Euskal Mendi Federazioak 100 urte beteko ditu aurten, maiatzaren 18an. Elgetan egin zuten sorrera ekitaldia, eta bertan Goierriko mendizaleak ere izan ziren, Beasaingo eta Zumarragako elkarteek ordezkatuta. Ehun urte eta gero, mendizaletasunak bizirik jarraitzen du.
Mendizaletasuna euskaldunen geneetako bat dela esan daiteke. Ia etxe guztietan daude botak, motxila, kantinplora, makila… mendira txangoa egiteko prest. Mendizaletasuna oso hedatuta dago, eta horretan asko laguntzen du Euskal Herriko orografiak, tamaina handiko, ertaineko eta txikiko mendiz beteta dagoelako, baina kulturala ere bada neurri handi batean.
Garai batean, mendia lanarekin zegoen lotuta, abeltzaintza, basogintza edo ehiza tarteko, baina XX. mendearen hasieran, mendira hurbiltzeko beste bide batzuk zabaltzen hasi ziren pixkanaka, aisialdia eta kirola uztartuz. Orduan joan ziren sortzen mendi elkarteak, eta orduan jaio zen, baita ere, horiek bilduko zituen euskal federazioa. Ehun urte igaro dira ordutik.
Euskal mendi federazioa 1924ko maiatzaren 18an sortu zen Elgetan, Federacion Vasco-Navarra de Alpinismo izenpean, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 60-bat mendi elkartek bultzatuta. Haietatik 23 ziren Gipuzkoakoak, eta horien artean, bi, Goierrikoak: Beasain Kirol Elkartea eta Zumarraga Futbol Elkartea.
Beasaingo eta Zumarragako mendizaleen partaidetzarekin, beraz, Goierrik ere izan zuen lekua federazioaren sorreran. Bi herri horietako mendizaletasunaren historia jasota dute Martin Garciak eta Jon Mikel Intxaustik, Garciak Beasaingoa eta Intxaustik Zumarragakoa, eta hedaduraz, baita Urretxukoa ere. Bi historia horiek Euskal Herriko mendizaletasunaren historiarekin paraleloan joan dira.
Goierriko mendi elkarteen sorrera
Beasaingo Paperak bildumaren 2018ko liburuan du jasota Garciak Beasaingo mendizaletasun antolatuaren historia, Beasain 1920-1970, garai bateko mendi oharrak izenburupean. Aurtengo udazkenean argitaratuko ditu 1970etik aurrerakoak, Patxi Elorzarekin batera. Beasaingo Paperen 32. alea izango da.
Garciak 1920eko hamarkadan kokatzen du mendiarekin lotutako jardueraren sorrera Beasainen, hau da, federazioa sortu aurretik, eta aipatzen ditu bi mugarri: Senpere Kirol Elkarteak 1919. urterako eginda zituen mendi irteera kolektibo batzuk Larraitzera, eta Murumendira 1922an egindako lehen taldekako mendi irteera. Euskal Herrian garai hartan hasi zen kiroltzat hartzen mendira joatea, eta jarduera hura toki askotan futbol klubek bultzatzen zuten. Beasainen, Beasaingo Futbol Kluba eta Joko Kasinoa bat eginda zeuden garai hartarako, eta handik sortu zen mendi taldea, dagoeneko bultzatzen zituen futbola, pilota eta txirrindularitzari mendi txangoak gehituz. Hala, bertan antolatu zuten, lehen aipatutako Murumendiko irteera 1922an, hamar urte lehenago euskal mendizaletasunaren aitzindari izan zen Bilboko arrastoari segika.
Hain zuzen, Bilbon eta inguruan sortu ziren lehen mendi elkarteak ere, eta mendira joateak zituen onurak goraipatu zituzten lehen aldiz haien leloetan, «aire garbiak eragindako osasuna, naturarekiko harremana edota onura fisikoa», besteak beste.
Zumarragako mendizaleen elkartearen sorrera ere garai beretsukoa da Jon Mikel Intxaustik azaldu zuenez, gaurko Ostadar mendi elkartearen 25. urteurrenaren harira jaso zituen datuetan, eta federazioaren sorreran egon izana da horren adierazle. Hemen ere, herriko futbol elkartearen babesean hasi zen garatzen jarduera hori. Elkarte horrek bere indarra zuen, nonbait, federazioan, hori sortu eta hurrengo urtean Zumarragan bildu zelako haren zuzendaritza batzordea osoko bilkura egiteko, 1925ko martxoaren 22an. Urte haren amaieran, elkarteko mendi sailak 23 bazkide federatu zituen.
Gutxira, mendi elkarte gehiago joan ziren sortzen Zumarraga eta Urretxu artean, 1952an, ia Gipuzkoa osoan bezala mendizaletasunaren batuta hartu zuen Oargui eratu arte: Irimo Kirol Elkartea, Goierri Sport mendi elkartea, Oidargi mendizale taldea, Lartun mendi goizale taldea, Txindoki Talde alpinoa…
Intxaustik zehaztu duenez, «politikoki eta sozialki asaldatuta» zegoen Euskal Herriaren eta Espainiaren historiako garai haietan, 1920.eko hamarkadan, mendizaletasunak gora egin zuen. «Gero, II. Errepublikarekin beherako bidea hartu zuen, eta Gerra Zibilarekin eta gerraostean areagotu zen». Oarguiren sorrerak berpiztu zuen mendizaletasuna. 1950ean sortu zuen Donostiako Elizbarrutiko Seminarioak, Obra Atletico Recreativa de Guipuzcoa izenarekin, eta garai hartan Espainian hedatzen hasita zegoen neska-mutil gazteen elkarteen mugimenduan kokatu behar da. Gipuzkoan herriz herri joan ziren sortzen haren inguruko elkarteak, mendi irteerak antolatzea jarduera nagusietako bat izan zutela. Haien ondorengoak dira gaurko mendi talde gehienak.
Mendizaletasunaren goraldian, lehen elkarte haien sorrera garaian, mendi irteerak, mendi lehiaketak, finalisten egunak eta festak, hitzaldiak eta mendi tontorretan hainbat gurutze jarri ziren. Martin Garciak azaldu duenez, orduko mendi irteera gehienak trenez egiten ziren, ez baitzegoen beste garraiobiderik. Hala, Beasainen, eta pentsa liteke Zumarragan ere berdin izango zela, trena hartu eta inguruko mendietara abiatzen ziren, Aizkorrira batez ere. Autobusetan ere hasi ziren gero, eta orduan trenbidearen lerrotik kanpo geratzen ziren beste mendi batzuetara joaten hasi ziren, urrutirago, Nafarroara bezala.
Hurrengo saltoa Pirinioak izan ziren, Alpeak ondoren … eta Aconcagua eta Himalaya ere bai. «Kotxeak genituen, diru gehiago, opor egun gehiago ere bai…» gogoratu du Alpeetan behin baino gehiagotan ibili den Garciak.
Mendizaletasunak beste dimentsio bat hartu zuen orduan, eta aisialdi jarduera baino, kirola eta lehia bihurtuta dago gaur, askorentzat behintzat, ea nork lortzen duen balentriarik handiena. Kirol proba handi asko hartzen ditu bere baitan, lasterketa, trail, maratoi edo dena delakoa dela. Batzuk hasita dira esaten galtzen ari dela «mendiaren arima eta filosofia».
Goierriko mendi taldeak
Mendizaletasuna bizirik eta oso indartsu dago Goierrin, eta horren adierazle dira herriz herri dauden mendi elkarteak,aldiro-aldiro irteera kolektiboak antolatzen dituztenak.
- Goerri. Goierriko Mendizale Beteranoak taldea.
- Ataun. Ataungo Kirol Elkartea.
- Beasain. Aizkorri Mendizale Elkartea eta Arrastaka Mendi Elkartea.
- Idiazabal. Idiazabalgo Mendi Taldea.
- Lazkao. Amalur Mendi Elkartea.
- Legazpi. Izadi Zaleak Mendi Elkartea.
- Legorreta. Aldapa Haundi, Bilkoin eta Jota Kea elkarteak.
- Ordizia. Ordiziako Mendizaleak elkartea.
- Ormaiztegi. Ormaiztegiko Kirol Elkartea.
- Segura. Segurako Kirol Elkartea.
- Urretxu-Zumarraga. Goierri Kirol Elkartea eta Ostadar Mendi Taldea.
- Zaldibia. Gailurrerantz Mendi Elkartea.
- Zegama. Amezti Mendi Elkartea.
- Zerain. Oamendi Kirol Kluba.
Zegama-Aizkorri maratoia, mendi lasterketen aitzindaria
Zegamako maratoiak ireki zien bidea mendi lasterketei Goierrin. Maratoiaren eragile nagusia izan zen Alberto Aierbek haren hastapenak 2000an kokatu ditu: «Juan Ignazio Galdos alkate zela, herria biziberritzeko Aizkorriko Lagunen Eguna antolatzea pentsatu zuen udalak Amezti mendi taldearekin eta beste lagun batzuekin, baina niri okurritu zitzaidan herrian erromeriak Arantzazura, Aizkorrira, San Adrianarera bagenituela, eta zergatik ez mendi lasterketa bat egin, Benasquen egiten zen Aneto Xtreme probaren antzekoa». Ideiak ez zuen aurrera biderik izan, baina Aierbek ibilbidearen zirriborro bat egin zuen, «nahiko zehaztua, kontrol guneekin, bidegurutzeekin…».
Aizkorriko Lagunen Eguneko lehen ibilaldia 2001eko uztaileko lehen igandean egin zuten, eta han mamitu zen azkenik Aierberen proposamena, mendi federazioko lehendakaria zen Antxon Bandresen bultzadarekin, «hura ere hasita zegoelako mendi maratoi batez hitz egiten». Lehen bilerak egin, hasierako ibilaldia osatu eta zehaztu, eta 2002ko uztailaren 7an egin zuten Zegama-Aizkorriko lehen edizioa. «Izugarrizko arrakasta izan zuen».
«Bigarren urtean Espainiako Kopan sartu gintuzten, eta hura korritzera munduko kopako zuzendaria zen Albert Balcells etorri zen. Hark gonbidatuta, munduko kopan ere sartu ginen 2004an… Gero Kilian Jornet deitzen zen korrikalari bat iritsi zen…».
Mediatikoki indar handia hartu zuen maratoiak, eta mundu osoan egin zen ezagun. «Zegamakoak mendi lasterketak zabaltzea ekarri zuen Espainia osoan. Mendia dagoen bazter guztietan, mendi lasterketa bat sortzen da. Hemen, Goierrin ere, makina bat daude».
Joxe Ramon Agirre ‘Marron’
«Beti gustatu izan zait mendia eta gizakia lotzea»