Aloña Galarraga Lekuona • Idiazabal
Jolas-tokia: Jolas-tokia haurrentzat propio diseinatu eta eraikitako gune bat da. Jolasa: Jolasa gizakiaren berezko jarduera da. Oso kontzeptu aberatsa, zabala, aldakorra eta kategorizazio zaila duena da.
Tokia, lekua, patioa? Orubea. Egunerokoan tarra-tarra erabiltzen dugun hitza da ordea patioa, eskolako jolas-tokiari erreferentzia egiteko. Patioa etxeetako barne barruti ez estalia da. Hitza gaztelaniazko mailegua da. Aukeran beraz hobe jolas-tokia deitzea.
Eskolako jolas-tokiak oroitzapen eta sentimendu andana sorrarazten dit. Eskolan igarotzen zen tarte hori askorentzat hoberena zen eta gaur ere halaxe da. Jolas asko egiten genuen baina, bat aipatzekotan «dolar edo inka» izenekoa datorkit gogora. Lagun artean aipatzen dugun bakoitzean… zur eta lur geratzen gara elkarri begira.
Nola onartu zitekeen horrelako jolas bat? Bakoitzak inguratu behar zuen burdinezko ziri edo barilla bat. Izan ferralla, destornilladore… zeinek baino zeinek zorrotzagoa. Lurrean bi metro luze eta metro bat zabaleko eremu bat garbitzen genuen gutxi gorabehera. Geroz eta lokatz gune bigunagoa hobe, hare lurrak ez ziren egokiak. Eremuak markatu eta aldiko laukitxo batean sartu behar zen ziri hori. Ba omen ziren hankan sartutakoak ere! Ez da harritzekoa. Baina ze gustura!
Belardia
Orain tenis kanpoa dagoen horretan, belardia, belarrez, lorez, kirkilez, zizarez… betea. Belardiaren erdian kaseta txuri txiki bat. Eguraldia irakurtzeko omen zen. Ibiliz ulertu genuen «plubiometroak» zertarako balio zuen, tenperatura eta hezetasuna ere neurtu genitzakeela…
Garaiak aldatu egin dira, baina haurrak haur izaten jarraitzen du eta sentitu, pentsatu eta ekiteko aukera ematen duten testuinguruak behar dituzte.
Zorionez, esku artean dugun asmoa, Idiazabalgo eskolako jolas-tokia gutxi-gehiago lehengoratzea da. Berdegunea berreskuratu, jolasteko askotariko aukerak eskaintzen dituzten guneak sortu. Elkarrekin egoteko, askatasunez mugitzeko… eta inklusioa modu osasuntsuan bermatu ahal izateko eskola ataria eraldatzera goaz.
Eskutik goaz
Asmo honetan eskola komunitatea, udal taldea eta herritarrak eskutik goaz. Orain, Hiritik At izeneko talde bat buru belarri ari da lanean, guztion iritziak jasoz eta parte hartze prozesua bideratuz. Zuk ere parte hartu nahi baduzu eskolara edo udalera gertura zaitezke.
Gero etorriko dira proiektua eta gainerakoak. Beste eskola batzuetan auzo lanean ere egin omen dituzte zenbait lan. Elkarrekin gehiago eta hobeto egiten baita!