Bueltan da Ateak Ireki egitasmoa Goierrin. Ekainaren 22tik uztailaren 14ra bitarte euskal jatorria duten Amerikako Estatu Batuetako gazteak etxean hartzeko harrera familiak behar dira. Maiatzaren 5era arte eman daiteke izena.
Angel Oiarbidek (Idiazabal, 1974) alderdi bikoitzetik bizi du Ateak Ireki egitasmoa. Programa horretako Harreman eta Babesleen arloko koordinatzailea da batetik, eta bestetik, Goierriko harrera familietako bat ere izan zen iaz. «Gure kasuan doble intentsoa izan zen, eta utzi zuena oso positiboa da». Aurten bueltan da programaren bigarren edizioa, eta ekainaren 22tik uztailaren 14ra Amerikako Estatu Batuetako Euskal Diasporako 35 gazte etxean hartzeko beste horrenbeste familia behar dira Goierrin. Maiatzaren 5era arte eman daiteke izena Ateakireki.eus atarian.
AEBtako Boise estatuko Amaia Clayton eta Isabella Kite-Powell Oiarbideren etxean izan ziren iaz hiru astez, eta Mutiloako familia baten etxean egon zen Oregongo Gabriella Shirtcliff beste hiru astez ere bai behin programa bukatuta. Haren gurasoen etxean, berriz, Micaela Goikoetxea eta Ane Marie Chiramberro AEBetako gazteen tutoreek egin zuten egonaldia. «Askotan denok elkarrekin afaltzen genuen!».
Harrera familien sarea sortzea
AEBetako gazteak etxeetan hartzeko «berrantolatu egin behar» dela jakitun da, baina «aberasgarria» ere badela dio. «Euskal jatorrikoak izan arren, kulturalki ezberdinak gara, ohitura ezberdinak dauzkagu, baina horrek guztiak aberastu egiten gaitu. Guretzat ezberdintasun hori gainditzeko interesa handiagoa da sor daitezkeen bizikidetza gorabeherak baino».
Iaz programa zabala antolatu zuten, eta aurtengorako egokitu egin dute. «Horrek ez zuen erraztu familien eta gazteen artean behar eta nahi genukeen adinako erlazioak sortzea. Aurten Goierri izango da ardatza, eta helburua da AEBetako gazteek eta Goierriko gazteek hiru asteetan elkarrekin aktibitateak egitea, erlazio horiek areagotu daitezen. Azken finean, erlazioak gazteen artean eman behar dira. Euskararen inguruan, Maizpide izango da bilgunea».
Euskal diasporako familien eta gazteen artean Ateak Ireki proiektuarekiko «interesa handitzen» ari dela sumatzen du, eta Goierrik aukera hori baliatu beharko lukeela nabarmendu du. «Gure asmoa da Goierrin halako familia harrera sare bat sortzea. Familiak dira oinarria. Hotel batera eraman genitzake, baina programa honek duen potentzialitatearen herena ere ez genuke aterako. Erlazio naturalak sortzea da gure helburua. Hala ez balitz, ateak itxiko genizkieke AEBetako gazteei, eta bestetik, gure ateak ere itxi egingo genituzke, ez ginatekeelako gai izango Euskal diaspora hori ezagutzeko eta hori sustatzeko. Dei berezia egin nahi nieke familiei».
Aurten 50 urte dira Pat Bieterrek Boise-Oñati esperientzia abiatu zutenetik, eta bost urtean 400 gazte etorri ziren Euskal Herrira. «Euskal diasporako jendeak esaten du gaur egungo Euskal diaspora ezingo litzatekeela ulertu eta daukan indarra izango esperientzia harengatik izan ez balitz. Hark suspertze bat ekarri zuen, bai euskara ikasteko, bai euskal erroei eusteko».
Boiseko Euskal jaialdia 2025ean
Hari horri tiraka, Goierrin jartzen du gaur egun begirada Oiarbidek, eta Euskal diaspora ezagutu beharra dagoela nabarmendu du. «Horretarako lehen pausoa ateak irekitzea da, gero beraiek guri gauza bera egiteko. Gu pentsamendu horrek mugiarazten gaitu, eta da zer egitera irits gintezkeen elkarlan horretan sakonduz gero». Datorren urtean Boiseko Euskal jaialdia izango da, eta Ateak Ireki NABOrekin (North American Basque Organizations) eskuz esku ari da lanean aurtengo egonaldiak «joan-etorriko efektua» izan dezan. «Jaialdi horren ardatzeko bat izango da programa honetan parte hartzen duten gazteak, familiak, Ateak Ireki, eta baita Goierri bera ere. Maila pertsonalean zein kolektiboan aukera paregabea daukagu esku artean».
Ateak Ireki proiektuaren sustatzaile nagusiak Batzen elkartea, NABO eta Goierriko Goieki garapen agentzia dira, eta Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, eta Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiak dira babesle nagusiak. Lazkaoko Maizpide barnetegiak ere funtsezko papera du egitasmoan.
AEB-etako gazteen egonaldiaren programa
- Ekainak 22, larunbata. Harrera-ekitaldia familiekin, antolatzaileekin eta erakundeetako ordezkariekin (Udaletako alkate edo zinegotziak).
- Ekainak 23, igandea. Familiekin egoteko eguna.
- Ekainak 24, astelehena. Tolosako San Juan eguneko erritoen jarraipena.
- Ekainak 25, asteartea. Egun osoko euskal dantzen ikastaroa Beasaingo Igartza Jauregian eta Kiroldegian. Bertako gazteek parte hartzeko aukera.
- Ekainak 26, asteazkena. Goizean euskal dantzen ikastaroa Beasainen. Arratsaldean erromeria. Bertako gazteek parte hartzeko aukera.
- Ekainak 27, osteguna. Egunean zehar euskara-eskolak Maizpiden. 17:30-19:30. Lazkao ezagutzeko ihes-gela. Bertako gazteek parte hartzeko aukera.
- Ekainak 28, ostirala. Goizean euskara-eskolak. Arratsaldean Igartubeiti baserri-museora eta Hariztizabal baserrira bisita.
- Ekainak 29/30, larunbata/igandea. Familiekin egoteko egunak.
- Uztailak 1, astelehena. Goizean euskara-eskolak, mitologia. Arratsaldean Ataungo Barandiaran museora bisita.
- Uztailak 2, asteartea. Egunean zehar euskara-eskolak, bertsolaritza, herri-musikaren historia.
17:30-19:30. Euskal abestien jaialdia. Bertako gazteek parte hartzeko aukera. - Uztailak 3, asteazkena. Egunean zehar irteera Iruñeara.
- Uztailak 4, osteguna. Egunean zehar euskara-eskolak, antzinako eta gaur egungo ohiturak. 17:15-19:15. Seguran bisita-gidatua.
- Uztailak 5, ostirala. Goizean euskara-eskolak, euskal idazle, margolari, artisau eta eskulturagileak. Arratsaldean euskara-eskolak, herri-kirolak. 17:00-19:30. Herri kirol tailerra. Pilota tailerra. Bertako gazteek parte hartzeko aukera.
- Uztailak 6/7, larunbata/igandea. Familiekin egoteko eguna.
- Uztailak 8, astelehena. Bizkaira egun pasa. Bertako gazteek joateko aukera izango dute.
- Uztailak 9, asteartea. Egunean zehar euskara-eskolak, industrializazioa eta kooperatibismoa. 17:00-19:15. Irizar kooperatibara bisita.
- Uztailak 10, asteazkena. Egunean zehar euskara-eskolak, Euskal Herriko sukaldaritza. 16:30-19:30. Sukaldaritza tailerra.
- Uztailak 11, osteguna. Iparraldera egun pasa.
- Uztailak 12, ostirala. Egunean zehar euskara-eskolak. 17:30-19:30 jolasak aisialdi taldearekin. Bertako gazteek parte hartzeko aukera.
- Uztailak 13, larunbata. Familiekin egoteko eguna. Agur-jaialdia.
- Uztailak 14, igandea. Aireportura itzulera.