Maddi Aiestaran Iparragirre • Bertsolaria
Ekainean ikasturtea bukatutzat ematen digutenontzat, hastera doa estres-aroa. Hasiko zen batzuentzat, aste santuetatik bueltan-edo. Beste batzuontzat orain doa hastera; azken bi asteetan ere hastera zihoan baina. Unibertsitaterako frogak, azken azterketak, etxe bilaketak, udako lan kontratu prekarioak, gradu amaierako lanak, master amaierako lanak, udalekuak gero eta gertuago, datorren ikasturterako erabakiak, beldurrak, zalantzak, azken txostenak, despedidak, bilerak, ebaluazioak… Mila gauza ditugu buruan, mila egiteko agendan, eta horiei begira pasatzen dugu askok denborarik gehiena udaberriko aldi honetan.
Estresatu egiten gara ez dugulako egiten egin nahi genukeen dena. Estresa sortzen digu geratzen zaigun denbora geratzen zaizkigun egitekoekin bat ez etortzeak. Edo agendan buruan baino gauza gehiago irakurtzeak. Edo beste arratsalde galdu bat izan dela sentitzeak. Edo larunbaterako proposatutako plan politari baietz erantzun izanaz damutu nahi izateak igande iluntzean. Estresatu egiten gara zenbait gauza aurretiaz eta patxadaz egiten oraindik ikasi ez dugunok: ez diogulako uzten mamuari gorputzetik ihes egiten, permititzen diogulako etengabe gure lasaitasunari molestatu diezaion, eta, era berean, ez dugulako ezer egiten bere indarra bare dadin.
Urtero-urtero, urteko aldi honetan, pentsatzen dut «datorren ikasturtean hobeto kudeatuko ditudala gauzak eta ez diedala egitekoei azken bi hiletan pilatzen utziko». Gezurrezko promesa bat gehiago.
Apirila uste baino lehenago iritsi da aurten ere, uste baino azkarrago ari da igarotzen, eta ni honezkero estresatzen hasita nago, pentsatzearekin bakarrik. Eta orain, gainera, uda hasi dela ematen du…