Gipuzkoako bertsolari txapelketarako sailkapen fasea apirilaren 25ean hasiko da eta San Prudentzio jaiak apirilaren 26an. Bietan parte hartuko du Aizpea Garmendiak (Lazkao, 1998). Herrialdeko bertso txapelketan, gai jartzaile lanean ariko da, lehenengo aldiz. «Sailkapen fase honetan hiru saio aurkeztuko ditut. Maiatzaren 9an, 17an eta 24an. Festak lasai pasako ditut, beraz. Egia da, gaiak prestatzen ari garela otsail bukaeratik».
Gai jartzaile lanean aritu zara inguruko hainbat bertso saiotan, baina urrats bat gehiago egin duzu orain.
Zerbait ibili naiz. Aurreko pare bat urtetan Eskolartekorako gaiak jartzen aritu izan naiz taldean. Gai horiek jartzen gaztetxoagoak ibili gara, ez betiko gai jartzaile taldekoak. Orain gazteetatik tira egin dute.
Zuen lana ez da saioa aurkeztea bakarrik. Nola izaten da gaiak aukeratzeko prozesua?
Bakoitzak etxetik gaiak eramaten ditu, elkartu eta zaku batean sartzen da norberak daraman guztia. Eta hortik joaten gara aukeratzen. Gai honek balio dezake, honek ez… Arduradun daudenak saioka joaten dira banatzen. Ondoren oniritzia eman behar zaie.
Gaia jartzeko irizpiderik badago?
Egia da ezberdina dela plazako saio baterako edo txapelketarako gaiak jartzea. Plazan badakizu nork kantatu behar duen eta gaia nori jarri behar diozun, baina txapelketan ez dakizu nori tokatuko zaion gaia. Orduan, mota bakoitzeko ariketarako tipologia jakin bateko gaiak jartzen dira. Adibidez, batean bi paperak oposizioan egon behar dute, edo beste ofizio horretan biak parean egon behar dira… Eta saio bakoitzean gai mota desberdinak egoten saiatzen dira.
Lehenengoz ariko zara Gipuzkoako txapelketan. Urduri?
Aurreko batean lagun batek galdetzen zidan ea urduri nagoen. Oraingoz ez, baina egia da oraindik ez dakigula ze dimentsio daukan honek.
Formatu berezia izango dute aurten kanporaketako saioek.
Bai, ostegun eta ostiral iluntzetan izango dira, txikiagoak. Eta ez dakigunez txapelketetako tentsio hori zer den… oraindik lasai gaude. Gero ikusiko dugu. Gaiak taldean prestatzen eta erabakitzen ditugunez, presio handirik ere ez dugu. Erantzukizun bat kentzen du horrek.
Bertsotan ibilitakoa zara zu ere.
Bai, oso gutxi. Ikastola bukatu eta oso gutxi. Eskolartekoan kantatu nuen.
Beti esaten da bertso eskolen helburua ez dela bertsolariak ateratzea bakarrik.
Hori da. Gai jartzaile taldean gaudenok, bertso eskolan ibilitakoak izango gara. Antolatzaileak, epaileak… ere behar dira.
Lazkaoko festetan bertso saiorik ez da izaten.
Ezer ez. Nik ez dut ezagutu behintzat. Ia herri guztietan izaten da zerbait. Egia esateko txosnatan egitaraua egiterakoan atera izan da bertso saioren bat edo antolatzeko ideia. Baina egitaraua begiratzen hasten zara eta non sartzen dugu? Festa aurrean, Lazkao Txikiren omenaldia izaten da.
Festetako egunik kuttunena zein duzu?
Kuadrilla eguna, oso kolektiboan bizitzeko eguna izaten da. Egun polita izaten da. Txosna irekitzeko momentua ere polita izaten da.