Apirila iritsi eta Goierrin ez du etenik jaiak. Aurtengoan, gainera, oso jarraian egokitu dira guztiak eta goierritar gazteek ez dute aspertzeko tarterik izan. Apirilaren 30ean izan zuten egun handia Lazkaon, eta Legazpin ere iada festetan murgilduta zeuden ordurako herritarrak. Gaurkoan, legorretarren eta beasaindarren txanda da. Lau herri, lau jai eta deskantsurik ez.
Gazteak aritu dira jo ta su jai hauen guztien antolakuntzan. Lazkaotarrei dagokienez, balorazio «ona» egin dute Lazkaoko Txoznako kideek. Jaiak «lasai» eta «ezustekorik» gabe pasa dituzte eta egun «bikainak» izan direla aipatu dute. Une berezienen inguruan galdetuta, lazkaotarrek argi dute «Oihana Beganaren» showa izan zela jaietako une bereziena, herriko gazte asko bildu baitziren bertan ikuskizunaz gozatzeko. Legazpiarrek, berriz, oraindik joan den asteburuko «aje emozionalarekin» jarraitzen dute, baina orokorrean jaien antolakuntza eta jaiak «arazorik gabe» pasa dituzte. «Jende ugari» ibili da jaietan.
Orain legorretarren eta beasaindarren txanda iritsi da eta hauek «festa gogoz» daude iada, «azken prestaketak» amaitzen. Beasaindarrek ezin izan dute itxaron jaien hasiera “ofizial” horretara eta urtero legez, txoznagunean «ansioso eguna» delakoa ospatu zuten, pare bat kontzertu akustikorekin eta giro «goxoan». Legorretarrak iada festan murgilduta daude asteazkenaz geroztik. Asteazkenean bota zuten suziria eta lehertu zen jaia Legorretan. Bertako gazteen arabera, urte osoan zehar «itxaroten» duten unea da jaietako leherketa txiki hori, eta horren ondoren, herriak «beste giro bat» hartzen du.
Goierritarrak oholtzan
Egitarau oparoak dituzte bi herrietan. Beasainen egunero izango da goierritarren bat oholtza gainean, urteroko «apustua» izan ohi baita egunero tokia ematea eskualdeko musikari gazteei. Ostegunean Sheldon’s Brothers hirukote beasaindarra izango da txoznagunean, doinu akustikoekin giroa «goxatzen». Ostiralean, berriz, oi! taldeen txanda izaten da normalean eta aurten ez da salbuespena izan. Iltze, Aurrez Aurre eta Bake Faltsua talde beasaindarrak eta ordiziarra, hurrenez hurren, izango dira txozna «hankaz gora jartzen» doinu. Larunbatean, DJ Tintz zumarragarra izango da gauari itxiera emanez. Astelehenean, kuadrillen egunean, Joseto ta Alayak elektrotxarangak girotuko ditu Beasaingo kaleak. Maiatzaren 17an, ostiralean, Gilda talde beasaindarra izango da, rock doinuez herria berotzen; eta azkenik, herrian horren kuttuna duten eta Loinatz Jaiak izeneko abestia kaleratu berri duen Muxutruk Erromeria izango da jaietako azken egunean. Herria mozorroz jantziko da erromeri doinuekin dantza egiteko. Horrez gain, itxiera emango dieten DJ Lyma ere eskualdekoak ditugu, legorretarrak, hain zuzen ere eta hauek, Beasaingo jaiei itxiera emateaz gain, Legorretakoei hasiera ere eman zieten. Azkenean «haiek irekiko eta itxiko dituzte datozen aste hauetako jaiak». «Ondo pasatzeko eta lan egiteko» prest daude beasaindarrak.
DJ Lyma gaztetxeko oholtzan
Legorretan, aipatu bezala, Azintzio jaietarako egitarau zabala antolatu dute herrian eta baita gaztetxean ere. Aurrez esan bezala, maiatzaren 8an DJ Lyma legorretarrak izan ziren Gazte Piku gaztetxeko oholtzan, antolatzaileen arabera, «une polita» izan zena, herriko gazteei oholtza eskaintzea beti ikusten baitute «beharrezkoa». Bestalde, plazan zenbait erromeri eta dj izango dituzte, urtero legez, baita dastaketa eta lehiaketak ere. «Gogotsu» hartu dituzte aurtengo jaiak ere eta datozen egunetan ere «ondo pasatzeko asmoz» daude Legorretako gazteak.
Legorretarrek zein beasaindarrek eraso matxisten aurrean protokoloak izango direla argitu dute. Jai guneetan izango dira erasoren bat jasanez gero jarraitu beharreko argibideak azaltzeko. «Erasotzaileak jai guneetatik eta haien herrietatik kanpo» nahi dituztela aldarrikatu dute eta horretara bidean «lanean» jarraituko dutela.