Xegun Altolagirre • Gidoilaria eta sortzailea
Ba badirudi ezetz. Badirudi ez dela hainbeste jende eskuizkribu, nobela edo dena delakoa ohe azpian gordeta duena. Edo gaur egunera etorrita ordenagailuaren karpetaren batean, hor nonbaiten disko gogorreko txoko ilunen batean gordeta… edo zergatik, agian oraindik idatzi gabe, norberaren buruan forma hartuta. Edo forma hartu gabe baina idazten hasi orduko, brausta (zenbat gustatzen zaidan hitz hau), magikoki koreografia zehatz batean paperean hitz bakoitzak bere lekua hartuko duena.
Baina ziur asko direla, gehiegi agian, editoreren baten bila dabiltzanak. Edo ea nork zuk idatzitako obra magistral horretan erreparatuko duen horren zain. Akatsa ordea, baliteke izatea, zuk egin ordez agente edo ordezkariren bat behar duzula pentsatzea, zuk idatzitako horri ordu pare bat eskainiko dizkion baten bat. Zure mamotretoa besazpian daramala hara eta hona arituko den norbait. Baina nor? Nork egingo dizu lan hori? Tira, zuk egin behar, inork ez dio zuk adina esfortzu jarriko.
Orduan, bat-batean, liburudenda baten aurrean zaude zure liburua non kokatuko zenukeen begira eta liburu batek deitzen dizu atentzioa: Nola aurkitu agente bat. Baina keba, laugarren orrialdean aspertuko zara.
Azkenean damutu eta nahiago zenuke inoiz idazteko grina piztu ez balitzaizu.
Baina honek ez dauka martxatrasik. Ttak, ideia bat. Editoreen atentzio deituko duen amu bat sortzea okurritzen zaizu. Esaldi erakargarriren bat, aurkezpen gisa edo. «Gaztei zuzendutako nobela da, J.K. Rowling gogora arazten du». Baina ez dabiltzala horren bila erantzungo dizute, edo argiago, J.K. Rowling badago, zertarako zu?
Ez zure buruarekin haserretu, ez etsi. Saiatzen jarraitu, jarraitu saiatzen. Ez da inoiz etsi behar. Mirariak gertatzen dira, jendea kapaza da bere etxeko atarian petrolioa aurkitzeko. Edo tximista batek buruan jo eta bizitza aldatzen zaio.
Eta musu-truk idaztea erabakiko bazenu? Idaztea da gustuko duzuna, ezta? Ba idatzi. Edo margotu, argazkiak atera, dantzatu, kantatu, dorreak altxatu, zubiak eraiki, tomateak landatu, malabarretan ikasi, zirkuko pailazo izan, gitarra jo, edo harpa, baina adarrik ez! Ez zure buruari adarrik jo behintzat. Pasio bat baduzu heldu horri, pasioa baita gure barruko motortxoak behar duen gasolina. Zein da zure pasioa?