Ihintza Errekondo (Lazkao, 2003) produktuen diseinua eta ingeniaritzako diseinu industrialeko gradu bikoitza ikasten ari da, Bartzelonan, eta hara joan zenetik bere bizitzan aldaketa nabarmenak izan ditu.
Zer ikasten duzu eta zergatik erabaki zenuen Euskal Herritik kanpo ikastea?
Produktuen diseinua eta ingeniaritzako diseinu industrialeko gradua ikasten ari naiz, Bartzelonan. Lehen urtean bakarrik produktuen diseinua ikasten hasi nintzen, baina bigarren urtean gradua bikoiztu eta ingeniaritza ikasketak txertatzeko hautua hartu nuen. Erabakitzerakoan ez nekien ongi zer ikasi nahi nuen baina nituen aukeren artean argi nuen Euskal Herrian ikasketa hauek egitea zaila izan zitekeela, aukera falta dela eta. Ondorioz, Bartzelonan begira hasi nintzen eta lehen urtean diseinu mota desberdinak ikasteko aukera ematen zidaten unibertsitatean eta bigarren urtetik aurrera espezializazio moduan gehien gustatzen zitzaigun diseinu mota ikasteko aukera. Horrez gain, unibertsitatea bera ere asko gustatu zitzaidan eta bertara joatea erabaki nuen.
Zein aldaketa ekarri ditu honek zure bizitzara?
Bizitzan aldaketa handiena etxetik kanpo bizitzea izan da. Etxekoengandik aldentzea aldaketa handia izan zen eta hasieran ez zen erraza izan. Hala ere, Bartzelonan jende berria eta bertako kultura ezagutu ditut eta oso gustuko dudan lekua da. Bizitzeko modua oso desberdina da, azkenean, hiri handi bat da eta Lazkao bezalako herri txiki batetik, non denok elkar ezagutzen dugun, oso desberdina da. Hizkuntza aldetik ere salto handia izan da dena euskaraz egitetik gazteleraz komunikatu behar izatera pasatzera.
Zer da gehien gustatzen zaizuna kanpoan ikastetik? Eta gutxien gustatzen zaizuna?
Gehien gustatzen zaidana ni bizi naizen ingurua da, izan ere, kanpoaldean geratzen da eta dagoen giroagatik herri txikiago baten itxura hartzen du. Ondorioz, etxekoagoa sentitzen dut inguru hau eta giroa ere gertukoagoa da. Horrez gain, hiri batean bizita beti dago zer egina, beti dago ekintzaren bat edota beti dago zerbait berria ikusteko. 3 urte daramatzat jada hemen eta oraindik gauza asko ditut egiteko eta ezagutzeko. Hala ere, alde txarrak edo ez horren gustukoak ere baditu hiri batean bizitzeak, hala nola, jende pilaketak. Gainera, unibertsitatea Bartzelonaren erdigunean dago eta turista ugari ibiltzen dira unibertsitate inguruan. Jende pilaketa hauek ez ditut batere gustuko.
Euskal Herritik zerbaiten falta sumatzen duzu?
Euskal Herritik gauza ugari botatzen ditut faltan, gehienbat, hasieran, ohitze prozesu horretan, etxekoak, lagunak eta bertako jendea izan dira gehien faltan sumatu ditudanak. Ondoren, denborarekin ohitu eta bertan lagunak egin nituen. Horrez gain Euskal Herriko parranda eta festa-giroa botatzen ditut faltan, izan ere, bertako jai eredua oso desberdina da eta diskoteka-giroa da gehienbat bertakoa. Oso plan ezberdinak dira eta itzultzen naizenean asko disfrutatzen dut bertako parrandez eta ingurukoez.
Bertan zenbat denbora gelditzen zaizu eta zein dira oraindik egiteko dituzun planak?
Hau hirugarren urtea dut, baina oraindik aurtengo urteaz gain beste 3 urte geratzen zaizkit ikasketak amaitzeko. Hala ere, ez dakit zein asmo izango dudan orduan. Gustatuko litzaidake lanera hona itzultzea, baina nire bizitza egitera ondoren Euskal Herrira itzuliko naiz.