Mikel Iturriotz • Bertsolaria
Daltonismoa akats genetikoa omen da. Oro har, berdea eta gorria nahasten dira; ezin ondo antzeman, zer den berdea, zer gorria. Hitz bitan, gorriak ikusten dituela batek koloreak bereizteko. Zilegi bekit ateraldia: oraintsu jakin dut daltonikoa naizela.
Hilaren 13an Azpeitian izan nintzen, Euskal Herria Bizirik sareak antolatutako manifestazioan. Bazegokigun. Irimo eta Izazpi txikitu nahi dituzte. Han entzundakoek ausartena ere beldurtuko zuketen. Labur esanda, energia beharrak laster ase ezinak izango dira. Ordea, inor ez zen hitzaldian botereaz aritu. Inork ez zuen azpimarratu mundua salbatzeko modu bakarra boterea lortzea dela. Ez desazkundea, ez energia berdea, ez ezer: beste antolaketa-eredu bat izango dugu, edo ez gara izango. Eta, bitartean, gezurra ari du.
Energia berdeaz ari zaizkigu. Agirre anaiei entzun nien bertso hau, eolikoez ari zirela: baserriak bota ta zuloak presta, mendi hegiak eten trabeska, hola sortutako energia festa, berde-berdea ere igual ezta. Gehitu horri sortuko duten energia kopuru antzua, edo Red Electricak eta Iberdrolak kontrolatuko dutela.
Behin eta berriz entzuten ditugu, ordea, beste eredu energetiko batera bidean eman beharreko urratsak direla, eta antzeko kaka zaharrak. Eta batek, zurrunbilo horretan, nahiko lan dauka zer sinetsi eta zer ez asmatzen. Energia berdea gorritik bereizten.
Daltoniko birgaitu gisa, hasi naiz biak ezberdintzen. Denok egiten dugunean, energia berdeari marra gorriak jartzen hasiko garen itxaropena daukat.