Joxe Ramon Agirre ‘Marron’ mendizale ataundarra da Goierritik munduko mendietara joan direnei bidea ireki zienetako bat.
Inguruko mendiak utzi eta noiz hasi zinen goi mendietara joaten?
Aiakoa naiz, aitarekin Aralarerra joaten ginen. Mendian hazitakoa naiz. 18 urterekin hasi ginen Marokora edo Alpeetara joaten. Kotxerik ez neukan nik baina lagun batek 850 bat zeukan eta Alpeetara joan ginen. Marokora ere bai 19 urterekin. 18 urterekin Pirinioetan ere bagenbiltzan. Aurretik ere baziren Goierrin Pirinioetara joaten zirenak. 10 urte aurretik hasita zegoen. Eskalatzen ere hasita zeuden. 1982an lehen espedizioa egin genuen Perura, Benantxio Iruretarekin.
Pirinioetan zein menditara joan zineten lehenengo aldian?
Astebetean Aneto, Posets eta Perdido igo genituen. Bidaia aprobetxatu beharra zegoen, eta sasoia ere bagenuen.
Gaur egungo materialik ez zen izango.
Gogoratzen naiz lehenengo oinetako dezenteak Lazkaon erosi nituela, Lasa oinetako dendan, 17 urterekin. Dirurik ere ez neukan artean. Uda batean igeltsero ibili nintzen diru pixka bat ateratzeko eta haien xoxakin botak erosi nituen. Eta hurrengo hilean, argazki makina erosi nuen. Soldata oso-osoa argazkiak egiteko makina erosteko erabili nuen. 32.000 pezeta. Amak esan zidan: «Burutik jota hago». Canon A1 zen.
Non erosi zenuen?
Iruñean, autobusean joanda. Begiz jota neukan, erakusleiho batean ikusita.
Himalaiara joatea beste urrats bat izango zen. Noiz joan zineten lehen aldiz?
1987an, Annapurna IV-era. 1986an azpeitiarrak Annapurna II-ra joan ziren eta haiei informazioa eskatu genien. 10 urte lehenago Martin Zabaleta-eta Everest eginda zeuden.
Nortzuk joan zineten?
Ataungo Mitxel Auzmendi eta biok. Pirinioetara joango bagina bezala joan ginen, motxila eta pioletak hartuta. Parisera joan ginen eta hegazkinera piolet-eta guzti sartu ginen. ‘Nora zoazte!’, galdetu ziguten. Pioletak kendu egin zizkiguten eta desagertu egin ziren. Katmandun erosi genituen berriak. Eguraldi oso txarra izan genuen. Irail batean joan ginen. Bi elur jausi jasan genituen, bata bestearen atzetik. Ez dakit bizirik nola atera ginen. Elur batean zulo bat egin genuen eta gaua han pasatu genuen. Toki batean janaria utzi genuen gordeta, eta hura ere elurrak eraman zuen. Hiru egun janik gabe egon ginen.
A ze estreinaldia!
Gogoratzen naiz, motxilaren azpian starlux pastilla bat aurkitu nuela. Txikitu eta hura jan nuen. Gorakoan ikusi genuen kobazulo batean bizi zen emakume bat, eta patatak brasan jarri zizkigun.
1992an Kanchenjunga (8.450 m.) Goierriko espedizioan parte hartu zenuen.
Zenbat kamiseta saldu genituen! Ordiziako festetan txosna ere jarri genuen. Mikel Saez de Urabain, Imanol Lasa, Jon Lasa… joan ginen. Karni trekkinga egitera joan zen… Kanchenjungara gindoazela, Gasteizko talde batekin topo egin genuen igogailuan eta galdetu zidaten ea hurrengo urtean beraiekin joango nintzen Everestera. Espedizioa ordainduta neukala. Baiezkoa esan nion berehala. 1993an Everestera joan nintzen.
Zenbat zortzi milako dauzkazu eginda?
Gailurrak lau: Everest, Cho Oyu, Broad Peak eta Gashebrum II. Gashebrum I-ean 150 metrora gelditu nintzen. Beste gai bat da hori: bizitzan zehar interpretatu behar den zerbait da. Hau da: Txindokira abiatu baldin zara, askotan mila arrazoiengatik, Muitzeko lepoan geratzen zara. Baina bitarte horretako esperientziak asko balio du. Hau da: agian 8.000 metrora igotzen zara baina ez duzu gailurrik egin, eta geratu zara 100 metrora. Baina bitarte horretan egin duzun ahalegin guztia, bizi duzun esperientzia guztia… Askotan esaten dut, helburua bezain inportantea da bidea. Bizitzan ere horrela da. Zortzimilakoen bilduma egiten baduzu horrek ez du balio, gailurra egin behar duzu. Hori horrela da.
Parapentearekin igo zinen Everestera.
Kanchenjungara ere bai. Hegaldi politenetako bat izan zen gainera. Ia 8.000 metrora ibili nintzen. Everestera eraman nuen baina ez nuen lortu hegan egitea.
Zazpi kontinenteetako gailurrik altuenak ere igota dauzkazu… Mendiari esker makina bat toki eta jende ezagutuko zenuen.
Beti gustatu izan zait mendia eta gizakia lotzea, mendia eta bertako kultura lotzea.
Kamera beti gainean duzula.
Beti. Diapositibekin muntaiak egiten nituen. Dokumentalak ere egin ditut.
Beti puntarik punta ibili zara. Oraindik jarraitzen duzu?
Beti jarraitu izan dut mendia egiten. Pakistanera joaten naiz askotan, mendiko gida bezala. Trekking bat dago eta aurten ere banoa. Madrilgo agentzia batekin aritzen naiz. Mongoliara ere askotan joan naiz taldeekin. Nepalera maiz joaten naiz. Herri txiki batean proiektu bat egiten ari naiz. Ospitalean eguzki panelak jartzen aritu naiz eta orain uraren bonbeoarekin ari gara. Lortu dut Tolosako enpresa gizon batekin diru iturri bat. Proiektua diseinatzen ari naiz.