulako bioi.
Nola kudeatzen da konpetentzia horrelako egoeretan?
Egia esan, beti poztu izan naiz nire lankideen garaipenengatik, nahiz eta, nolabait, niri postua kentzen egon. Beti pentsatu izan dut lanean jarraituz gero dena iritsiko zela, eta berdin zion lehenago edo geroago, baina noizbait iritsiko zela.
2019an Erreginaren Kopa irabazi zenuten.
Final hura jokatu ez arren, barrutik bizitzeko aukera izan nuen, taldearekin, zelaian. Berotzera joan nintzenean, giroa zelaitik sentitzea izugarria izan zen. Eta epaileak amaiera eman zuenean, partida osoa jokatu izan banu bezala ospatu nuen. Nik orduan 17 urte nituen…
Zelaian debutatu zenuenerako denbora zeneraman taldean. Nola kudeatzen da hori?
Uste dut pausoz pauso joan behar dela, presarik gabe, eta egunero-egunero lan eginez, eta entrenatzaileak direla debuterako prest noiz gauden dakitenak. Ni ahalegindu naiz denbora ahalik ondoen aprobetxatzen.
Gogoan duzu goren mailako taldearekin debuteko partida?
2021 urteko maiatzaren 30ean izan zen, Santa Teresa taldearen aurka, etxean, morez jantzita. 4-1 irabazi genuen.
Emaitza garrantzitsua da zuretzat…
Bai, noski! Niretzat, irabaztea garrantzitsua da, baina hori baino gehiago, golik ez jasotzea. Debuteko partida hartan nahiagoko nuke 0-2 izatea emaitza.
Sekula ahaztu ezin diren egun horietako bat izango da, ala?
Egun horretan erabili nuen kamiseta eta argazkia gurasoen etxean daude zintzilik. Oso egun berezia izan zen, bai niretzat, bai ondokoentzat.
Zein izan da Realeko zutoinak lortzeko gakoa?
Eguneroko lana eta postua lortzeko borroka. Egia da ni eta nire postukideak, hirurak gaudela pareko maila batean. Hiruok ahal dugun guztia egiten dugu entrenamenduen segundo bakoitza aprobetxatzeko.
Partiden osteko irudiak begiratzen dituzu?
Bai, noski! Zerbait gertatu den minutu zehatza buruz ikasi ohi dut, ondoren irudiekin ondo errepasatzeko. Gainera, atezainen entrenatzailearekin pase bat egiten dugu. Helburua da akatsak atzematea, hauek zuzentzeko. Indarguneetan ere jartzen dugu arreta.
2021-2022 denboraldian nabarmendu zinen, eta Zamora trofeoa lortu.
Futbolean urrun iristea izan bada nire helburua umetatik, momentua iritsita ezin nuen sinetsi, inoiz ez nuelako pentsatu sari garrantzitsu hori jasoko nuenik. Urte biribila izan zela uste dut, taldeak ere asko lagundu zuela. Horregatik uste dut garaikur hau guztiona dela. Taldekideak ere oso pozik daude, uste dut eurena bezala bizi izan zutela.
2023ko otsailean, Realak kontratua 2024-2025 denboraldira arte berrituko zizula iragarri zuen.
Nigan konfiantza zutela ikustea eta nik hemen jarraitzeko gogoa zutela erakustea izan zen, energia gehigarri bat. Konfiantza ematen dit, eta uste dut hori zelaira ere iristen dela.
Beste klub batera joateko tentaziorik izan duzu?
Oso ondo tratatzen naute Realean, eta oso gustura nago. Inoiz ez da jakiten zer gerta litekeen etorkizunean, baina oraingoz, hemen egon nahi dut. Egia da beste batzuekin partekatzen ditudala makilak, baina benetan, uste dut, haiekin lan egiteak eta lehia hori sentitzeak, hobetu egiten nauela, ezin bainaiz erlaxatu. Asko eskatzen diot neure buruari, beti, baina konpetentzia gogorra dudala ikusita, autoexijentzia maila are handiagoa da.
Nolakoak izaten dira lan saioak?
Atseden egun bat izaten dugu, gainontzean egunero entrenatzen dut. Goizetan izaten dira entrenamenduak, eta partidarik izan ala ez, aldaketak izaten dira erritmoan.
Eta nola prestatzen da maiatzaren 18koa bezalako hitzordu berezi bat?
Final bat da, kasu honetan Erreginaren Kopako finala, eta pisu handia du. Ez ditugu besoak jaitsiko, noski ezetz! Honaino iritsita, oso garrantzitsua da bertan jokatzea, bai niretzat, bai edozein taldekiderentzat. Dakiguna egin eta azken unera arte dena eman behar dugu.
Bartzelonaren aurka jokatu duzue, Athletic kanporatuta geratu ondoren. Nor nahiago zenuen zuk aurkari gisa?
Beti gustatzen zaizkigu derbiak, oso final polita izango litzateke. Baina hori ez dago aukeratzerik, eta gauzak horrela atera dira.
Nola gogoratzen duzu finalerako txartela lortu zenuten Atletico Madrilen aurkako partida?
Joaneko partidan 0-1 galdu ondoren, ondo jokatu genuen arren, ez zen atsegina izan. Eta itzulerako partidan, egin genuen bezala sailkatu ahal izatea, eta jokoan jarraitzen genuela ikustea, oso handia izan zen.
Itzulerako partidan penalti garrantzitsu bat gelditu zenuen…
Bai, 37. minutuan. Horri esker hutsean joan ginen aldagelara. Penalti bat atezain batek bakarrik irabaz dezake, oso zaila baita gelditzea. Segundo gutxitan erreparatu behar diozu aurkariaren gorputzari eta nora botako zaren erabaki.
Azken egunetan Espainiako Futbol Federazioak iragarri du Erreginaren Kopako finala Zaragozako La Romareda zelaian izango dela. Pozik zaude erabakiarekin?
Bai, nire aukera gogokoenetakoak ziren Zaragoza eta Madril, bai instalazioengatik, baina batez ere hurbiltasunagatik, eta bertara iristeko erraztasunengatik, bai afizioa, bai senitartekoak eta lagunak gu animatzera etor daitezen. Egun horretan harmailak beteta ikustea ikaragarri poztuko ninduke.
Ametsak betetzen banan-banan
Espainiako selekzioak 2023-24ko Nazioen Liga irabazi zuen, otsailean, txapelketako finalean, Frantzia, 2-0 mendean hartuta. Aitana Bonmatik eta Mariona Caldenteyk sartu zituzten Montse Tomeren taldeari titulua eman zioten golak; hala, Irene Paredes, Elene Lete, Oihane Hernandez, Maite Oroz eta Lucia Garcia Euskal Herriko futbolariak historiako aurreneko Nazioen Ligako txapeldunak izan dira». Hori izan zen eguneko kronika, eta ondokoa, Elene Letek aukeratu duen argazkia. «Oso une hunkigarria izan zen», futbolari zumarragarrak deskribatu duenez.
«Umetako ametsak, banan-banan betetzea» da momentu honetan 21 urte dituen futbolariaren nahia, eta fokua horretan jarrita lan egiten du egunero. Espainiako selekzioarekin maila guztietan jokatu du. Munduko txapelketan parte hartzeko aukera ere luzatu zioten, baina lesio batengatik galdu egin zuen aukera. Hortik, «sendoago» itzuli da Lete. «Indar eta konfiantza handia ematen dit selekzioaren parte izateak. Dena ematen ari naiz, eta jarraitu nahi dut zerrenda horretako beste osagai bat gehiago izaten. Jokalari oso onak daude, onenak, eta proiektuaren parte izaten jarraitzeko gogor egingo dut lan», esan du ziurtasun osoz.
Une hau iritsita, atzera egin du begirada, futbolean jokatzen hasi zen urte haietaraino. Emakume izanik izan duen aukeraz mintzo da: «Emakumezko futbolarien erreferenteak izan dituen belaunaldi batekoa naiz, zorionez, eta oraindik egiteko asko badago ere, geroz eta ikusgarritasun gehiago lortzen ari gara, harmailak ere goraino betetzen ditugu», aldarrikatu du. Ondorengo belaunaldientzako mezua ere bidali du: «Bidea gogorra eta luzea da, baina segi lanean, eta aukerak iritsiko dira».
Hala izan da bere kasuan, eta Parisera begira ere amesten du oraintxe. Olinpiar Jokoetako kopa altxatzen izango al da hurrengo argazkia?