Eduardo Txillida eskultore donostiarra jaio zeneko mendeurrena gogoratzen ari dira. Jatorrira begira jarrita, Goierri du sehaska.
Eduardo Txillida Juantegi, Euskal Herriak eman duen nazioarteko ospe handientsueneko eskultorea gogoratzeko urtea da 2024a, jaio zeneko mendeurrena baita. Donostian munduratu zen, 1924ko urtarrilaren 10ean, eta han hil 2002ko abuztuaren 19an. Haren zuhaitz genealogikoan atzeraxeago eginda, Goierriko sustraiak ageri zaizkio.
Eskultorearen aitona-amonak Zumarragan ezkondu ziren, 1878ko maiatzaren 29an. Agustin Chillida Suarez Ulldecona herrian (Tarragona, Katalunia) jaioa zen; amona, Margarita Aranburu Irizabal, Urretxukoa zuen, 1852an jaioa (aita urretxuarra, ama Ezkiokoa).
Donostiara aldatu ziren, eta han jaio zen Pedro Txillida Aranburu, eskultorearen aita, 1889an. Militarra izan zen, frankismoarekin lerrokatu zen, eta karguak eduki zituen, bai karrera militarrean, bai politikoki, bai epaile militar bezala. Realaren presidente ere izan zen, 1942tik 1945era.
Emaztetzat beste goierritar jatorriko bat hartu zuen, Carmen Juantegi Eguren donostiarra, sopranoa eta Donostiako Biarritz Hotelaren jabe zen familiakoa. Artearen bidetik segitu zuten bi semek: Eduardo eskultorea eta Gonzalo margolaria izango ziren. Eduardo Realeko jokalaria ere izan zen, 1942-43 denboraldian lehen taldeko atezain jokatu baitzuen, Espainiako 2. Mailan. Belauna apurtuta, futbola utzi behar izan zuen.
Intxenea baserrian beste adarra
Amaren aldeko amona ere Urretxukoa zuen Eduardo Txillidak: Juana Eguren Jauregi. Intxenea baserrian jaio zen, 1871n. Oraindik zutik dago etxe hori, Legazpi-Bergara-Urretxu bidegurutzeko errotonda alboan. Juan Pedro Juantegi Olano donostiarrarekin 1891n ezkondu, eta XX.eko hasieran Donostiara joan ziren. Biarritz eta Niza hotelak ireki zituzten. 1969an hil zen Eguren. Ekimen eta estilo –Balentziaga laguna zuen– handiko pertsonatzat gogoratzen dute.