Idoia Luzuriaga Garcia • Berdintasun aholkularia
Hauteskundeetako emaitzetan eta lehendakari-gai eta alderdikideen adierazpenetan murgilduta gauden egun honetan, astelehenean alegia, gehientsuenok gure zereginetara joaten jarraitu behar dugu. Eta lantokian nagoela, SPRI-k, Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, beste zenbait erakundek bezala, postontzi elektronikora helarazten duen albiste sailkapena jaso dut. Lehen titularrak pizten du nire arreta: Genero-berdintasun maila handiena duten enpresek berrikuntza-maila hobeak dituzte eta lehiakorragoak dira.
Genero berdintasuna ikusi orduko nire interesa erakartzen duen edozerekin bezala, banoa zeri buruz ari diren irakurtzera. Agian bertan aurkituko dudanak, bultzada pixka bat eman diezaioke basamortuan berdintasunari buruz predikatzen jarraitzeko dudan motibazio kaskarrari. Sekulako txostena topatu dut albistearen atzean. Industria arloan emakumeen presentzia %21ekoa izanik, aditu talde batek frogatu du, enpresetan genero-berdintasuna areagotu ahala, I+G+b intentsitateak ere gora egiten duela, eta emaitza hobeak dituztela fakturazioari, enpleguari eta nazioartekotzeari dagokienez. Horretarako maila ezberdinetako datu ugari erabili dituzte eta grafikaz betetako txosten mardul bat aurkeztu dute. Metodologia bat ere garatu omen dute hau dena frogatzeko.
Ni ez naiz inor txosten honi buruz ezer kuestionatzeko, baina pentsakor uzten nau genero berdintasunaren onura adierazteko behin eta berriz horrelako lana aurkeztu behar denik antzemateak, ez gauzak frogatu behar ez direlako, baizik eta denbora luzea daramagulako gai honekin, ez?
Ildo berean, iazko Nobel Saria jaso zuen Claudia Goldinek eta bere taldeko ikerlariek genero arrakalaren ondorioak aztertu izan dituzte oso argigarriak diren emaitzekin. Eta hori frogatzera jo badu, zerbaitegatik izango da; hots, beharra sumatu duelako. Datu, ikerketa eta zorroztasunaren aldekoa naiz ni ere, baina batzuetan, zakurra izatea osasunerako onuragarria den bezala frogatu behar da genero berdintasunak arlo produktiboan abantailak dakartzala, pilularen erabilera-orria bailitzan.
Guzti hau, hauteskunde garaian zenbat lehendakari-gai gizon eta emakume ote daudenaren irakurketa sinplearekin egiten du talka; sexu batekoa edo bestekoa izateak ez baitu berez bermatzen genero ikuspegia duen lidergoa eragingo denik. Baina bestaldean egunero frogatzen ibiltzeak nekatu egiten du. Finean, txostena irakurrita ez dut predikatzen jarraitzeko aparteko motibaziorik lortu; baina bueno, segituko dugu, noski.