Xabin Fernandez Zubeldia • Aktorea
Duela egun batzuk Ordiziako Oianguren institutuan egoteko aukera izan nuen. Nire institutuan. Bai bai; Ordiziakoa, nire institutua da. Eta 20 urte geroago, berriz sartu naiz barrura.
Zentruko aparkalekuan kotxe bakarra. Garbitzaileena omen da. Ez dago ikaslerik. Ezta irakaslerik ere. Atea gurutzatu orduko piztu da irribarrea nire ezpainetan. Hemengo bulegoan, sartu eta segituan, Vicky egoten zen. Latineko irakaslea. Erretiroa hartu berri duela jakin dut. Harekin Atenasera egindako bidaia gogoratu dut. Eta apur bat aurrerago, kontserjearen leihotxoa.
Gauzak ez dira gehiegi aldatu. Beheko solairuko ate batzuk berriak izan arren, edota kafe makina lekuz aldatu bada ere, adreiluzko pareta gorriskek ez dute zalantzarako betarik uzten. Eskua luzatu dut hormara, eta haren kontaktua galdu gabe egin ditut pauso batzuk pasiluan barrena. Isil dago dena. Baina hala ere, adreilu haietako bakoitzak badarama barruan denoi ezaguna egiten zaigun zurrunbilo soinu bat. Ikusten ez diren arren, erlauntzaren barnean sumatzen diren intsektuen bozen tankeran; edota itsasoko karrakela erraldoi horietako baten oskola belarri ondora gerturatzen dugunean iristen zaigun fereka horren antzera. Institutuko murruek ere badute beren melodia. Eskolaren oskola; eta erlauntzaren gelaskak.
Melodia gris horretatik soinu eta ahots ezberdinak sakabanatzen saiatu naiz. Eta nire ikaskidetako batzuk etorri dira oroimenera. Legorretatik nirekin joana zen Zelai, Ordiziako Elena, Gaintzako Pedromari edo Zaldibiko Nerea, besteak beste. Badirudi bat-batean nire oroitzapenak urtzen hasi direla, urteetan fosilizatuta egon eta gero.
Irakasleak ere etorri dira nire oroimeneko festa pribatura: Ataungo Josune, nire kuttuna: «Señorito, zure lekura». Edo Ibarrako Jaione; Ordiziako Ana, Jonbi eta Trini. Ikasle ginen garaian ezinezkotzat hartuko genuen arren, sekulako besarkadak emateko gogoak izaten ditut berauek kaletik topatzen ditudan bakoitzean. Betirako izango dira hauek ere nireak, eraikina bera bezala.
Ez dizuet gezurrik esango. Han bizitako momentu txar bat baino gehiago ere usaindu dut Oiangurenera egindako bisitan. Nerabezaro malkartsu hartan gertatutakoak izan ditut noski bueltaka. Baina jada ez dago odol bustirik. Denborarekin itxita geratu diren orbainak baino ez.
Gaur ez dut eskerrak eman beste eginkizunik. Gure institutuan, nirean, alboan izan diren pertsona guzti horiei. Oiangureneko hormetako adreiluetan itsatsita geratu den ahots bakoitzari. Eta eskola publikoak eztia ematen jarrai dezan egunero lanean ari diren erleei.
Urteurren eta ospakizun garaia da. Eskerrak emateko momentua. Egindakoa, jasotakoa eta bizitakoa presente izateko unea. Eskerrik asko Oianguren, 20 urteren ondoren, barrura sartzen uzteagatik. Publikoa aI do!