Aloña Jauregi • Landarlan Ingurumen Elkartea
Udaberriaren zantzuak neguan ere ikusten ari garen garai hauetan, bere aroak ekartzen digun biziberritzeak bizidunongan eta naturarengan duen eragina, magikoa da. Neguan, naturak hil denaren itxurak egiten ditu gure lur zati honetan behintzat, eta bere burua babesteko estrategia horrek salbatzen du ziurrenik, jasaten dituen eraso askotatik.
Beti gehiago nahi izate horretan murgildutako gizarte baten eredu izan daiteke Goierri ere, eta kontsumo neurrigabea industriarekin edo aisialdiarekin lotzen bada ere, azken aldiko nekazari talde indartsu baten protestek, eredu intentsibo eta makroetan ari direnek, agerian utzi dute, tren horretan doazela beraiek ere. Trenean baino, traktore erraldoietan, eta gidari. Landa eremuari dagokion guztia, beraien interes ekonomikoei begira nola moldatu behar den erabaki nahi dute, ez ordea lurrak bizirik eta osasuntsu irauteko zer behar duenera. Txikian eta kontzientziaz lanean ari diren baserritar eta nekazarien kontrara.
Frantzian adibidez 500 edo 1000 hektarea izan daiteke makroa, baina Goierrin, zenbat da haundia? 10 hektarea baino gutxiago dituen baserria, ez omen da sektore profesionalean sartzen. Bitxia da zeren Goierrin, 10 hektarea larretik gora dituen baserria, handia da, gehienak gutxiago dituzte. Beraz, familia baserriaren ideia, zail dago. 80 edo 100 behiko baserria mantentzeko, eta hektarea 1 = behi 1 formula egokia izan daitekeela kontuan hartuta, bizilagunaren lurrak ere zuk behar badituzu, eta hala ere kanpotik janaria ekarri beharra baduzu, ziklo natural integral baten erabateko etena dakarren ereduan ari zara, bai ingurumen ikuspegitik, eta baita erreleboari dagokionez ere.
Eta horrela ageri zaizkigu udaberrian belar bakarrez osatutako larre tristeak, ez lore eta ez erle; 100 behiren ximaurra, 10en lekuan zabaltzearen ondorioz, usuriz erretako lurzoru itoetan, ereindako belar artifizial berde uniformez estaliak, gero artoa, gero beste zereal bat, gero 50 behor… bata bestearen atzetik, lurrari arnasarik hartzen utzi gabe. Badakigunean, 10 edo 15 behirekin bizimodua ateratzen ari diren baserriak baditugula Goierrin. Posible dela, eta hori dela bidea. Industria eta ingurugiroa ere, sail berdinean eta berde ageri zaizkigu, gezurrezko eta kutsatutako berdea ordea, gure zelaiena bezala.