Agian izanetik ezer gutxi emango zieten, baina izenetik behintzat badute munduan zehar diren udalerri batzuek Goierriko izenkideetatik. Filipinetan badira Legazpi eta Zumarraga hiriak, eta Argentinan bada Idiazabal bat.
Demetrio Jauregialtzo lurjabe eta indiano idiazabaldarrak sortu zuen bere jaioterriaren gomutaz Argentinako Idiazabal. Cordoba probintzia, hiriburutik hegoekialdera 252 kilometrora dago, Union departamentuko Ballesteros barrutiaren hegoaldean. Laua eta zabala da erabat lurrez.
Trenbidea eraiki zutenean sortu zen herria ere, eta aurrerabidea ekarri zion. Baina trenbidea itxi eta kendu zuten, eta gainbeheran hasi zen. Probintzia mailako 6 errepidea dute oraingo 1.500 bat bizilagunek komunikazio zilborrestea gaur egun. Nekazaritza da jarduera ekonomiko nagusia, eta abeltzaintza gero (esnetarako behiak). Osasun etxe bat, polizia etxe bat, lehen hezkuntzako eskola bat eta bigarren hezkuntzako ikastetxe bat dira herriko zerbitzuak.
Marta Montivero irakasleak 2000n argitaratutako Historia de Idiazabal liburua ere badute, udal webgunean irakurgai. Euskaldunak XIX. mendearen bigarren erdian hasi ziren eremu horretara iristen. Argentinako Gobernuak 1879an bukatu zuen indigenen lurrak bereganatzeko prozesua, eta ordurako lekuan ezarrita zeuden estantziek eta arrantxoek kolonizatu zuten.
Filipinen konkistatzailea
Filipinetako konkistaren oihartzunak dituzte oraindik Legazpi eta Zumarraga hiriek, eta biek pertsona bakarrari erreferentzia egiten diote: Miguel Lopez de Legazpi itsasgizon eta militarrari (Zumarraga, 1503 – Manila, 1572). Sorlekuari batetik, abizenari bestetik.
Legazpi hiria 210.000 biztanlekoa da, Albay probintziako burua, eta Luzon irlan dago, Albay golkoan. Penintsulako erdigune geografikoan dagoenez, merkataritza, instituzio eta garraio gune garrantzitsua da; trenbideen linea handieneko bukaera bat bertan dago, baita esportaziorako itsas portu handia ere.
Zumarraga, berriz, Samar probintzian dagoen herri txikiagoa da, 16.200 biztanlekoa eta 38 kilometro koadrokoa. Uharte bat da. Catbalogan zuen izen zaharra. 1863ko martxoaren 13ko dekretu baten bidez izendatu zuten Zumarraga. Arrantza da bizibide nagusia.
Xeheago begiratuta, Argentinan bada Alzaga izeneko tren geltoki bat ere, Hegoaldeko Trenbidearen Tandileko bidean, Buenos Aires-Bahia Blanca tartean. 1886ko apirilaren 2an ireki zuten geltokia, izena Emilio Alzaga lurjabearen omenez jarrita. Aramaioko jatorria zuten Altzagatarrek. Nork esan, Idiazabal bezala, egunen batean udalerri ez ote den bihurtuko.