Gazta Eguna ospatuko dute asteburuan Idiazabalen. Ixidro eta Iker Sukia aita-semeak omenduko dituzte, belaunaldi aldaketagatik.
Zenbait gaztandegitan arazoak dituzte erreleboa lortzeko, baina Ixidro gazta egiten duen Lazkaoko Borda Berri gaztandegian ez da halakorik gertatu: Iker semeak Ixidro aitari lekukoa hartu dio eta gazta egiten jarraitzen dute. Etzi, maiatzak 5, Idiazabalen egingo duten Gazta Egunean omendu egingo dituzte, belaunaldi aldaketagatik.
Ixidro ataundarra da. San Martin auzoko Galde baserrian jaio zen, 1953an. Artzain familiakoa da. «Aita artzaina izan zen eta bere aurrekoak ere artzainak izango ziren, seguru aski. Ume-umetatik aitari lagundu nion. Lantegi batean, basoan eta Iberdrolako kanalizazioetan lan egin nuen, baina 27 urterekin ardiekin hastea erabaki nuen. Etxean ardiak zeuden eta saldu egin behar zituzten. Aralarren guk geuk egindako txabola genuen (Doneiturrieta Azpikoa) eta pena ematen zidan hori galtzeak. Izan ere, ardiak kenduz gero, txabola mankomunitateari eman behar genion. Hala, etxeko ardiak hartu nituen».
Ordutik, 40 urte baino gehiago pasa dira. «Denbora honetan guztian denetik bizi izan dut: ona eta txarra. Itsasondon, Altzagaraten, Gaintzan… ibili naiz. Ijitoak bezala. Duela 25 urte Borda Berri artegia eta etxea egin nituen Lazkaon eta ordutik hemen bizi izan naiz eta hemen lan egin dut», laburtu du. «Artegian bi gela ditugu eta langileak hemen lan egiten du. Umeak egiteko orduan guk ere hemen l0 egiten dugu», gehitu du semeak.
Esne saltzailea
Garai batean esne salmentatik bizi zen gehienbat. «Esnea saltzen nuen, mamia egiteko, Ordizian. Sekulako jende ilarak nituen. Eres más famoso que la Chelito, esaten zidaten. Gazta mendian bakarrik egiten nuen. Behean ez nuen gazta egiteko tokirik. Maiatzean mendira igotzen nintzen eta hilabete eta erdian edo gazta egiten nuen. 300 bat gazta egiten nituen. Ordutik hona gauzak asko aldatu dira. Hobekuntza genetikoa dela eta, ardiek esne gehiago ematen dute eta gazta gehiago egiten dugu», azaldu du Ixidrok.
Borda Berri artegia egin zuenetik, etxean ere gazta egiten du. Duela urte batzuk semeak erreleboa hartu zuen. «Orain morroia naiz», dio txantxetan. Semea oso gaztea zen gaztandegiaren ardura hartu zuenean. «16 urterekin eskola utzi nuen eta Oñatira joan nintzen, Artzain Eskolara. Han sei hilabeteko ikastaroa egin ondoren, lanean hasi nintzen. Lehen bi urteak aitari laguntzen eman nituen eta 18 urterekin ni hasi nintzen gazta egiten. Aurtengoa bosgarren urtea dut», azaldu du Lazkaoko artzain gazteak.
Hiru anai-arreba dira eta beste biek etxetik kanpo lan egiten dute. «Anaiak 25 urte ditu eta arrebak 27 egin behar ditu. Ni 2021ekoa naiz. Beraiei ere mundu hau gustatzen zaie, baina zaletasun bezala. Anaiak mekanizatu zikloa egin zuen eta fabrika batean lan egiten du. Arreba gizarte langilea da eta Gautenan lan egiten du. Donostian bizi da eta asteburuetan etortzen da».
Aitaren pausoak jarraituz
Ikerrek, berriz, oso argi zuen aitaren pausoak jarraitu nahi zituela. «Aita ia zerotik hasi zen. Artaldea bakarrik zuen. Nik, berriz, azpiegitura ere banuen. Ardura hartu nuenetik, makineria berritu dugu».
Ixidrori ilusioa egin zion Ikerrek berak hasitako bidea jarraitzea. «Horrelako instalazioa prestatu eta dena kendu beharra tristea litzateke. Baina ea lanbidea benetan gustatzen zitzaion ala bere helburua eskolara ez joatea zen galdetu nion. Lanbidea gustatzen zitzaiola esan zidan eta ikusiko genuela erantzun nion. Parranda batzuk ere egiten ditu, baina argi utzi du lanbidea gustatzen zaiola».
Omenaldia
Transmisioa bermatzeko egindako lana dela eta, omenaldia jasoko dute igandean, Idiazabalgo Gazta Egunean. Ixidrok ez dela halako ekitaldien zale, baina bertaratu egingo dela esan du. Esker oneko ageri da, baina beste batzuk ere beraiek egindakoa egin dutela gogoratu nahi du. «Etxe batzuetan anai-arrebek fabrika utzi eta gaztandegia hartu dute. Batzuei ez zaie fabrikako lana gustatzen. Nahiago dute gure lanean dagoen askatasuna».
Hori da artzain lanetik gehien estimatzen dutena. «Hau oso lotua da, baina ez duzu fitxatu beharrik. Norberak bere lanaren kontrola eramatea gauza ona da. Gainera, gure lana fabrikakoa baino osasuntsuagoa da: mendian lan egiten dugu, lasaitasun handiagoa dugu…», aipatu dute aita-semeek.
Artegia Lazkaoko erdigunetik oso gertu dute eta maiatzaren amaieran Aralarrera igotzen dira. «Han ere gazta pixka bat egiten dugu. 800 bat pieza. Urteren batean 1.000 egin ditugu. Pista egin ziguten eta hemendik txabolara
17 kilometro ditugu. Lantegira joateko kilometro gehiago egiten dituztenak izango dira. Hori bai, gurea pista da eta poliki joan behar da. Hiru ordu laurden behar ditugu txabolara igotzeko. Gazta egiteko garaian, txabolan lo egiten dugu».
Urria erdialdean Aralarretik Lazkaora jaisten dira. «Pilarika aurreko edo ondorengo larunbatean jaisten gara. Azaroan umeak egiten hasten dira eta aurretik ondo elikatu behar zaie», azaldu dute Ixidrok eta Ikerrek.
Gaztak aitaren izena izaten jarraituko du
Etorkizuna ondo ikusten dute Sukiatarrek. «Pentsua eta lastoa asko garestitu dira, baina lursailak eta artegia ditugu eta ondo saltzen dugu. Semeak gazta ona egiten du eta bezero oso onak ditugu. Ez dugu azoketara joan beharrik. Etxera jende asko etortzen da.
Izan ere, kaletik kilometro batera gaude: gaur egun ez dago inor autorik gabe eta oinez ere etorri daitezke. Getariako Kaia-Kaipe jatetxekoak ere gazta bila etortzen dira. Eta dendetan eta harategietan ere saltzen dugu».
Ixidro gaztak ospea hartu zuen eta esplotazioa Ikerren izenean jarri zuten arren, gaztaren izena ez zuten aldatu. «John Deerekoei ez zaie traktoreak gorriz margotzea komeni eta guri ez zaigu gaztari izena aldatzea komeni. Etiketan Ikerren argazkia ageri da, baina Ixidro Gazta jartzen du».