Maitane Legarreta • Irakurzalea
Pare bat lagunek aipatu izan didaten liburua irakurri berri dut. Haiek ezagututa, argi nuen tartea egin beharko niola uneren batean. Liburu-dendetan aurkitu ezin daitekeenez, lagunak utzi zidan egileak berak sinatutako alea. Bereziki eskertu diot keinua, norberarentzat esanahi berezia duen objektua beste bati uzteak eskuzabaltasunetik bezainbeste baitu zaurgarritasunetik, berriz ere eskuetan ez izatearen beldurrari aurre egin behar izateagatik. Are gehiago, beste ale bat lortzeko zailtasun handia badago.
Misterioa argituko dut behingoz. Martxel Mariskalen Me llamo Ezequiel y así será siempre da liburua. Hondarribiarrak Azken Zakatzak poema liburua ere idatzia du, eta musikari edota letragile aritu izan da Beti Mugan, Sagarroi eta Dut taldeetan. Lisabö-rekin ere jarraitzen du, eta berak idatziak dira iaz kaleratutako Lorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte diskoko letrak.
2002an argitaratutako liburuak hasieratik harrapatu nau. Kostaldeko herri turistiko bateko Ezequiel eta bere anaia Ossésen inguruko istorioak hainbat konturen inguruko hausnarketa eragin dit: oso sentibera izatearen sufrimendua; norbere buruan sinetsi eta harengandik ez ihes egitea, zein norbere ametsei leial izatea; beldurrari aurre egitea; unean unekoa bizitzea; ezkutukoaren balioa; pentsatzen edo sentitzen dena esatea; egunerokoa ezohiko bilakatzea… Esaldi mordoa idatzi ditut koadernoan eta argazkiak ere atera dizkiet orriei. Oso maitea dudan J.D. Salingerren Zekale artean harrapaka liburua ere ekarri dit gogora, gaztetxotan irakurri nuenean piztu zizkidan sentimendu eta burutazio asko sortu baitizkit honek ere. Lagunen liburu kutuna neure bihurtu da orain. Maite duguna maite ditugunekin partekatzearen magia.