Iraida Martin • Lazkao
Afalostean, oheratu eta amets egitea besterik ez zen geratzen. Biharamunean, abentura berri baterako plana genuen. Goiz jaiki, etxeko buzo zaharrak jantzi; bokata, kantinplora eta frontala, besterik ez genuen behar motxilan. Listo!
Ataungo bidea hartu genuen. Bihurgune bakoitzean paisaia hostotsuagotuz zihoan eta derrepentean hantxe topatu genuen. Troskaetako kobazuloaren sarrera. Iluna, hezea, ixila…
Hortik jaitsi?
Lehen pasabideak estutuz joaten ziren arren, erraz zeharkatzen genituen. Baina bat-batean soka zahar, erdi apurtua topatu genuen. Hortxe hasi ziren nire bihotz taupadak indarrez birikak kolpatzen. «Nola? Hortik jaitsi behar al gara?», pentsatu nuen. «Abentura grina zenuen, ez? Hemen hasten da ba benetako afera. Hau ez da jolas-parke ospetsu horietako atrakzio bat», nere buruan ideiak bueltaka.
Zalantzak izan arren, ezin nuen bertan behera utzi antolatutako irteera. Soka indarrez heldu, begiak itxi, eta iluntasunean behera egiten hasi nintzen. Tenperaturak geroz eta baxuagoak ziren, giroa hezeagotuz zihoan. Behera iristean arnasa hartu eta «lortu dut» pentsatu nuen. Baina oker nengoen.
Indian Jonsen filmetan bezala
Indiana Jonsen filmen leize madarikatu horietako batean nengoela iruditu zitzaidan. Baina ez zen filma, ez zen atrezzoa. Bidean aurrera egin ahal izateko, benetako harria, benetako zulo bukaezina geneukan gure begi aurrean. Eta zuloa zeharkatzeko bi pareta estu besterik ez.
Lehenengo nire anaietako bat pasa zen. Salto egin, eskuak indarrez eta behatzak atzaparrak bailira, harrizko paretara eutsiz hiruzpalau metroko bidea egin zuen. Nire txanda zen. Gorputza, goitik behera, beldurrez, ikaraz, izuz josi zitzaidan. «Nola pasako naiz beste aldera? Ezinezkoa da. Ez da zuloaren amaiera ikusten. Hau ez da txanda, erortzen banaiz, akabo», pentsatu nuen. «Lasai, izan konfiantza. Nik egin badut, zuk ere ahal duzu», esan zidan anai zaharrenak. «Ez begiratu behera» aholkatu zidan gazteenak.
Arnasa sakon hartu eta ia erabat bertikala zen hormara salto egin nuen. Katua bainitz, gorputzeko muskulu guztiak gogortu, besoak luzatu eta pareta beldurgarri hark zituen zirrikituetan sartu nituen behatzak. Bidearen erdira iristean ez atzera, ez aurrera geratu nintzen. Negar malkoak ezin ekidin nengoen. «Ezin dut!» oihukatu nuen. Baina segundo bateko erreakzioan azken pausoa eman eta beste aldera iristea lortu nuen. Bostok oroitzapenerako besarkada horietako bat eman genion elkarri.
Estalaktita ikusgarriak
Bidearen amaieran, pasadizo estuen ostean, estalaktita ikusgarriez inguratuta, urmaela topatu genuen. Ametsa ote?