Ginea Konakrin jaio zen 18 urteko Yaya Kouyate gaztea. 13 urterekin bere jaioterria utzi eta bidaia luze baten ondoren, 2022an Segurara iritsi zen. Bertan bizi da eta Aizkorri Goierri Futbol Taldean dabil mutil kadeteak entrenatzen.
Bide luzea egin du Yaya Kouyatek (Ginea Konakri, 2005) Segurara iritsi arte. Ginea utzi zuen 13 urterekin, berak azaldu duen bezala, amets bat betetzeko asmoz: Europan futbolean jokatzea. Herrialde ugari eta itsasoa zeharkatu ondoren, 2022an iritsi zen Espainiako estatura. Frantziako estatua zen bere helmuga, baina migrazio lege zorrotzak tarteko, Euskal Herrian geratu zen. Segurako adin txikikoen aterpetxera iritsi zen 17 urte zituela eta Aizkorri Goierri Futbol Taldean jokatzen hasi zen. Adin nagusitasuna beteta, klubeko guraso talde baten laguntza izan du Seguran bertan gelditzeko. Bertan bizi nahi du Kouyatek, bere hitzetan, «etxean bezala» sentitzen baita.
Ginea, Mali, Aljeria, itsasoa… Kanariar Uharteetara heldu zen. Fuerteventura, Las Palmas, eta Madril gero. Frantzia zuen helburu hainbat arrazoirengatik: «Espainiaz ezer gutxi nekien, Euskal Herriaz ere ezer ez, ez hizkuntza, ez kultura… Nire anaia Frantzian bizi da eta Ginean frantsesa hitz egiten dugunez eskolan, bertan integratzea errazagoa izango zela uste nuen, eta kontrakoa izan da». Bi aldiz ahalegindu zen muga pasatzen, eta bi aldietan poliziak itzularazi egin zuen. Loiolako adingabeen zentroan pasa zituen bi hilabete, eta Segurako aterpetxera joan zen ondoren, 18 urte bete zituen arte.
Segurako futbol taldean jokatzen zuen, fitxa zeukan eta «oso gustura» zegoen adin nagusitasuna bete zuenean, iazko maiatzean. «Ez nuen Goierritik oso urruti joan nahi, benetan asko gustatzen zaidalako hau». 13 urtetatik 18 urtetara alde batetik bestera jende eta ingurune berriak ezagutzen pasa ondoren, bertan geratu nahi du: «Horrela bizi izan naiz, bi hilabete hemen, beste hiru han, gero beste alde batera… hemen luzerako bizitzea gustatuko litzaidake». Klubeko guraso talde baten ekimenez, Seguran bere kabuz bizitzen hasi da. Etxebizitza bat lortu diote, eta klubean laguntzen aritzen da.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarekin homologagarria den Etxebizitzen mantentze lanen ikastaroa ikasten ari da, eta Aizkorri Goierriko mutil kadeteen taldeko entrenatzailea da. Hainbat elkarrizketa egin ditu bere historia kontatzen. «Futbolari eta futbolaren testuinguruan ezagututako pertsonei esker, nire historia kontatu dezaket».
Futbola eta beste
Maiatzaren 20an 19 urte beteko ditu. Bere jaioterria uzteko arrazoia futbolean jokatzeko nahi hori izan bazen ere, «futbolaz haragoko» bizitzaz gozatzen ari dela dio. «Amets horri heltzen diot oraindik, baina futbolaz harago ere badago bizitza eta pixkanaka ikusi dut espero ez dituzun gauzak gertatzen direla askotan. Ikasketak, lanak, lagun eta ezagunak, dena aprobetxatu nahi dut, baita futbola ere».
Hitzak belarriz
Ia bi urte daramatza Espainiako estatuan. Urte eta erdi inguru Euskal Herrian. Denbora horretan, gaztelania ikasi du eta gaztelaniaz mintzatzen da, soltura handiz. Bere jaioterritik ateratzean ezagutzen ez zuen arren, iritsi bezain pronto jabetu zen Euskal Herrian beste kultura bat dagoela, beste hizkuntza bat hitz egiten dela, eta segituan hasi zen batez ere lagunartean entzuten zituen hitz horiek esaten eta gogoratzen ahalegintzen.
Ez du euskaraz hitz egiten, «oraindik». Inguruan entzuten dituen hitz guztiak apuntatzen ditu koaderno batean, eta lagunen ahotik harentzako berriak diren hitzak entzuten dituenean, errepikatzen ahalegintzen da. Batez ere futbolari lotutako hitz eta esaldiak ikasi ditu, zelaian kokatzeko baliagarriak direnak: beste aldera, zabaldu, bakarrik, lasai, poliki, luze… Futbol zelaian, taldekide eta lagunekin saretzeko bidea ere bada berarentzat euskara ikastea. «Hitz egiteko gai ez» da oraindik, baina «testuinguruaren arabera ulertu» dezake zer ari den gertatzen.
Ikasteko gogotsu dago. Bukatzear duen ikastaroan euskara klaseak ere jaso ditu, «baina ez nahikoak» moldatzeko, hilean hiru aldiz izaten direlako: «Ikasteko interesa daukat. Badakit non nagoen, hemen euskaraz hitz egiten da eta asko gustatzen zait. Gehiago ikasi nahiko nuke».
Zelaitik zelaira
Bertan bizita eta futbola oso gustuko izanda, gizonezkoen euskal taldeak ezagutzen ditu jada. Hainbat alditan joan da Realaren partidak ikustera, bere entrenatzaileak lortutako sarrerei esker. Zaleek abesten duten abestiren bat ere badaki: «Zelaian bizitzen den giroa ikusi ondoren, maitemindu egiten zara, Txuri urdin ereserkia ere ikasi dut». «Oso babestuta eta zainduta» sentitzen da Seguran, klubeko gazte eta gurasoen partetik zein Seguran egindako lagunen partetik. «Gauza askotan ari zaizkit laguntzen». Bizi izan dituen egoerak eta esperientziak, azaldu duen bezala «asko halabeharrez ahaztu» dituenak, «heldutasuna» eman diote adin, kultura eta pentsaera ezberdinetako pertsonekin harremantzeko, eta Seguran «laguntzeko prest dagoen» jendearekin egin du topo.
Iritsi zenetik bi urte igaroko dira laster. Frantziara joateko aukera ere izan du azkenean, bere anaiarenera, Eguberrietan. Bere xedea, «Afrikatik datozen gazte askorena bezala», Frantziako estatura iristea zen, baina ia lau urtez alde batetik bestera ibili ondoren Seguran aurkitu du tokitxoa futbolari esker, bertako futbol taldeko kideen eskutik.
-
1.471 biztanle daude erroldatuta Seguran, eta Gipuzkoako jatorria dutenak dira gehienak (%85,1).
-
147 atzerritarrak dira. Biztanle guztien %10 dira. Hainbat jatorritakoak dira.
-
34 Magrebeko Herrialdekoak dira multzo handiena. Europa Mendebaldekoak dira hurrengoak (30), eta Asia eta Ozeaniakoak gero (15). Gainerako Afrikakoak 3 dira.