June Aiestaran Iparragirre (Beasain, 2005) bertsolaria da eta joan den asteburuan hirugarrenez segidan Gipuzkoako Eskolarteko txapela irabazi du. Txapelketa hau egiten den 44 urtetan lehena izan da hiru txapel eskuratzen eta hirurak segidan, gainera.
Zerk egiten du berezi eskolarteko txapelketa bat zuretzat?
Eskolarteko Txapelketa bat berezi egiten duena gazteengana gerturatzeko duen erraztasuna edo ahalmena dela esango nuke. Bertsotan gabiltzan gazteentzat urtean dugun saio finko bakarra da hau eta gogoz hartzen dugu. Urte osoa hau prestatzen pasatzen dugu eta ilusio handia egiten digu. Gugan ilusio hori pizteak berak ere egiten duela txapelketa hau berezi esango nuke.
Zer moduz sentitu zara aurtengo Gipuzkoako eskolarteko txapelketan?
Aurtengoa nire azken eskolartekoa izan da eta azken aldi hau disfrutatzen saiatu naiz, azken finean, etapa honi itxiera polita ematen. Nahi gabe baina joan den urtetik espektatiba batzuk banituen, beraz, nahiko urduri sentitu naiz aurtengo saioetan, bestetan baino urduriago, akaso. Hala ere, disfrutatu dut eta gainera, eskolartekoan beti sentitzen naiz gustura, eta aurtengoa ere ez da salbuespena izan.
Nola bizi izan duzu garaipena?
Aurtengo garaipena berezia izan da azken urtea izan delako eta ondo bukatzeko nahi bat banuen, nahiz eta ez izan nire helburu zehatza. Beti da berezia txapel bat baina niretzat hau are bereziagoa izan da eskolartekoen etapa borobiltzekoa izan baita.
Hiru txapel jarraian lortuta, 44 urte hauetan lehenengoa zara hau lortu duena. Nola sentitzen zara?
Egia esan ez nekien lehena izan naizenik, baina ilusio handia egin dit hori jakiteak. Poza hartu nuen eta nire buruarentzat bultzada izan da albiste hau, baita autoestimuan txutea ere.
Zein da txapelketa guztitik gehien gustatu zaizun zure bertsoa? Zeren ingurukoa izan zen eta zergatik gustatu zaizu hau gehien?
Aurtengo txapelketatik kanporaketan bota nuen bertso harekin gelditu nintzen oso gustura, bakarkakoan Andoainen bota nuenean. Gaiari dagokionean gazteak eta kontsolak izan zen. Ni lagunek kalera irteteko esan dioten baina kontsolara jolasten etxean geratzea nahiago duen gaztearen azalean jarri nintzen eta ez da bereziki gertutik bizi dudan gai bat, baina asmatu nuela esan nahi nuena ondo transmititzen uste dut. «Ni ere jaitsiko nintzateke kalera egunero, ni zerk betetzen nauen eta zerk ez nire eskutan balego» izan zen eman nion amaiera bertsoari eta oso gustura geratu nintzen, asmatu nuelako sentsazio horrekin.