Bihar jokatuko den 81. Lazkaoko Proba txirrindularitza lasterketak historia luzea du. Ia mendebetekoa. 1929an egin zen aurreneko karrera, antolakuntzaren palmaresak dioenez Jose Baztarrikak irabazitakoa. Gerra piztu arte, urtero egin zela dio zerrenda berak. Esku artean dugun 1936ko Lazkaoko Probaren araudiak, ordea, urte horretakoa hirugarrena izan zela dio. 1936ko maiatzaren 3an jokatu zen, igandearekin.
Lazkaoko Txirrindularitza Batzordeak antolatu zuen proba, Club Deportivo Ordizia elkartearen laguntza teknikoarekin. Estatu mailara zabalik zegoen izen ematea, eta UVE Union Velocipeda Españolaren –geroagoko federazioa– lizentzia zeukaten txirrindulari berrientzat zen («corredores principiantes» dio araudian).
Lazkaotik abiatu, eta Ordiziatik Itsasondo eta Legorretan behera Tolosara iritsi ziren. Oria ibaiari jarraituz Irura eta Villabona zeharkatu, eta Andazarraten gora Aiara igo ziren. Zarautzera jaitsi, Getaria eta Zumaia kostalde ertzetik pasatu, eta Zestoatik Azpeitiara itzuli ziren; bigarren mendatea Bidania izan zuten, Errezildik gora. Albizturdik Alegiara jaitsi, Legorretan, Itsasondon eta Ordizian gora etorri, Lazkaotik igaro, Olaberria igo eta Beasaindik atzera Lazkaora buelta. Azken bira Ataundik egin zuten, Kaxetan biratuta, Lazkaon amaitzeko: 149 kilometroko etapa puska. Goizeko 08:00etan abiatu ziren.
Izena Lazkaon edo Ordizian Ricardo Monteroren dendan eman zitekeen, 2 pezeta ordainduta (pezeta bat dortsala itzulitakoan berreskuratzekotan).
Inolako laguntzarik gabe
Txirrindularitzaren hastapenak ziren, eta kirol gordinak zeukan lehentasuna, bakoitzaren ahalmenek. Hala, araudian propio debekatu zuen txirrindulariek entrenatzailerik edo laguntzailerik izaterik; txirrindulariek euren artean ere elkarri ezingo zioten lagundu, eta, are gutxiago, kanpokoen laguntza jaso. Ibilgailuak ere debekatuta zeuden, antolakuntzarenak izan ezik. «Txirrindulariek ibilbide osoa txirrindua eskuetatik askatu gabe egin beharko dute, baita oinez igo beharreko aldapetan ere».
Ordainetan, saritan ez ziren muxin ibili. Diru sari ondrosoak jarri zituzten: lehenak 250 pezeta, bigarrenak 150, hirugarrenak 100… Hamargarrenera arte. Batzordea E. Larrañagak, J. Vitoriak, B. Intsaustik eta M. Erauskinek osatu zuten; presidentea J. Gervais zen, Euskal Komite Erregionaleko burua.
Federico Ezkerra bizkaitar profesionalak irabazi zuen (4:29:55 ordu). Alejandro Martinez (2:55era) eta Justiniano Andiarena (d.b.) gero. Urte hartan, Beasaingo Loinatz Proban eta Tourrean etapa batean ere nagusitu zen Ezkerra.